Manex Altuna

Athleticek Atletico Madrilen kontra jokatuko du Superkopako finalerdietan

2022ko urtarrilaren 12tik 16ra bitartean ospatuko da txapelketa Saudi Arabian eta beste finalaurrekoan Bartzelonak eta Real Madrilek neurtuko dituzte indarrak.

Athleticeko jokalariak urtarrilean irabazitako Superkopa ospatzen. (Pablo GARCÍA/AFP)
Athleticeko jokalariak urtarrilean irabazitako Superkopa ospatzen. (Pablo GARCÍA/AFP)

Athleticek Marcelinorekin irabazitako Superkopa defendatzeko aukera izango du hurrengo urtean. Aurtengo Kopako finalera iristeagatik Saudi Arabian ospatuko den txapelketan parte hartuko du.

2022ko urtarrilaren 12tik 16ra bitartean jokatuko da Superkopa eta zuri-gorriek badakite Atletico Madril izango dutela finalerdietan aurkaria. Beste kanporaketa Bartzelonak eta Real Madrilek jokatuko dute.

Athletici egungo Liga txapelduna egokitu zaio. Simeonek zuzentzen duen taldearen aurka hainbat porrot mingarri jaso dituzte zuri-gorriek azken hamardakan. Oraindik ere jokalari eta zaletuen oroitzapenetan jarraitzen du 2012an Bucaresten galdutako Europa League txapelketako finala.

Aurtengo urtarrilean emandako ezustekoa errepikatzen saiatuko dira Athleticeko jokalariak. Izan ere, San Mamesen jokatutako azken partidan Atletico Madril mendean hartzeko gai izan ziren. 2 eta 1 irabazi zuten.

Superkopako datak ezagutzera emateaz gain, espainiar Estatuko futbol federazioak beste hainbat txapelketetako egutegiak ere jakinarazi ditu. Liga abuztuaren erdialdean hasiko da Lehen eta Bigarren Mailan. Bilbao Athleticek aldiz, bi aste beranduago abiatuko du lehiaketa Lehen Maila RFEF izeneko txapelketa berrian eta Basconiak parte hartuko duen Hirugarren RFEF liga irailaren 5ean hasiko da.

Bestalde, Kopako lehen kanporaketak abenduan jokatuko dira eta finala apirilaren 23an izango da. Txapelketa gehienak maiatza amaieran bukatzea da asmoa, baina hainbat kanporaketa, Bigarren Mailako igoera fasea esaterako, ekainean izango dira.