Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Isilean gordetakoak hamar urtez Bilboko zinematara eraman ditu karabanak

Zinemagileen Artean karabanak hamargarrenez egin du aurten egonaldia Bilbon. Amal Ramsis zinemagile egiptoarraren eta KCD erakundearen lankidetzari esker Euskal Herrian sarri ezezagunak diren errealitateak erakutsi ditu hamarraldi batez zinemaldi honek, beti emakume zinemagileen begiradarekin.

Zinemagileen Artean karabanaren 8. edizioko solasaldi bat Bilbon (KCD)
Zinemagileen Artean karabanaren 8. edizioko solasaldi bat Bilbon (KCD)

Aljeriatik Frantziara joan ziren ihesi Aicha eta Mabrouk 1950eko hamarkadan, Erdi Aroko itxura gordetzen zuen Thiers herrixkara. 62 urtez ezkontide izan ostean banandu ziren 2016an. 80 urte baino gehiago zamatzen dituzte egun bizkarrean, eta beraien istorioak, bizipenak eta errealitatea, ziur aski beste horrenbeste familia exiliatuenak bezalatsu, isiltasunez gorde izan ditu banandutako bikoteak; harik eta bilobak, Lina Soualemek, zimur bilakatutako zauri horietan murgildutakoan ikusitakoa film batean erakustea erabaki zuen arte.

“Leur Algerie”, Soualemek zuzendutako lehenengo film dokumentala Bilboko Alondegian egon da ikusgai orain gutxi, herri honi sarri ezezagunak zaizkion errealitateei leku egitea itu duen Zinemagileen Artean zine karabanaren hamargarren edizioko kartelean.

Hamargarrenez egin du egonaldia Bilbon Zinemagileen Artean nazioarteko zine karabanak, 2012tik urtero bezala, Bilbo aukeratu baitzuen atseden eta sormen leku; eta hamargarrenez heldu dira Euskal Herrira herrialde ezberdinetako bost emakume zinemagile nork bere lana erakustera.

Zinemagileen Artean Emakumeek egindako Zinemaren 10. Karabana maiatzaren 31tik ekainaren 4ra izan zen Bilboko Alondegian eta Lina Soualem frantsesaren “Leur Algerie”-rekin batera, beste lau emakumek egindako filmek osatu zuten zikloaren kartela, Egiptoko Doaa el-Adl artistaren diseinuko walkiria jainkosak lagun: “Khartoum offside” (Marwa Zein saudiarabiarrarena), “Meu querido supermercado” –Tali Yankelevich brasildarrarena, supermerkatu bateko langileen errealitateari buruzkoa–, “Tiny souls” –Dina Naser jordaniarrarena; Dokufest jaialdian saritutako lanak Jordaniako errefuxiatu esparru bateko hormen barruan bizi den 9 urteko neskato baten bizitza kontatzen du– eta “Mare” –Andrea Štaka suitzarrarena; aldaketak eta ezagutzen ez dituen aldagai orok kitzikatzen duten Mareizeneko emakumeari buruzko istorioa–.

Karabanak bi emanaldi eskaini zituen egunero, 16.30ean bata eta 19.30ean bestea, eta urtero bezala, bigarren saioan zuzendariekin eztabaidak antolatu zituzten, ikusleekin hartu-emana sortzea bilatuz.

Horrekin batera, Kairon eta Bilbon burututako emakumeentzako zine tailer parte-hartzaileetan ekoitzitako lau film labur ere eman ziren: “The flower of Maryam” eta “Mama, I want to tell you something”, Kairon egindako kreazio dokumentalaren tailerrekoak; “Manos, pies, agua y alguna calabaza”, emakume iraultzaileentzako bideo tailerrean Bilbon egindakoa eta “Zentzumen asaldatuak”, Barakaldon egindako emakumeentzako bideo tailer parte-hartzaileko emaitza.

