Arabako Mendiak askek 23.833 sinadura bildu ditu Arkamo, Iturrieta, Labraza eta Azazetako zentral eolikoen aurkako helegiteetan. Azaldu duenez, azpiegitura horiek jartzeak habitata degradatzea eta biodibertsitate berreskuraezina galtzea ekarriko luke, eta horren lekuko dira Aldundiko ingurumen teknikarien txostenak. Erantsi duenez, natur ondare horren biziraupena ezinbestekoa da lurraldean bizitza mantentzeko eta jendartea gero eta kontzienteago da horretaz.
Plataformak azpimarratu duenez, Iberdrolak eta Lakuak proposatutako zentralen kontrako jarrera herrietara ere iritsi da, plan horiek eremu guztietan izango luketen eragin larriaren jakitun delako jendea. 50 herri eta 10 udal baino gehiago kontra agertu dira. «Lurraldearen kohesioa eta subiranotasuna ezin zaizkie oparitu nazioz gaindiko enpresei, landa eremuetako bizitzaren kaltetan eta energia dirua irabazteko soilik erabiltzen duten oligopolio horien mesedetan», esan du.
Energiaren sorkuntza banatua eta kudeaketa soziala
Arabako Mendiak Askeren apustua argia da: «Energiaren sorkuntza banatua, haren kudeaketa soziala eta dagoeneko ingurumenaren aldetik degradatuta dauden eta antropizatuta dauden espazioetan kokatzea».
Agertu duenez, Arkamo, Iturrieta, Labraza eta Azazetako kokaleku horiek ez dute azpiegitura gris horiek jasateko plan egokirik. Gainera, Arabako Foru Aldundiaren «zentsura» salatu du, langileak bidaltzen baititu mendiak babesteko informazio kartel eta pankartak kentzera.
«Proiektu horien sustatzaileek mezu errazak bidali nahi dituzte, errealitatea desitxuratzen dutenak, beren boteretik, horrela erantzun soziala haien alde baldintzatzeko. Horregatik, ez dute onartzen beren apustua baldintzatzen duen erantzunik, eta isilarazten saiatzen dira», esplikatu du herri plataformak.
Horregatik, lurraldearen proiektu «zatitzaile eta suntsitzaile» horiei buruzko informazioa ematen eta gaitzespena adierazten jarraituko duela segurtatu du.
«Babestu maite duzun mendia»
Arabako Mendiak Aske elkarteak abian diren zentral eolikoen izapideak berehala eta erabat geldiaraztea eskatu du, baita aipatutako mendiak zeregin horretarako baztertzea ere.
Bestalde, lurraldeko biztanleak animatu nahi ditu natur ondarearen alde lanean jarraitzera eta «energia berriztagarriak bai, baina ez horrela» aldarrikatzera.
Uda honetarako «Babestu maite duzun mendia» lelopean antolatu dituzten mendi martxetan parte hartzera gonbidatu dituzte. Martxa horiek urriaren 23an Gasteizen egingo den manifestazioarekin amaituko dira. Informazio gehiagorako, arabakomendiakaske.com.