NAIZ
Donostia

Antondegi ez artifizializatzeko eskatzeko kanpaina abiatu du EH Bilduk

EH Bilduko udal taldeak kanpaina bat hasi du Antondegin olatu artifiziala egiteko behar den Plan Orokorraren aldaketaren tramitazioa bertan behera uzteko. Koalizio subiranistaren ustez, eztabaidatzeko garaia da Donostian, «herritar gehienak proiektuaren aurka» agertu baitira.

Antondegiko airetiko ikuspegia. (NAIZ)
Antondegiko airetiko ikuspegia. (NAIZ)

2021eko abenduan egitasmoaren berri eman zenetik eta Donostiako Udal Gobernuak Antondegiko muinoan Surfpark bat egiteko baimena emateko prest zegoela iragarri zuenetik, eztabaida sortu da hirian, eta, EH Bilduren esanetan, gaur gaurkoz, «herritar gehienak proiektuaren aurka agertu dira».

«Talde ekologisten eta surflarien artean eztabaida biziagoa izan den arren, pertsona eta erakunde askok eman dute proiektuari buruzko iritzia, eta gehienek kritikatu egin dute naturagune horren artifizializazioa», gehitu du koalizio subiranistak.

Une honetan, prozesua tramitazioaren aurreko faseetan dago, eta oraindik ez du Udalbatzaren oniritzirik. Zehazki, horrelako parke tematiko bat Antondegin kokatu ahal izateko, beharrezkoa da Plan Orokorra aldatzeko prozedura hastea. Prozesu luze horretan, gutxienez, bi osoko bilkuretan EAJ eta PSEko zinegotziek aldeko botoa eman beharko dute proiektua gauzatu ahal izateko.

Beraz, EH Bilduren ustez, «eztabaida sozialerako garaia» da Donostian, eta zentzu horretan, datozen asteetan, koalizioak kanpaina bat martxan jarriko du «gure gogoetak eta kezkak donostiarrekin partekatzeko». ‘Surf Park Antondegin? Ez, eskerrik asko! Naturaguneen artifizializazioari stop’ izango da kanpainaren leloa.

«Hilabete hauetan, hainbat bilera egin ditugu inplikatutako eragile guztiekin: elkarte ekologistekin, Donostiako surflariekin, artean, Surfrider-ekin, bisita gidatua egin dugu eremuaren biodibertsitatea ezagutzeko, plataformarekin elkartu gara, martxoan Wavegardenek Aizarnazabalen duen instalazioan egon ginen, Aizarnazabalgo Udaletxean eta Batzar Nagusietan ere izan gara, eta beste hainbat bilera egin ditugu», azaldu du EH Bilduk.

Horrela, urtarrilean Antondegiko artifizializioak Donostiako Larrialdi Klimatikoaren deklarazioa lurperatzea zekarrela aurreratu zuela gogoratu du, 2020ko martxoan Udal Gobernuak onartutakoa.

Zehazki, ‘Klima Larrialdiaren Adierazpenari lotutako ekintza proposamena’ dokumentuan, ondorengoa jasotzen dela azaldu du EH Bilduk: «Lurralde berrien okupazioa murriztea eta 2010eko Plan Orokorrean urbanizagarri gisa sailkatutako lurzoru batzuk egikaritzeari uko egitea».

Hau da, koalizioaren ustez, «EAJ-PSEk Deklarazioan aldarrikatzen dutenaren aurkakoa egin nahi dute. Klima aldaketak izan behar du gure garapen ereduak birpentsatzeko aukera, baliabide naturalen erabilerak xumeagoak izan daitezen, baita gure inguruko ekosistemekin dugun harremana berriz ere pentsatzeko».

Izan ere, Klima Larrialdia horretarako deklaratu dituztela nabarmendu du eta horrek, Donostiako adierazpenak jasotzen duen bezala, «hiri-ereduaren inguruko gogoeta sakona egin eta berau berregokitzea exijitzen du».

«Horrelako proiektu batek ingurumenean duen eraginari buruzko eztabaida, era berean, covid-19k eragindako krisi-testuinguruarekin ematen ari da. Izan ere, uste dugu osasun krisia areagotu eta sakondu duen krisi ekonomikoak orain arteko lehentasunak berrantolatzera eraman behar gaituela. Eta lurren artifizializazioa horren adibide garbia da», gaineratu du.