Halaber, Lina Soualem zuzendariak tailer honetako batean parte hartu zuen “Leur Algerie” pelikularen inguruan aholkuak bilatu eta ikus-entzunezkoa hobetzeko.

Askotariko botereek (zinema komertzialak edo komunikabideek kasu) estalitako edo desitxuratutako kontakizunak, bazterrekotzat hartzen diren horiek, protagonisten eskutik Bilbora ekartzea da emakumeen zine karabana honen asmoa.

Eta bertan eskaintzen diren pelikulek, modu batera edo bestera, zikloaren itu hori konpartitzen dute. «Begirada estigma bat izan daiteke. Gutxiesgarria izan daiteke. Izan ere, etorkinak edo errefuxiatuak masa gisa deskribatzen dira beti, ez dago ez pertsonalizaziorik ez konplexutasunik. Gure istorioei buruz geure hitzekin hitz egiteko modu bat da», nabarmendu du Lina Soualem “Leur Algerie” pelikularen egileak.

Egipton erroak

Euskal Herrian Zinemagileen Artean izenarekin ezagutzen den nazioarteko zine karabanak Egipton du jatorria eta Amal Ramsis bertako zinemagileak hauspotu zuen –“You come from far away”, “The trace of the Butterfly”, “Life” edo “Forbidden” lanen egilea, besteak beste–.

Karabana sortzearen hipotesia 2005ean iritsi zen Ramsisengana, Kuban berak zuzendutako “Only dreams” filma Zinema Pobreko Nazioarteko Jaialdian proiektatzen ari zela. «Konturatu nintzen nirea zela jaialdiko dokumental arabiar bakarra eta konturatu nintzen, baita ere, gauza asko konpartitzen dutela Latinoamerikak eta mundu arabiarrak, baita zine munduan ere. Baina gure zinea ez zen beraiengana iristen, beraiena gurera iristen ez zen bezala. Ez genuen inolako harremanik», esplikatu du zinema zuzendariak.

Kezka horretatik abiatuta, ideia bat izan zuen, orduan, Amal Ramsisek. Mundu arabiarreko eta Latinoamerikako emakumeek egindako pelikulak aukeratu eta Zinema Arabiar eta Iberoamerikarraren Karabana sortu zuen 2008an. Hasierako asmoa zen, Ramsisek dioenez, urtero data zehatz batean aukeratutako pelikulak Kairon proiektatzea eta, urtean zehar, karabanaren bitartez mundu arabiarreko eta Latinoamerikako herrialdeetara zenbait pelikula eramatea, azpitituluen laguntzarekin.

Izan ere, Ramsisek esplikatu du ordura arte herrialde arabiarretako eta Latinoamerikako filmek Europatik pasatu behar zutela halabeharrez, soilik ingelesezko edo frantsesezko azpitituluekin funtzionatzen baitzuten.

2012an Zinemagileen Artean Emakumeek egindako Zinema Karabana Bilbora iritsi zen lehendabizikoz, KDC (Kultura, Communication, Desarrollo) GKEaren eta Klaketa Árabe Ramsisek sortutako ekoiztetxe egiptoarraren eskutik eta, urtebete beranduago, Zinema Arabiar eta Iberoamerikarra Karabanak Kairoko Emakumeek Egindako Zinemaren Festibala izena hartu zuen. Gutxika indarra hartu eta Egiptoko hiriburuan kalitatezko zine jaialdi bezala egonkortu zen.

Hala, hasieran 15 pelikula ematen zituzten urrian egin ohi den zinemaldian, eta egun 60 inguru eskaintzen dituzte bost sala ezberdinetan.

Amal Ramsisek bultzatutako nazioarteko zinemaldiak, hala ere, ez du ibilbide erraza izan 2008. urtean karabana gisa sortu zenetik gaur egunera. «2018an lege berri bat atera zen Egipton: edozein jaialdi egiteko zortzi ministerioren baimena behar genuen derrigorrez, eta diru asko bankuan; herrialdeko kultura jarduerak kontrolatzeko modu bat zen. Horregatik gelditu genuen jaialdia 2018an, baina tailerrekin jarraitu genuen eta karabanak herrialdeetan bidaiatzen jarraitu zuen», kontatu du Ramsisek, ekimenaren sortzaileak.

