Joan zen asteburuan Donibane Lohizunen berez ez zen ospakizunik, pandemiaren ondorioz bertan behera utzi zituztelako aurten ere Jon Doni bestak.
Izan ere, Euskal Herriko beste hainbat txokotan bezala, bereziki larunbatean, jende anitz bildu zen herrian «ez bestak» ospatzeko.
Egunean zehar giro ederra izan zen baina gaua luzatu ahala hainbat isilu gertatu ziren.
Horietako batean, auto gidari batek bi emazte harrapatu zituen bere kotxearekin maniobra arriskutsua burutu ondoren handik ihes egin aurretik. Labanez eginiko borrokaldiak ere izan ziren.
Bestalde, gizonezko bat ospitalera eraman behar izan zuten euskaraz mintzatzen ari zelarik eraso egin zutelako.
Kazeta.eus eta mediabask.eus hedabideek eman zuten jakitera, ostegun arratsaldean, jatorriz lohindarrara den Jean-Louis Iratzokik pairatu zuen erasoa.
Gaualdia lagunekin ospatu zuen Iratzokik hiriko jatetxe batean. Etxera zihoala anaiaren etxe azpian gelditu zen tarte batean. Balkoian zen ilobarekin euskaraz mintzo zelarik, hiru gizon oihuka egin zioten. «Frantzian gaude, zer dialekto da hori?». Iratzokik «ni euskalduna naiz» erantzun zuen eta orduan heldu zen erasoa. Orkatila hautsirik erietxera eraman behar izan zuten Iratzoki. Anartean erasotzaileek ihes egin zuten.
Gaualdi berean, beste hainbat eraso gertatu ziren Donibane Lohizunen. Hedabide horiek beraiek aipaturiko lekuko batzuen arabera, euskaraz mintzo zen emazte talde batek oharra bera entzun behar izan zuen: «Frantzian gaude».
Irainak entzun zituen, finean, Mikel Laboaren kantak entzuten zituen bitartean bere ostatua ixteko lanetan jarduten zuen tabernari batek.
Donibane Ziburuko gaztetxearen oharra
Donibane Ziburuko gaztetxeak firmuki salatu du agiri baten bidez ez besten karietara hainbat euskaldunek herrian pairatu zuten bortizkeria.
Jean-Louis Iratzoki zauritu zen erasoa salatzearekin batera «gure kultura eta euskararen aurka egin ziren beste ereasoak eta mespretxuak salatzen ditugu», adierazi du Donibane Ziburuko gaztetxeak sare sozialen bidez zabalduriko mezuan.
Horiek guztiak salatzeko protesta ekimena deitu du, heldu den asteartean, uztailak 6an, arratsaldeko 19.00tan Donibane Lohizuneko Luis XIV plazan elkarrataratzeko gonbidapena zabalduz.
«Hemen, Euskal Herrian gira, euskara da gure hizkuntza eta euskaraz hitz egiten segituko dugu», gaineratu du oharrean. Berehala Herri Berri udal talde abertzaleak babestu du «euskaraz bizi nahi dugula» adierazteko gaztetxetik heldutako deialdia.
Donibane Lohizunen gertaturiko erasoa salatzeko banderolak ezarri dituzte, bestalde, Senperen.