NAIZ

Lan, pentsio eta bizitza duina aldarrikatzea delitua ez dela ohartarazi dute Bilbon

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragileek elkarretaratze bat egin dute astearte honetan Bilboko epaitegien aurrean elkartasuna adierazteko 2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorrean jasotako salaketa baten ondorioz epaitua izan den Ermuko gazte bati.

Bilbon Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak egindako elkarretaratzea. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Bilbon Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak egindako elkarretaratzea. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Ermuko gazte bat epaitua izan da astearte honetan 2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorrean jasotako salaketa batengatik. Honen aurrean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragileek kontzentrazioa egin dute Bilbon, epaitegien aurrean, «Lan, pentsio eta bizitza duina aldarrikatzea ez da delitua» leloarekin.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak gogoratu duenez, «2020ko urtarrilaren 30ean lan, pentsio eta bizitza duinen alde greba orokorra egin genuen». «Konfluentzian zein elkarlanean egindako mobilizazio orokorra izan zen eta kalean eredu berri baten aldeko indarra eta gehiengoa batu ginen», gaineratu du.

Eta azken hilabete hauetan «eredu aldaketaren alde borrokan dabiltzan langileen kontrako erasoak, isunak eta mehatxuak ugariak izan» direla ohartarazi du.

«Jakina da borrokatzeak bere ondorioak dituela. Eskubide sozialen alde borrokan dauden pertsonak zigortzen dituzten bitartean, kapitala bizitzaren gainetik jartzen jarraitzen dute. Baina argi daukagu borrokan jarraituko dugula. Lan, pentsio eta bizitza duinen alde mobilizatzen jarraituko dugu», azpimarratu du, eta babesa adierazi die Ermuko gazteari baita grebalari guztiei ere.

Izan ere, 2020ko greban «esaten genuen bezala, gaur ere lan, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatzen ditugu. Eta horretarako ezinbestekoa da sistema errotik aldatzea eta norabide aldaketa integral bat mahai gainean jartzea. Politika publikoak aldatu, aberastasuna banatu, zerbitzu publikoak garatu, prekarietatearekin amaitu… ezinbesteko urratsak dira eredu aldaketaren bidean».