Fernando Alonso Abad

Milioika kilometro, mugagabeko besarkadak

«Senide eta lagunei esker izan ez balitz, hura guztia ezingo genukeen jasan». Joseba Artolaren esaldi hori hitzez adierazitako sentipen komun baten oihartzuna da, Puerto gogoan dela.

«Puertoko busa«, Gasteiztik ateratzen 2007. urtean. (Raul BOGAJO | FOKU)
«Puertoko busa«, Gasteiztik ateratzen 2007. urtean. (Raul BOGAJO | FOKU)

«Beharbada ahaideen garrantzia ez da nahikoa balioetsi –dio Eugenio Irastorzak-. Espetxe barruan bai, jakina, baina kanpoan agian ez». «Kartzela askatasun eza bada, barruan dagoenari berdin zaio hemen edo han egotea -jarraitu du-. Baina familientzat ez da gauza bera, noski. Senideak eta lagunak presoaren sostengua izanik, haiek zigortzea izan dute helburu beti. Eta barruan presoak hori nola bizi duen izan behar da kontuan: bidaia luzean pentsatzen beti, istripuen beldur...», aipatu du Irastorzak, Puerton edo beste espetxe askotan bizitakoa gogoan.

Izan ere, urrunketak suposatzen duenaz gain: zama ekonomikoa, bidaia amaigabeetan galdutako orduak, baita bestelako arazoak ere -haurtzaroa, nerabetasuna, zahartzaroa...-, preso ohi guztiek hauxe azpimarratu dute: barruan sentitzen den ezinegona. «Etxetik irteten direnetik zuk ikusten dituzun arteko orduak buruari bueltak ematen iragaten dituzu, ea nola egongo diren, nondik... -gogoratu du Irastorzak-. Gero, ikusten dituzunean erlaxatzen zara. Baina bisita bukatu ondoren, berriro ezinegona etxera ongi heldu direla jakin arte».

Trabak traba, senideek beti bilatu dituzte erak maite duten espetxeratuarekin egoteko. Senideentzat sakabanaketa eta urrunketaren enblemarik bada, hori ‘Puertoko busa’ dela inork ez du zalantzan jartzen. Aurretik ere antolatu behar izan zituzten busak errepresaliatuak zeuden espetxeetara joateko, baina ‘Puertoko busak’, Andaluziarako ibilbideak, badu zera berezi bat, ahaideek Espainiako espetxeetara egindako bidaia zenbatezinen ikurra bihurtu duena.

Milaka kilometro, 40 orduko bidaiak, baita erasoak ere, baina presoen senideek ez dute sekula hutsik egin. Jabotxa Fernandezek adibide bat jarri du: «Isolamenduan bisitak bost minutukoak ziren eta telefono deiak ez zeudenez, gure senideak Puertoraino jaisten ziren komunikazioak izango ote ziren jakinik gabe; eta Puerton bertan ere, egun osoa itxaron behar izaten zuten, ez baitzieten esaten bisita zuten edo ez, eta ezta noiz izango zuten. Guk ere ez genekien gure familiak kanpoan ote zeuden».

Bisitarik gabe ere, hantxe

Joseba Artolak gogoan du Puerto IIra ailegatu bezain pronto protesta eta txapeoei ekin zietela, baina, nola nahi ere, senideek jarraitu zuten Cadizeko espetxe aurrean azaltzen. «Ezin genuen komunikatzera irten -esan du-.  Hala ere, sei hilabete luzez hamabost egunean behin hara joan ziren, argi eta garbi uzteko arazoa ez ginela gu, kartzelaren jarrera baizik». Azkenean, euskal presoek garaipena lortu eta ziegetatik irteten ziren bakoitzean biluztu beharra bertan behera utzi zuten.  

Ahaideak beti mantendu dira presoen alboan, behar den lekura joaten eta behar denekin elkartzen. «baita apezpikuarekin ere», esan du Artolak, irribarretsu.  «Gauza asko lortu genituen haiei esker; inoiz huts egin ez eta eten barik mugitu ziren senideei esker», azpimarratu du.

Aurrerantzean ez ‘Puertoko busik’ ez Mirentxineko furgonetarik ez dira berriro Puerto de Santa Marian ainguratuko, euskal preso politikorik ez dagoen beste espetxe batzuetan jada egiten ez duten moduan. Tantaka-tantaka, espetxeratuen senide eta lagunen sufrimenduaren errepideak isten ari dira.