Etxerat elkarteak txio baten bidez aditzera eman duenez, Didier Aguerre zuberotarra Lannemezango espetxetik atera da Estatu frantseseko espetxeetan hogei urte eman ostean.
2001eko irailaren 23an Akizen atxilotu zuen Polizia frantsesak Didier Aguerre, Alberto Ilundainekin batera. Operazio berean Asier Oiarzaba, Oihane Errazkin eta Lola Lopez Resina ere atxilotuak izan ziren. 2006an epaitu zuten Pagolako presoa, beste 14 kiderekin batera ETArekin lotura zutelakoan, eta 18 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Horrez gain jaso zituen beste epai batzuen ondorioz denbora gehiago egin du espetxean Aguerrek, eta ekainaren 24an geratu da aske, 20 urte espetxean egin ostean.
Aurrez, 1997. urtean atxilotua izan zen Aguerre. Senpere eta Irisarriko komisarien kontrako erasoekin lotu zuen Polizia frantsesak, baina baldintzapean aske geratu ostean ez zen epaiketara agertu eta epaileak hiru urteko espetxe zigorra ezarri zion.
Didier Aguerre aske geratu ostean, 24 dira Estatu frantsesean oraindik preso diren euskal herritarrak. Lau emakume Reau Sur Francilien eta Renneseko espetxeetan dira, Euskal Herritik 800 kilometro baino gehiagora, eta gizonen kasuan, Muret, Lannemezan eta Mont de Marsango espetxeetan daude euskal presoak. Horrez gain, Josu Urrutikoetxea etxeko atxiloaldian da Parisen.
Hain zuzen ere, pasa den apirilaren 30ean geratu zen aske Ipar Euskal Herriko beste preso bat. Lorentxa Beyrie kanbotarrak ia 20 urte egin zituen espetxean Estatu frantsesean 2001eko abenduan atxilotua izan ostean.