Poz-pozik agertu da Asier Goirian ostegun goiz honetan Urritxen, Amorebietaren denboraldi-aurreko lehen lan-saioaren aurretik, Mikel San Joserekin akordioa oso aurreratuta zegoela onartuz Ordu gutxi beranduago konfirmatu da: jokalari nafarra talde urdinaren zazpigarren fitxaketa da. Urtebeteko kontratua sinatu du eta bihar bertan hasiko da bere talde berriarekin lan egiten.
San Josék Amorebietari falta zaion esperientzia emango dio, dudarik ez. 32 urteko atzelari/erdilari iruindarrak Txantrean eta Ardoien hasi eta Athleticen eta Liverpoolen harrobietan eman zituen lehen urratsak. Bilbora itzuli zen 2009an, Liverpoolek utzita eta urtebete beranduago 2’7 milioi ordaindu zizkion talde gorriari futbolariaren fitxaketaren truke. Hamaika denboraldi eman zituen kamiseta zuri-gorriarekin, Lehen mailan 300 partida baino gehiago jokatuz.
Iaz etapa berri bati ekin zion Ingalaterrara itzuliz, kasu honetan Championshipeko Birmingham Cityrekin lehiatzeko. 28 partida jokatu ditu orain berriro etxera bueltatu arte.
Atzelaria bere hasieran, zelai-erdira igo zen gero eta posizio horretan eskaini du bere errendimendurik onena. Areara igotzea gustokoa du ere, bere taldetako errekutso ofentsiboetako bat bilakatuz.
️"Oso denboraldi polita eta ilusionantea daukagu aurretik", @mikelsanjo6-ren hitzak.
— SD Amorebieta (@SDAmorebieta) July 8, 2021
#aupaAZULES pic.twitter.com/oYCkuw4ZwM
Amorebietak San Joseren lehen hitzak zabaldu ditu sare sozialen bidez. «Oso pozik nago hemen egotearren eta oso denboraldi polita eta ilusionantea daukagu aurretik. Aupa Amorebieta! Eta Aupa azules!», esan du jokalariak.
Zazpi fitxaketa
Amorebietak futbol profesionalean debuta egiteko eraikitzen ari den proietuaren zazpigarren fitxaketa da Mikel San Josérena. Aurretik, talde bizkaitarrak Oier Luengo zornotzarra, Markel Lozano jokalari-ohia, Iker Amorrortu, Óscar Gil, Josu Ozkoidi eta Lander Olaetxea sinatu zituen. Aurreko denboraldiko 18 jokalariek bertan jarraitu dutenez, 25 fitxak okupatuta ditu talde bizkaitarrak Liga hasteko hilabete luze bat falta denean.