Hala, orain lau urte, zinemaldia mundu arabiarreko beste toki batzuetara mugitu zuten karabana modura, Egiptoko Gobernuak ez baitzuen onartzen atzerriko injerentziarik herrialdeko kulturan. Paradoxikoki, kalteak kalte, covid-19aren pandemiak ekarri zuen zentsurari ihes egiteko bidea. Karabana Kairora itzuli zen online formatuan, eta eskaintza zabaltzea lortu dute kulturarentzako urte zail honetan. Programa berri bat sortu dute eta, horren bitartez, hilero sarean pelikula bat eman eta zuzendariarekin debatea eskaintzen dute, doan.

Begiradak

«Komunikabideak ikusten badituzu, Europan oinarritzen den zinema mota ikusten baduzu, beti dute emakume arabiarrak oso modu estereotipatuan aurkezten dituen begirada bat: sumiso bezala, salbatzeko beste norbait behar balute bezala. Inoiz ez gaituzte zinemagile moduan identifikatu. Hain zuzen ere, karabanaren helburua zinemaren bidez begirada estereotipatuak haustea da. Bizi dugun errealitatea konplexua da, ez Mendebaldeko komunikabideetan agertzen dena bezain sinplea. Baina guk ere, mundu arabiarrean, Mendebaldeko edo Latinoamerikako emakumeenganako begirada estereotipatuak ditugu. Horrekin ere hautsi nahi dugu, eta gauza asko konpartitzen ditugula erakutsi, uste baino askoz gehiago», esan du Amal Ramsisek.

Aipatutako ituarekin batera, emakume zinemagileen artean espazio konpartitu bat sortzea ere badu asmo ekimenak, saretzeko eta elkarlanean aritzeko abagunea ematea.

Eta bide orri sendo horiekin, finantzazio gutxirekin baina oraindik gainditzeko dauden erronkei gogoz helduta, ari da Zinemagileen Artean karabana Kairon eta nazioartean begiradak argitzen.

Atzera begiratuta, Ramsisek dio 2008an ekimena aurkeztu zutenean arrotza egin zitzaiola jende askori; «oso gauza arraroa zen» dio, baina, egun, emakume zinemagileek bultzatutako proiektuak erruz ugaritu direla segurtatu du. «Hori da proiektu honen emaitza. Atzera begiratu eta hainbeste emakume ikusten ditut…».

Intimotik kolektibora

Jatorriz frantsesa da Lina Soualem, aita ere hala du eta ama palestinarra. Familiak, halere, Aicha eta Mabrouken erbestealdiko oinazeak pairatzen ditu, aitaren gurasoenak. Lina Soualemek «shock» baten gisara bizi zuen 2016an aitona-amonak banantzea eta areago kezkatu zuen momentu horretan konturatzeak ezer gutxi zekiela bere aitaren gurasoen bizitzaz. «Konturatu nintzen ez nekiela ezer bikote gisa zuten istorio intimoez, eta ez nekiela ezer Frantziara iritsi ziren emigratzaile aljeriar gisa zuten historiaz: nola bizi izan zuten erbestea, nola bizi izan zuten frantziar kolonizazioa Aljerian eta, bereziki, zergatik ez ziguten inoiz kontatu beren historia, zergatik mantendu zuten hainbeste isiltasun istorio horien inguruan. Horrela hasi nuen filma eta horrela hasi zen nire bilaketa. Galdera ugari sortu ziren isiltasun hori nondik datorren eta zer ezkutatzen duen ulertzeko», esplikatu du zuzendariak.

Galdera horien erantzunak eta isiltasunek kontatzeko zituztenak aitona eta amona grabatuz lortu zituen, eta emaitzak arrakasta izan du, gainera: Cinemed jaialdian saritu zuten dokumentala.

