Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Anbizioa ez da nahikoa emakumeak zuzendaritza postuetara iristeko

EAEko enpresetako zuzendaritzak eta administrazio kontseiluak genero parekidetasuna lortzeko urruti daude oraindik. Egoera «desoladorea» da. Hala adierazi dute goi-karguetara iristea lortu duten emakume batzuk EHUko Udako Ikastaroen baitan.

Rodríguez pantailan eta Arriola, Gómez eta Muriana mahai-inguruan, EHUko Udako Ikastaroetan. (Iñigo URIZ/FOKU)
Rodríguez pantailan eta Arriola, Gómez eta Muriana mahai-inguruan, EHUko Udako Ikastaroetan. (Iñigo URIZ/FOKU)

Aldaketa egon badagoela nabarmendu ez balitz, EHUko Udako Ikastaroetako “Emakumeen enpresa-lidergoa, goi-mailako erabaki postuak helburu” izeneko ziklora joan diren emakumeak edo online jarraitu dutenak noizbait goi-kargu bat erdiesteko esperantza oro erauzita aterako lirateke ikastarotik; lur jota, kristalezko sabaiak zanpatuta.

Anbizioa, formakuntza, esfortzua, lidergoa, erresilientzia eta gisako hitzen bueltako saio horietako bat izan da, baina gogo eta nahi indibidual horiek kasik jokoz kanpo utzi ditu Sara de la Rica Goiricelaya EHUko katedratikoak zifren bidez zedarritutako emakumeek lan-merkatuan duten egoeraren argazki «desoladoreak» –de la Ricak berak esanda–. Iseak Fundazioko zuzendaria ere bada eta talde honek ondutako bi ikerketen emaitzen berri eman du, bat EAEko gazteek lan-mundura sartzean dituzten baldintzei buruzkoa, bestea amatasunak enpleguan duen ondorioei buruzkoa.

Metraileta kargatu eta tiro: EAEko 3 gaztetatik 2 baldintza txarrak eskaintzen dituen lan batean hasten da lan-merkatuan, horietatik %74 emakumeak dira eta %32 gizonak.

Handik bost urtera, emakumeen %45ak eta gizonen %32ak lan prekarioetan segitzen dute. Hamar urtera, soilik %32ra jaisten da zifra hori andrazkoen kasuan eta %19ra gizonezkoen kasuan.

Kontrara, lan-merkatuan sartzerakoan baldintza onak eskaintzen dituen lan batean hasiz gero, gizonezkoek %13ko probabilitatea dute handik bost urtera lan prekario batean egoteko. Emakumeek, aldiz, %47ko probabilitatea. Urteak igaro ahala, genero-desberdintasuna, hasieratik nabarmena dela, areago sakontzen da.

«Iraganean lan-egoera txar bat izateak gehiago baldintzatzen ditu emakumeak gizonak baino», ondorioztatu du de la Ricak, eta hasierako egoera prekario hori kasu askotan urteetan tenkatzen dela ohartarazi.

Administrazio kontseiluetarako karrera malkartsuak amildegira ematen du amatasuna jokoan sartzen denean, zeren, EHUko katedradunak argi utzi duenez, aitatasuna jokoz kanpo geratzen da. Gehiago esateko: guraso izan gabe ere, bikotekidearekin bizitzera joateak (bikote heterosexualen kasuan, gainontzeko aukerak ez dira aztertu) emakumeen lan-egoeran eragina du.

Emakume aktiboen –lanean edo langabezian daudenen– portzentajeak %11 egiten du behera haurrak dituztenean. Gizon aktiboen bataz bestekoa %96koa da, seme-alabak izan edo ez, hau da, haurren eragina gizonengan, zentzu honetan, «zero» da.

Bost urte baino gutxiago dituen seme edo alabadun aiten %86a lanaldi osoan ari da lanean, amen kasuan, berriz, %51. Hau da, emakume askok lanaldia murritzen dute haur bat izaterakoan, eta %20ak «lan merkatua uzten du haur txiki bat duenean», Sara de la Ricaren esanetan.

Haur horrek 5-15 urte artean baditu, gizonen laneko inplikazioak gora egiten du, %90ak lanaldi osoz egiten du lan. Andrazko batzuk lanaldi osora bueltatzen dira eta, ondorioz, lanaldi osoan aritzen direnen portzentajea %61era igotzen da. Dena den, gizon eta emakumezkoen arteko aldea izugarria da.

