Berlinalek hasitako bideari eutsi egin dio Donostiako Zinemaldiak, irailean hasiko den edizio berrian aldaketa garrantzitsu bat egingo baitu; alegia, ez dela genero bereizketarik egingo interpretazio sarietan.
Irailaren 17tik 25era egingo den 69 edizioaren kartelen aurkezpenean egin du Jose Luis Rebordinosek, Zinemaldiko zuzendariak, iragarpen hau, «aldaketa garaia» delako. Joxean Fernandez Zuzendaritza Batzordeko kidearekin aurkeztu du gaurko ekitaldia Tabakaleran, eta han ere jaialdia bere buruari buruzko gogoetan murgilduta dagoela iragarri dute. Hau dela eta, aurki bere errentagarritasun sozial eta ekonomikoaren inguruko txostena argitaratuko dute.
«Guretzat, generoak –eraikuntza sozial eta politiko bat– antzezpenean bereizketa egiteko irizpide izateari utzi dio, eta horregatik erabaki dugu aldatzea. Epaimahaiak antzezpen txarren eta onen artean bereizi beharko du, Berlineko zinema jaialdiko gure lagunek jada hasitako bide beretik. Aldaketa garaia da, erabakiak hartzeko unea. Arretaz jarraitzen ditugu mugimendu feministaren baitan gai honi eta beste gai batzuei buruz ematen ari diren eztabaidak. Ez dugu ziurtasunik, baina aurrera egin nahi dugu, gizarte justuagoa eta berdinzaleagoa eraikitzen laguntzeko», azaldu du Rebordinosek.
Normaltasuna, baina oraindik osoa ez
Pozik iazko edizioarekin, eta aurten normaltasunaren bidean gaudela dirudien arren, oraindik pandemiaren mamua hor dago. «Ohiko edizioetatik hurbilago egotea espero dugu», aipatu du; beraz, «baikortasuna eta ilusioa» berreskuratzen saiatuko dira. Pandemiaren bilakaera nolakoa den, modu batekoa edo bestekoa izango da aurtengo edizioa. Beraz, iaz bezala, aurten ere ezingo da belodromoa erabili zinema areto erraldoi gisa, eta ez da ez inaugurazioko, ez itxierako festarik egongo.
Berreskuratuko dira 2020an zintzilikatuta gelditu zen Koreako zinemaren urrezko aroaren inguruko atzera begirakoa, hasieran aurreikusitakoak baino titulu gutxiagorekin, eta Klasikoak saila. Gainera, Nestek, zinema-ikasleen film laburren nazioarteko lehiaketak, hogei urte beteko ditu eta jarduera programa berezi bat izango du. Emanaldi gehiago eta gehieneko edukiera handituko dela espero da, eta «baita alfonbra gorriaren glamourra berreskuratu ere –aipatu duenez–. Azken batean, nahiko genuke aurtengoa, pertsona askorentzako kezka eta sufrimendu handiko urte luze baten ondoren, berriz hirira ilusioa ekarriko duen Zinemaldia izatea».
Aurtengo kartelak
Rebordinosek ez ditu aurreratu nahi izan aurten ikusiko ditugun filmen tituluak, gehienak lotuta dituztela esan duen arren, baina gaur jakin dugu zeintzuk izango diren 69 edizio berezi honetako kartelak; hau da, zeintzuk bihurtuko diren gure kaleetako ikonoak.
Sigourney Weaver aktorea izango da 69. edizioaren kartel ofizialaren protagonista. Eva Villak Estudiok diseinatuta, Juan Ugalde artistaren «eskua» du kartel honek: zuri-beltzeko argazkia brotxakada koloristekin apaindu dute, «poztasuna islatu nahi genuelako» diseinatzailearen esanetan.
Juan Ugalde, Bilboko artista –Madrilen eta Berlinen artean bizi da–, pop joerako margolari figuratibo bat da, eta bere lanak pinturaren eta argazkiaren arteko fusioa du bereizgarri.
2018an, ildo grafiko berri bat hasi zuen Zinemaldiak karteletarako: argazkia eta ilustrazioa konbinatzen ditu eta nazioarteko zinematografiako pertsona garrantzitsuak ditu protagonista. Isabelle Hupperten, Penelope Cruzen eta Willem Dafoeren ondoren, 2021ean, 69. edizioan, Sigourney Weaver agertuko da Eva Villar donostiarraren diseinuan; Matthew Brookesen argazki batetik abiatuta sortu du.
Weaverrek Donostia lehen aldiz bisitatu zuenean, debuta egin zuen zineman ‘Alien’ (1979) filmarekin. Film horrek ekarri zion fama, bada, Ripley tenientearen pertsonaia ahaztezinari esker. Zinemaldian ez zuen saririk jaso, dena den.
Harrezkero, beste bitan izan da Donostian aktorea. Sail Ofizialean aurkeztu zituen jada nazioarteko izar bihurtuta ‘A Map of The World’ (1999) eta ‘A Monster Calls’ (2016). Azken horretan, Donostia saria jaso zuen, ibilbide osoaren aintzatespen modura.
«Liluratzen gaitu, aktore bezala asko maite dugu, eta maite dugu ere pertsona bezala eta bizitzaren aurrean duen jarreragatik. Berehala eman zigun baiezkoa. Donostiatik pozik joan zela ere bagenekien», esan du Jose Luis Rebordinosek. Weaver-ek ezin izango du Donostian egon, data horietan filme bat grabatzen ari delako, baina batek daki... zineman garai honetan gauzak egun batetik besterik aldatzen direlako.
Eva Villar diseinatzailearen hitzetan, edizio honetako kartelak egitean erabakigarria izan da egungo pandemiaren testuingurua; izan ere, hori dela eta «benetako balioetan, herritarren bizitzan giza presentziak eta kulturak duen balioan» jarri dute fokua. «Kartel hauek komunikazioak eta arteak bat egiten duten espazio bihurtu ditugu. Gure estudioan, sormen prozesua indartzea, harago joatea eta artistekin taldeak sortzea gustatzen zaigu, proiektuak horretarako bide ematen badu», gehitu du Villarrek.
Gaurtik aurrera, Z365, urte osoko Zinemaldiaren apustua, webgunean jasoko da. Wegunean sartzean, erabiltzaileak bi aukera izango ditu: edo irailean egiten den edizioari buruzko edukietara sartzea, edo Donostia Zinemaldiak gainerako hilabeteetan antolatzen dituen jarduerak jasotzen dituen atal berri batean nabigatzea.
Atal horretan, besteak beste, hauen berri emango da: Zinemaldia + Plusen emanaldiak, Zinemaldia 70. Historia posible guztiak proiektuaren ikerketak eta programak, Tabakaleraren ekosistemako beste erakunde batzuekin elkarlanean editatutako argitalpenak eta deialdiak, esaterako, Ikusmira Berriak egonaldi programarenak.