NAIZ

Abuztuan 20 eta 29 urte bitarteko gazteak txertatzen hastea espero du Lakuak

LABI batzorde teknikoaren koordinatzaileak, Jonan Fernandezek, adierazi duenez, abuztuan 20 eta 29 urte bitarteko gazteak txertatzen hastea espero dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Aztertutako covid kasuak Delta aldaerakoak direla zehaztu, eta ardura eskatu du, atzera egitea baitago «jokoan».

Illunbeko txertodromoaren irudi bat, joan den maiatzekoa. (Jon URBE/FOKU)
Illunbeko txertodromoaren irudi bat, joan den maiatzekoa. (Jon URBE/FOKU)

Jonan Fernandez LABI batzordearen koordinatzaileak azaldu duenez, orain, arriskua, olatu indartsu batera itzultzea baino, «aurrera ez egitea» da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Gazteei dagokienez, bidaiatu aurretik txertatuak izatea eskatu duten Erasmuseko ikasleen inguruan, esan du, «gutxienez», abuzturako 20 eta 29 urte bitarteko herritarren txertaketa hasi izana espero dutela.

Astrazenecaren bigarren dosia aurreratzeko EMAren gomendioari buruz, aste honetan txerto kopuru esanguratsu bat jarri nahi dutela eta horrek 60 eta 69 urte bitarteko herritarren txertaketan azkartze handi bat posible egingo duela agertu du.

Radio Euskadiko elkarrizketa batean egin ditu hitz hauek Fernandezek, eta Europa Press agentziak jaso ditu. LABI batzorde teknikoko koordinatzaileak jakinarazi du azken aste eta hilabeteetan dezente egin dela aurrera «txertaketari eta prebentzio neurrien eraginkortasunari esker», baina birusa aldatu egiten da eta «mehatxu berriak daude berriro».

Mallorca eta Delta aldaera

Zehaztu duenez, aztertu dituzten covid kasuen %15 Delta aldaerakoak dira eta «adi» egon behar da, ematen baitu «errazago transmititzen dela» britainiarra baino eta jatorrizkoa baino «handiagoa» dela. «Eragin larriagoa izan dezake arretan, ospitaleetan», erantsi du.

Mallorcan azaldu diren kasuei dagokienez, horien eragina Gipuzkoan dagoela eta baheketetara joateko deialdiek erantzun ona izan dutela esan du. Oraindik ikertzen ari dira zer eragin izan duen Indiako aldaerak Mallorcako kasuetan.

Fernandezek nabarmendu duenez, funtsezkoa da aztarnari taldeei laguntzea, «txertaketa bezain garrantzitsua».

Immunitatea, uda bukatu baino lehen

Ez du uste uztailean talde immunitatea lortzen ahalko denik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, nahiz eta dena txertoak eskuragarri izatearen araberakoa izan. Baina uda bukatu aurretik posible izango dela espero du.

Jende aunitzek derrigorrezkoa izan ez arren kalean musukoarekin segitzeko hartu duten erabakiaren balorazio ona egin du. Oraindik «mehatxuak eta zalantzak» daude eta «ez dugu zertan arriskatu».