Pertsonala da “Leur Algerie” filmak kontatzen duen istorioa, baina badu kolektibotik ere, erbestea gai nagusi izanik, hainbatek topatzen baitu Lina Soualemen lanean ezagun zaizkion doluak eta hauek datozen belaunaldietan zartatzen dituzten arrakalak.

Bilobak aitona eta amonarekin izandako elkarrizketak azalera ekartzen ditu hamarkada luzez barrutik eramandako traumak eta zauriak. Begien bistara, belaunaldi helduenek eskatzen duten premiarekin, barruak ez ditzan jan eta egurastu daitezen: kontatu daitezen.

«Pelikulak nitaz hitz egiten du, nire aitonaz eta nire amonaz, aitaz, baina bere historiaz gehiago jakin nahi duen edozein bilobaz ere hitz egiten du, baita erbesteko trauma bizi izan zuten eta beren historia transmititu ezin izan zuten aitona-amonez ere. Belaunaldien arteko transmisio hutsune horietaz hitz egiten du. Gaur egun, hutsune horiek betetzeko eta gure historia hobeto ulertzeko beharra eta borondatea dago aurrera egin ahal izateko. Garrantzitsua da istorio hauek kontatzea, desagertzen ari diren belaunaldiak dira, eta kontatzen ez baditugu, galdu egin daitezke», agertu du dokumentalaren zuzendariak.

Koronabirusaren kariaz aforoa murritzagoa izan bazen ere, Alondegiko Golem Zinemak bero hartu zuen zinemagile frantsesaren dokumentala. Emozioz bizi zuen egonaldia Soualemek, areago pandemiaren garaiotan, aukera gutxi izan baititu 2020an dokumentala bukatu zuenetik egun arte bere pelikula zinemetan eman eta esperientzia publikoarekin konpartitzeko. Izan ere, Zinemagileen Artean karabanak aukera ematen du pelikula ikusi ez ezik zuzendariekin solastatzeko.

«Munduaren ikuspegi konplexuagoa eraiki eta ahotsak ikusarazten lagundu nahi duen jende askorekin konektatzeko aukera ematen dit –esan du Soualemek zine karabanaren inguruan–. Herrialde desberdinetako filmak eta zuzendariak daude, eta kultura trukatzen eta jendea sentsibilizatzen laguntzen du, ondo ezagutzen ez dituzten edo komunikabideen bidez bakarrik ikusten dituzten gaiak baitira askotan, sarri estigmatizatzaileak. Niretzat aukera izugarria da. Amal Ramsisen lana oso garrantzitsua da, eta ahal den guztia egin behar da horrelako ekimenak bultzatzeko».

Hamar urte Bilbon

Juan Carlos Vazquez KCD gobernuz kanpoko erakundearen zuzendariak EHUren Udako Ikastaroen bitartez ezagutu zuen Amal Ramsis, 2010ean, Udaberri Arabiarra lehertzear zegoela, KCDk lan lerro nagusi duen Zinema Ikusezina zinemaldia martxan jarri osteko urtean.

Kultura, Komunikazio eta Garapenerako topaketak ari zen bultzatzen orduan Vazquezek zuzendutako erakundea, eta gai horien inguruan eztabaidatzeko pertsona aproposaren bila ari zirela egin zuten topo Alexandriakoarekin. Ramsisek “Forbidden” filmatu berria zuen garai haietan, 2011n Egiptoko iraultza hasi aurretik Kairon gertatzen ari ziren errealitateak eta orduan debekatuta zeuden egoerak filmatuz osatutako pelikula dokumentala.

