NAIZ

Makroproiektuen kontrako Haize Berriak taldearen Ultra Korrika martxan da

Goizaldeko 6etan hasi dira Haize Berriak taldeko kideak Sacyr enpresak bultzatu duen makroproiektua salatzeko antolatu duten Ultra Korrika ekimenarekin. Bide batez, trantsizio energetiko justu bat ahalbidetzea ere eskatzen dute.

Antxorizko Haitzara heldu diren momentua. (HAIZE BERRIAK)
Antxorizko Haitzara heldu diren momentua. (HAIZE BERRIAK)

Gaur goizean abiatu da Antxoritzen (Esteribar) Haize Berriak antolatutako Ultra Korrika. Honen xedea, energia ekoizteko proiektu suntsitzaileen olatua salatu eta trantsitzio energetiko justu bat ahalbidetzeko makro proiektu eoliko eta fotoboltaikoen moratoria eskatzea da.

Goizaldeko 6etan hasi da Paski Haize Berriak taldeko kidea hasi da lehenengo Ultra Korrika egiteko, beste bi lagunekin, berarekin ibilbidearen zati bat egingo dutenek.

Asko izan dira azken egunotako prestaketak Ultra Korrika honen arrakasta bermatzeko. Helburua, 165km zeharkatzea korrika 40 ordutan, atsedenik hartu gabe, gau eta egun, soilik otorduren bat egin eta ura edateko geldituz. GPS batek gidatuko du lasterketan, non dagoen eta nora jo adieraziz. Esteka honen bitartez momentuoro ze tokitan aurkitzen den jakingo da.


Paski ez da bakarrik joango, dozena erdi bat korrikolari zai izango ditu ibilbidean zehar lagundu eta lekukoa, Sacyr-en makroproiektuaren eraginpean dauden 50 herritatik pasa ondoren, helmugara ailegatuko dela bermatzeko, 165km-ra, alegia.

Antxoritz, Anoz, Anotzibar, Enderitz, Olaitz, Olabe, Gendulain, Osakain,... izango dira zeharkatuko diren herrietako batzuk, bakoitzean lekukoan zinta bat jarriko zaiolarik.

Goizeko 6.38ean lehenengo tontorrera ailegatu dira, Antxorizko Haitzara. Antxoritz herria babestuz, bertatik Sacyrrek sustatutako makroproiektuaren sarraskia imagina dezakegu. «Paski Goliat irabazteko gai izanen al da?», galdetzen dute.