NAIZ

Adingabeei laguntzeko zerbitzuetako 100 beharginek lanpostua gal dezaketela ohartarazi du LABek

Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialen Departamentuak Nafarroan adingabeei laguntzeko zerbitzu gehienen lizitaziorako baldintza agiri berria argitaratu du, adingabeei laguntzeko zerbitzuetarako eskatzen diren titulazioak barne. Aldaketokin, 100 langilek haien postua gal dezaketela salatu du LABek.

Adingabeei laguntzeko zerbitzuetako langileak, 2019ko protesta batean. (LAB)
Adingabeei laguntzeko zerbitzuetako langileak, 2019ko protesta batean. (LAB)

LABek ohartarazi du Nafarroako adingabeei laguntzeko zerbitzuetako 100 langilek haien postua gal dezaketela, Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialen Departamentuak zerbitzu hauetan eskatuko den titulazioetan egindako aldaketa dela eta.

Departamentu honek Nafarroan adingabeei laguntzeko zerbitzu gehienen lizitaziorako baldintza agiri berria argitaratu du, eta horrekin, «bertze behin ere funtsezko zerbitzuak pribatizatzearen aldeko apustua» egin duela salatu du sindikatuak.

Hala, eskakizun berriekin hainbat enpresatako ehun langilek baino gehiagok lana gal lezakete hurrengo hilabeteetan, sindikatu abertzalearen arabera.

Egoitza hezitzailearen kategoriari dagokionez, hemendik aurrera gutxienez hezkuntzako eta gizarte laneko unibertsitate graduak eskatu nahi dituzte, bai eta gizarte integrazioko goi mailako lanbide heziketa ere, baldin eta gutxienez bost urteko antzinatasuna badute.

«Irizpide horiek betetzen ez dituen pertsona oro kaleratu ahal izanen dute, eta, gainera, irizpide horiek aurrekari izanen dira hurrengo lizitazioetarako; beraz, kaleratze kopurua handiagoa izan daiteke heldu diren urteetan», dio LABek.

Gainera, zuzeneko arretarako (hezitzaileak eta laguntzaileak), ingelesezko eta frantsesezko B2 titulazioa duten langileak %20 izatea nahi du Chiviteren Exekutiboak. «Baina zer gertatzen da euskararekin? Nahikoa da euskarafobiarekin, erabiltzaile asko ezin baitira beren hizkuntza naturalean hartu, Gobernuak ez baitu eskubide hori aintzat hartu nahi», gaitzetsi du zentralak.

Gogorarazi du, halaber, ados dagoela titulazioen gaian «ordena jartzeko asmoan», baina eskakizun horiek «modu transitorioan eta negoziatuan» egin behar direla iritzi du, dagoeneko lanean ari diren pertsonei kalterik egin gabe eta haien eskubideak errespetatuz.

«Ezin zaie halako tratu txarrik eman; langileek errespetua merezi dute. Ez da ez serioa, ez da arduratsua 4 urtean behin Gobernuak titulazioen irizpideak aldatzea. Ezin da ulertu, halaber, Nafarroako Gobernuak titulazio batzuk bertze batzuen gainetik jartzea, titulazio bakoitzak ahalbidetzen dituen lanbide inguruneei kasurik ez egitea, eta Esku-hartze Sozialeko Hitzarmenaren Zaintza eta Interpretaziorako Batzorde Paritarioak arlo horri buruz ematen dituen ebazpenak kontuan ez hartzea», agertu du.

LABek dei egin die langileei antolatzeko eta mobilizatzeko, «baldintza agiri horiek kendu eta berriak egin ditzaten», sindikatuek aldarrikatu dituzten parametroen arabera: «Akordio negoziatu eta tenporalizatu batean oinarrituta aplikatzea, modu transitorioan, eta egun lanean ari diren pertsonentzako bermeekin».