Udari ongi etorria emango diote gaur Bilboko hainbat auzotan. Covid-19aren krisiak eragindako osasun murrizketen ondorioz, Bilboko Udalak bertan behera utzi zituen duela astebete urtero auzoetako jai batzordeek prestatzen dituzten su tradizionalen piztea. Baina, hala ere, hainbat ekimen soziokultural antolatu dituzte.
Matiko eta Uribarrin aurreko asteburuan hasi ziren udari ongi etorria ematen hainbat kontzertu eta antzerkiekin. Asteazken honetan jai herrikoien aldeko kalejira egingo dute Eskoletako landatik 19.00etan, eta ondoren Frutas Manuelaren saskiaren zozketa egingo dute. Bihurri Hitza elkarte kulturala, Aldapan Gora kultur koordinakundea eta Auzotarrok taldeek antolatu dute egitaraua.
Abusun ere aste osoko egitaraua antolatu dute jai batzordeak eta Auzotarrok elkarteak. Gaur ‘Su mozorratua’ performance teatrala egingo dute 20.30etan auzoko antzerkian.
Bilbo Zaharrean txokolatada egongo da 18.00tik aurrera plazan, eta 19.00etan Mihailovic & Abi F.-k musika emanaldia eskainiko dute.
Zorrotzan dantza emanaldia eskainiko du Ibai-arte dantza taldeak 21.00etan frontoian. 20.30ean zabalduko dira ateak, edukiera bete arte.
Deustun umeentzako ipuin kontalaria, Bihotz Alai taldearen dantza ekitaldia eta Indai-ren kontzertua aurreikusita zeuden egitarauan, baina euria eta espazio estali baten falta dela eta, bertan behera geratuko dira ekimen batzuk.
San juan gaua eltzear dago eta auzoak giroa berotzen hasi dira @aldapangora #Abusukojaiaba #suasua #sorginak #sanjuanak pic.twitter.com/wso4pV1KOF pic.twitter.com/njlaIuAFIt
— Auzotarrok (@auzotarrok) June 21, 2021
Bilboko Konpartsek Etxebarria Parkean ospatuko dute 2021eko San Juan gaua. 22.00etan hasita, Hortzmuga Teatroa eta Lekeitioko Deabruak taldeekin, antzezlan musikatua egingo dute. Aforoa mugatua denez, izena eman behar da aldez aurretik.