NAIZ

25 urteko langile bat hil da Muxikan, basoko lanetan ari zela

Langile bat hil da gaur goizean Muxikan, basoko lanetan ari zela, Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Azken sei egunetan lan istripuz zendu den hirugarrena da; Euskal Herrian dagoeneko 31 dira aurten.

Durangon joan zen ostiralean izan zen lan istripua salatzeko elkarretaratzea egin zuten sindikatuek atzo. (Gorka RUBIO/FOKU)
Durangon joan zen ostiralean izan zen lan istripua salatzeko elkarretaratzea egin zuten sindikatuek atzo. (Gorka RUBIO/FOKU)

Basoko lanak egiten dituen enpresa bateko langile bat hil da gaur goizean Muxikan, Zugastietan, Lakuako Segurtasun Sailak berri eman duenez. LABek zehaztu duenez, 25 urte besterik ez zituen eta CO2 enpresako behargina zen. Sortzez Ekuadorrekoa zen eta Durangon bizi zen.

Sos Deiaken Larrialdi zerbitzuek goizeko 9.00ak aldera jaso dute lan istripuaren berri ematen zuen deia. Osakidetzaren helikoptero bat bertara joan da mediku batekin eta langilea han bertan artatu du, baina hil egin da.

Istripua zerk eragin duen ikertzen ari dira.

LABek elkartasuna adierazi die hildakoaren senide eta gertukoei eta basoko lanen sektorean dauden «arrisku handiez» ohartarazi du: «Makinaria arriskutsuak erabiltzen dira, kontrako klimatologia, lur malkartsuetan lana... sektore honetan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira, langileen osasuna eta bizitzaren gainetik irabazi ekonomikoak nagusitzen direlako hemen ere». Horregatik, azken heriotza honen arrazoiak ikertzeako eskatu du: «Lan baldintzak eta lan erritmoak barne. Erantzuleak seinalatu behar dira».

Sindikatuak nabarmendu duenez, «kezkagarria eta asaldagarria» da lan istripuak gero eta gehiago izatea urtez urte. Bere ustez, lan istrupuen gorakada «prekarizazio politikaren ondorio zuzena da, baita erakundeek lan osasunean egiten ez duten kontrol zehatzarena ere». Lan arriskuen prebentzioan «behar diren neurriak» hartuko balira eta sortutako enplegua kalitatezkoa balitz lan istripuek «ez lukete zertan igo behar» LABen aburuz.

Egoera horren aurrean, erakundeei eta gobernuei «beste aldera begiaratzeari uzteko eta behingoz lan osasun politikak errotik aldatzeko» exijitu die, lan istripu gehiago egon ez dadin.

Hiru hildako Muxikan basoko lanetan

LABek emandako datuen arabera, Muxikan hiru langile hil dira azken hiru urteotan basoko lanetan ari zirela.

Gaurkoarekin hiru dira Euskal Herrian astebetean lan istripuz zendu diren langileak. Aurreko biak joan zen ostiralean izan ziren. Lehena Durangon, eraikin batean lanean ari zen 22 urteko behargin batek erorikoa izan zuen eta hil egin zen. Atzo bertan sindikatuek elkarretaratzea egin zuten ezbeharra gertatu zen tokian. Bestea Erriberrin izan zen, garraiolari bat zendu zen bere kamioitik jaitsi eta ibilgailu batek harrapatuta.

Euskal Herrian dagoeneko 31 dira aurten lan ezbeharren ondorioz zendu direnak, LABen zenbaketaren arabera.

Zifra onargaitza

ELAk ohartarazi du Euskal Herriak «egoera oso larria» bizi duela lan istripuei dagokionez. Iaz 70 pertsona hil zirela gogoratu du eta, aurten 31, hiru uztaileko lehen zazpi egunetan. «Zifra onargaitza» dela dio.

Sindikatu honek ere nabarmendu du aurten hiru pertsona hil direla basoko langileen artean, antzeko egoeretan. «Eta, are kezkagarriagoa dena, Muxikako udalerrian, zehazki, baso lanetan lan eginez, gaurko heriotza horrez gain, beste bat zenbatu genuen 2020ko uztailean eta beste bat gehiago 2019ko martxoan ere», ohartarazi du.

ELAk salatu du enpresetako zuzendaritzak, Osalanek eta Administrazioak ez dutela bitartekorik jartzen egoera hauek ez gertatzeko ezta zigor «gogor eta eredugarririk ezartzen».

Sindikatuak dei egiten die herritarrei datozen orduetan azken lan-heriotzak salatzeko deituko diren elkarretaratzeekin bat egiteko.

CCOOk ere ezbeharra gaitzetsi eta enpresa askok prebentzio neurriak ez dituztela ezartzen salatu du, nahiz eta derrigorrezkoa izan. 

UGTk ere lan istripuaren ikerketa sakona egin dadila exijitu du.