NAIZ

Uztailaren 2an hasiko da EuskarAbentura 2021, covid-19ak baldintzatuta

Uztailaren 2an hasiko den edizioa «berezia» izango da, izan ere EuskarAbentura 2021ek kanpaldi formatua izango du, bi txandatan banatuko da eta bakoitza bi kanpamentu basetan kokatuko da. 120 gaztek parte hartuko dute.

EuskaraBenturaren 2018ko edizioaren argazkia. (June PRIETO/FOKU)
EuskaraBenturaren 2018ko edizioaren argazkia. (June PRIETO/FOKU)

Hamar egun baino gutxiago falta dira EuskarAbentura 2021 hasteko. Aurten Done Jakue bideak jarraitzeari utzi eta kanpalekuetan antolatuko da Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 16-17 urte bitarteko 120 neska-mutil euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera eramango dituen oinezko espedizioa.

Ohar batean azaldu dutenez, edizioa «berezia izango da», covid-19ak baldintzatutako  baitu. Hala, EuskarAbentura 2021ek kanpaldi formatua izango du, bi txandatan banatuko da. Bakoitza bi kanpamentu basetan kokatuko da eta haietako bakoitza, gainera, lurralde ezberdin batean.

Lehen txanda uztailaren 2an hasiko da eta hamaikan bukatu. Bigarrena, 16an hasi eta hogeita bostean amaituko da. Ibiltaria izango ez den arren, gazteek Euskal Herriko txoko ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute. Lehen txanda Zokoan eta Lekarozen gauzatuko da, eta bigarren txandako gazteek Bidania- Goiatzen eta Aulestin pasako dituzte beraien egunak.

«Urtero bezala, Kike Amonarrizen eta Asisko Urmenetaren eskutik izango ditugun hitzaldi eta azalpenez gain, era eta eduki anitzeko mintegi, tailer eta ekimenek aberastuko dute abentura», adierazi dute EuskarAbenturaren arduradunek. Diotenez, «hainbat esparrutako profesionalak aldiro-aldiro batuko dira espediziora gazteekin ordu batzuk konpartitu eta askotariko jakintzak elkar trukatzeko».

Espediziora joateko aukera izan ez dutenek modu ezberdinetan abentura jarraitzeko aukera izango dute: sare sozialen bidez, @euskarabentura kontua jarraituta Facebook, Twitter eta Instagramen; internet bidez, euskarabentura.eus web orrialdean; eta EuskarAbentura-ren App-aren bidez. Plataforma hauetara egunero egunero igoko dira edukiak argazkiak, bideoak eta testigantzak.

Gazte euskaldunen sare berri bat

Errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko nahiz kultural ezberdineko neska-mutilak nahastu eta, hilabetez, Euskal Herria zentzu zabalean ezagutzera eramango dituen esperientzia ahaztezin hau euskaraz bizi dezaten nahi du EuskarAbentura ekimenak; «eta sortutako harremanek espediziotik harago ere iraun dezaten».

«Hori honela, gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea da EuskarAbenturaren helburu nagusietako bat, gazte euskaldunen sare berri bat sortzearekin eta Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalekin bermatzearekin batera», nabarmendu dute.

Eta, beraien esanetan, «esperientzia bizitzeak badakar, berez eta izatez, hainbat balore, jarrera eta gaitasunen lanketa: parekidetasuna, bizikidetza, ardura, autonomia, ingurumenarekiko begirunea eta turismo eredu jasa».

Genero berdintasuna sustatze aldera eta konpromiso hori hartuta, emakumeen ahalduntzea bideratzeko eta desberdinkeriak ezabatzeko metodologia parte-hartzailea eta ardura banaketa parekidea gauzatuko dute Familia Urdinaren baitan.

«Eta hori bera proiektatuko dute jzioquitarrengan ere: rol tradizional hegemonikoen apurketa bilatuko dute jardueretan, honen inguruko hausnarketa sustatuko dute eta feminismoa ardatz izango duen mintegi bat ere proposatuko diete», gaineratu dute.

Zaborren kudeaketari dagokionez, EuskarAbentura espedizioaren filosofiari jarraiki, espedizioan zehar ahalik eta zabor gutxien sortzeko neurriak hartuko dituzte. Horretarako, Hondakiken Kudeaketaren Hierarkian ezarritako lehentasunak betetzea finkatu dute helburu gisa.