Ramsisek laguntza eskatu zion KCDko taldeari pelikularen kolorea zuzentzeko, eta orduan hasi zen gaur arte mantendu duten lankidetza harremana. Kairoko zinemaldiaren ingurukoak kontatu zizkien egiptoarrak GKEkoei, eta hauek festibala diruz laguntzeko irismenik ez zutenez, Ramsis kontratatu zuten zinema eta komunikazioaren arloko formakuntza tailerrak eman zitzan, berak «biziraun zezan lagundu eta horrela zinemaldia egiten jarraitzeko aukera izan zezan», Vazquezek azaldu duenez.

Lankidetza hori sakonduz, Ramsisen karabana Bilbora ekartzea erabaki zuen nazioartean hezkuntza eta komunikazio sozialaren arloan lan egiten duen erakundeak. «KCDk esperientzia handia zuen Latinoamerikako gizarte komunikatzaileekin, eta interes handia sortzen zigun Sahara inguruko eta Saharaz hegoaldeko Afrikan horrelako komunikazioak sortzeak. Amalena ikaragarria iruditzen zitzaidan, mundu arabiarrarekin klixe asko dagoelako. Denborarekin, mundu arabiarrekoa ez ezik nazioarteko karabana izateraino zabaldu dugu ekimena. Gaur egun oso garrantzitsua da pertsonak ezagutzea, gure gobernuek dituzten politikez eta asmoez haratago. Urrezko aukera iruditu zitzaigun orduan», agertu du zuzendariak.

KCDk antolatzen duen Zinema Ikusezina jaialdi ospetsuak ez du begiratzen pelikulek saririk jaso duten edo ez, zinemaldi garrantzitsuetan eman dituzten ala ez. Zinemagileen Artean karabanan, berriz, «beste modu bateko ikusgaitasuna» bilatzen dute, nolabait kristalezko sabaia pixka bat bada ere apurtzea lortu duten emakumeen pelikulak ekarriz. «Emakume hauek nazioarteko zinemaldietara eraman dituzte beren pelikulak, eta hori oso zaila da», zehaztu du Juan Carlos Vazquezek.

Zinemagintzan profesionalki aritzen ez diren emakumeentzat badute, ordea, toki bat gordeta jaialdian. Kairon nola, tailerrak egiten dituzte Bilbon ere, batzuk zine munduaren inguruan gehiago jakin nahi duten emakumeei zuzendutakoak eta besteak «askoz profesionalagoak», Vazquezek dioen bezala, espezialisten aholkuak bilatzen dituzten zinemagileendako.

Lan hori guztia, alabaina, formatuz aldatu behar izan zuten Zinemagileen Artean Bilboko karabanaren 9. edizioan, koronabirusaren pandemiak hala behartuta. Online egin zuten zikloa osorik, eta horrek abantaila handi batzuk ekarri zituen: ikusle kopurua ia hamar aldiz biderkatu zuten 2020an.

Baina Vazquezek uste du ikusle kopuruak baino pisu gehiago duela zineaz kolektiboki gozatu eta hausnartzeak: «Herrialde arabiarretan online karabanaren aldeko apustua egin nahi dugu, errazagoa iruditzen zaigulako zenbait herrialdetako oztopo burokratikoei iskin egiteko, baina hemen baztertu egin dugu online egitea aurrez aurre egiteko, nahiz eta publikoa galdu. Zinea etxean kontsumitzeko beste jarduera bat bihurtzeko arrisku larrian dagoela uste dugulako, eta zineak kolektiboa izan behar duelako».

Zine kolektiboaren jaia eta han-hemengo emakumeen ikusgaitasuna aldarrikatu ditu Vazquezek. Baita karabanak lortutakoa ere: «Normalean existitzen den baina ikusten ez den zerbaitek zirkulatzea lortu dugu».

Baina urtero-urtero, hamarraldi batez, egindako lan eskergari egin zaion aitortza eskasa ere aipatu nahi izan du KCDko zuzendariak. Edizio berezi honetara, aurrekoetan bezalatsu, komunikabiderik ez dela agertu salatu du. Korrontearen aurka doan zinearen ajeak, agian, edo emakumeenak. Edo haienak salbu, beste guztienak.