NAIZ

Madrilen sinatutako akordioaren gabeziak salatu dituzte Hego Euskal Herriko pentsiodunek

Euskal Herriko Pentsiondunen Mugimenduak deituta, kalera atera dira berriro ere milaka lagun Bilbon, Donostian eta Iruñean. Madrilen UGT eta CCOO, patronala eta Gobernu espainolaren artean sinatu berri den akordioaren gabeziak eta ekarriko dituen murrizketak gaitzetsi dute.

Nafarroako Pentsiodunen Mugimenduaren mobilizazioa. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Nafarroako Pentsiodunen Mugimenduaren mobilizazioa. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Euskal Herriko Pentsiodunen mugimenduak Pedro Sanchezen exekutiboari 2011ko erreformak aldatzeko prestutasunik ez duela aurpegiratu dio Bilbon –1.500 pertsona inguruk parte hartu dute antolatzaileen arabera–, Iruñean eta Donostian egin diren mobilizazioetan. Izan ere, «onartezin» gisa jo dute erretiro adina 67 urtera luzatzea, pentsioa kalkulatzeko beharrezkoak diren kotizazio urteak 25 urtera arte gehitzea eta pentsioaren %100 jasotzeko 37 urte kotizatu beharra.

Pentsiodunen mugimenduak 1.080 euroko gutxieneko pentsio «duina, bidezkoa eta nahikoa» bermatzea eskatzen du. «Horretarako, enplegua prekarizatu eta kotizazioak murrizten dituzten lan erreformak indargabetzea», aldarrikatzen du mugimenduak.

Bestalde, Madrilen Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren akordioan adostutakoa betetzeko eskatu diote pentsiodunek Sanchezen exekutiboari. Zehazki, akordioan espainiar Estatuak pentsio sistema publikoaren finantzaketaren hutsuneak bere gain hartuko zituela adostu zuten. Hala ere, Sanchezen Gobernuak emandako hitza bete ez duela salatu dute pentsiodunek.

Pribatizazioaren harira, ohartarazi dute enpresako plan pribatuen bidez «pentsioen sistema publikoaren pribatizazioa bultzatuko dela. Horren ondorio zuzenak «beharginek urte gehiagoz lan egin behar izatea» eta «pentsio gutxiago kobratzea» izango direla aurreikusten dute manifestariek.

Irakunkortasunari dagokionez, pentsiodunek positibotzat jo dute formalki indargabetzea. Hala ere, espainiar Gobernuak iraunkortasun faktorearen ordez belaunaldi arteko ekitate indizea martxan jarriko duela gogorarazi dute. Horrela, mugimenduak ohartarazi du faktore berri honek «era negatiboan» eragingo diela pentsio berriei.

Gainera, erretiratuek beraien pentsioen inguruko negoziaketetan parte hartzeko nahia plazaratu dute. Zehazki, Sanchezi eskutitz bat bidali diote elkarrizketarako hitzordua eskatuz. Bertan, pentsio duinak bermatzeko PSOE-UPren exekutiboak dituen proposamenak ezagutu nahi dituzte.

Hurrengo mobilizazioak

Bizkaiko pentsiodunen bozeramailea den Jon Fanok baieztatu du mobilizazioekin jarraituko dutela: «Seguraski Bilboko ez-jaietan beste ekimen bat antolatuko dugu. Gainera, esan dezaket irailaren lehenengo astelehetik aurrera lau hiriburuetan eta Hego Euskal Herriko beste 70 herritan martxan jarriko garela».