NAIZ

Egiari Zor: Lakuak omendutako biktimak «puzzlearen pieza txiki bat» baino ez dira

Egiari Zor-ek esan du «Estatuak hamarkadetan zehar euskal gatazka politikoaren testuinguruan baliatu duen indarkerien puzzlea eraikitzen jarraitzeko» balio duela Lakuak polizia indarkeriaren biktimei egindako aitortzak. Halere, «erantzukizun politikoa» bere gain har dezala eskatu dio Exekutiboari.

Euskalduna Jauregian egin den ekitaldiaren une bat. (IREKIA)
Euskalduna Jauregian egin den ekitaldiaren une bat. (IREKIA)

Egiari Zor fundazioak, Ertzaintzak torturatutako pertsonen ordezkaritza baten eskutik, iragan astean salatu zuen larunbat honetarako aurreikusitako saioa ez datorrela bat Legebiltzarrak 2019an eskatutakoarekin eta Lakuari galdegin zion Ertzaintzak torturatutako 336 biktimak aitortu eta auzi honetan Exekutiboak duen «erantzukizun politikoa» bere gain har dezala. Larunbat honetan jarrera hori berretsi du prentsaren aurrean egindako adierazpenetan: «Espero dugu ariketa hori denboran gehiago ez luzatzea».

Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Eguna ospa dezala eskatu zion Gasteizko Legebiltzarrak 2019an Lakuari «giza eskubideen urraketa larri horrek dakarren bidegabekeriagatik»; eta iaz koronabirusaren pandemiak ekitaldia egiteko aukerarik utzi ez zuenez, larunbat honetan izan du aukera Gasteizko Gobernuak Legebiltzarraren mandatua bete eta espresuki tortura jasan duten biktima guztiak aitortzeko: 4.000 gehiago EAEn 1960tik gaur egunera, Kriminologia Euskal Institutuak, Paco Etxeberria forentsea buru, egindako ikerketaren arabera.

Egiari Zor fundazioak begi onez ikusi du, hala ere, Lakuak egindako omenaldia, «Estatuak hamarkadetan zehar euskal gatazka politikoaren testuinguruan baliatu duen indarkerien puzzlea eraikitzen jarraitzeko» eta horrek urte luzeetan jasan duten «diskriminazio-egoera pixkanaka gainditzea» eta «giza eskubideen urraketak erreparatzeko bidea» ekarriko duelakoan. Baina ohartarazi du ekitaldi honetan omendutakoak «puzzlearen pieza txiki bat» baino ez direla.

«Torturaren Biktimen Babeserako Nazioarteko Egun honetan, gogorarazi nahi dugu tortura milaka lagunek jasan duten praktika sistematikoa izan dela Euskal Herrian Eskubide urraketa honek eragin dituen biktimak aitortzeko garaia heldu da, eta baita praktirkara eraman zuten gobernuek dagozkien erantzukizunak beren gain hartzekoa ere. Zoritxarrez, torturaren biktimok hamarkada luzeetan jasan dugu erakundeen ukazioa, eta horrek zigorgabetasuna eta krimen hori betikotzea besterik ez du lortu. Bada garaia hori behingoz aldatzeko», aldarrikatu du Egiari Zor fundazioak.

Adierazi du, bestalde, ezinbestekoa dela Estatuen indarkeriaren biktimek aitortza-eskaerak egiten jarraitzea, eta oroitarazi horretarako epea urte amaierara arte dagoela zabalik.

Inpunitatea

Ildo beretik, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak larunbatean salatu du torturaren «egiaren» inguruan ez dela «icebergaren tontorra» baino ezagutzen: «Kasu sorta bat, txosten ofizialak 5000 kasutik gora jasotzen dituztenean. Tortura sistematikoa, orokortua. Tragedia bat polizia-gorputz guztien ardurapean, Guardia Zibila, Polizia Nazionala, Ertzaintza… oraindik ezagutzen ez duguna, bere zabaltasunean».

Justiziaren inguruan esan du torturatzaileen «inpunitatea» gorpuzten dela, eta ohartarazi gaur egun ere mantentzen direla «tortura ahalbidetu zuten egiturak», legislazio, salbuespenezko auzitegi eta haiek inposatutako zigorren bitartez.