Sara de la Rica: «Emakumeek hasieran pairatzen duten lan-prekarietatearen aurrean, eta ikusita horrek nola segitzen duen denboran kasu askotan, zailagoa da emakumeentzat erabakiguneetara iristea»

Eta kezkagarria arrazoiei behatzen bazaie: soilik seme-alabadun emakumeen %11ak murrizten du lanaldia beraiek hala nahi izan dutelako. Gainontzekoak ondorengo arrazoiak ematen dituzte: formazio- edo ikasketa-aldian dagoelako (%4), zaintza lanak dituelako (%29) edo ez dutelako lanaldi osoko enplegurik lortzen (%44). Zaintzaren kasua aipagarria da hemen, izan ere, seme-alabarik ez duten emakumeen soilik %2ak murriztu du lanaldia zaintza lanengatik, eta ama izaterako orduan %29ra igotzen da portzentajea.

Eta «desoladorea» da, EHUko katedradunaren hitzetan, kontratu partzialak dituzten emakume horiek ez direlako goi-karguetara iritsiko, lanaldi partzialak ez direlako promozionatzen, ez EAEn, ez «inon».

Ondorioz, emakumeen partzialitatea «guztiz nahigabekoa» edo bilatu gabekoa dela nabarmendu zuen Iseak Fundazioko zuzendariak. Zehaztu zuen, halaber, partzialitate altuaren arrazoia ez dela sektore feminizatuek partzialitate tasa handia dutela, zenbaitek defendatzen duten moduan, baizik partzialitatea «emakumeena» dela: «Lanaldi partzialak ditugu sektore guztietan.

«Emakumeek hasieran pairatzen duten lan-prekarietatearen aurrean, eta ikusita horrek nola segitzen duen denboran kasu askotan, zailagoa da emakumeentzat erabakiguneetara iristea», borobildu zuen de la Ricak. 

Ahalduntzea giltzarri​

Agian besteak baino anbiziosoagoak direlako, erresilienteagoak, gehiago formatu direlako, lan gehiago egin dutelako. Agian seme-alabarik ez dutelako izan edo lanaldirik ez dutelako murriztu. Edozein dela arrazoia, badira emakumeak EAEko zuzendaritza postuetan. Eta horietako hiru agertu dira EHUren Udako Ikastaroetara, han, hezur-azal, Donostiako Miramon Jauregian. Marisa Arriola, Alicia Gómez eta Arantza Muriana, denak goi-kargudun emakumeak; hurrenez, hurren, Bic Berrilan, Didea eta Biobide enpresatan. Ez zaie botere hitza gustatzen, «ardura» baizik. Eta anbizizo «osasuntsuan» sinesten dute.

Marisa Arriola: «Gobernuaren estrategiarekin lotuta egongo da honen guztiaren aldaketa, emakumeek kristalezko sabairik ez izateko zuzendutako politikei lotuta»

María Pilar Rodríguez Deustoko irakasleak egin ditu moderatzaile lanak pantailaz bestaldetik, eta hiru mahaikideei galdetu die ea uste duten «lidergo femeninoa» existitzen ote den. Ezetz hirurak, nahiz eta egia den emakumeen egiteko moduak «onuragarriak» direla enpresentzako, hala nola, Arriolak esanda, «aldaketarako prestutasuna, egitura malguak, pertsonak erdigunean jartzeko gaitasuna». «Enpatia», erantsi du Alicia Gómezek. Eta «erresilientzia» Murianak. «Emakume gehienak zaintzaileak gara eta badakigu ardurak hartzen. Batzuetan erabakitzen dugu beste arlo batzuetan hartzea ardura horiek, ez enpresaren arloan. Baina erresilienteak garela demostratu dugu, bestela ez ginateke hemen egongo», agertu du azkenengoak.

Ikastaro hau bultzatu duen Aspegi Emakume Profesional, Enpresari eta Zuzendarien elkarteko sari bana dute hizlariek eta ibilbide luzea atzetik. Gómezek gogoratu du sekula ez duela emakume «lider» bat izan, eta ingeniaritzako graduan soilik bi neska zirela 200 mutilen artean. Ordutik hona, «transformazio» zantzuak ikusten ditu eta horretan jarraitzeko beharra nabarmendu. «Aldaketa prozesu batean gaude», berretsi du.

Dena den, administrazio kontseiluetan «batez ere» gizonak ikusten direla aipatu du. Gauzak horrela izatearen arrazoietako bat, bere ustez, emakumeen ahalduntze falta da: «Historikoki, emakumeak bere buruarengan konfidantza gutxi izan du. Neskei segurtasuna eman behar diegu», aldarrikatu du.

Marisa Arriolaren ustez, ordez, «Gobernuaren estrategiarekin lotuta egongo da honen guztiaren aldaketa, emakumeek kristalezko sabairik ez izateko zuzendutako politikei lotuta». Eta aholku batzuk bota ditu etorkizunean zuzendaritzan postua izatea amets duten belaunaldientzat: «Ikasi, formatu, esfortzuak egin, beti erronkak begiz jota izan, disfrutatu».