NAIZ

Turismo marka bateratua eta autobus zerbitzua aurkeztu dute Donostiak eta Biarritzek

‘Donostia-Biarritz. Bi hiri, gune bakarra’ turismo marka berria sortu dute Gipuzkoa eta Lapurdiko hiriburuek, turismoaren arloan bi hirien artean marka bakarra sustatzeko helburuz. Autobus zerbitzu berria ere jarriko dute martxan, astean hirutan Donostia eta Biarritz lotuko dituena.

‘Bi hiri, gune bakarra’ turismo markaren aurkezpena. (DONOSTIAKO UDALA)
‘Bi hiri, gune bakarra’ turismo markaren aurkezpena. (DONOSTIAKO UDALA)

Donostiako eta Biarritzeko turismo erakundeek ‘Donostia-Biarritz. Bi hiri, gune bakarra’ turismo marka berria sortu dute, «ezaugarri komun ugari» dituzten bi hiriak epe luzera begira elkarrekin bultzatzea helburu. Gainera, bi hiriak 60 minutuan elkartuko dituen zuzeneko autobusa jarriko dute abian.

Astelehen honetan aurkeztu dute Donostian Cristina Lage hiriko Turismo Jasangarriko zinegotziak eta sail bereko Biarritzeko zinegotziak, Ricard Tardits-ek, turismo marka berria, eta uztailaren 14tik aurrera jarriko dute martxan bi hiriak lotuko dituen autobus zerbitzu zuzena.

«Europako iparraldeko eta Asiako bisitariengana iristea» eta bi hirietako turismo guneak «udako goi denboralditik kanpo» ere bultzatzea bilatzen dute Gipuzkoa eta Lapurdiko hiriek ekimen honen bitartez.

Lagek nabarmendu du kostaldeko hiri hauek estrategia hau abiatu dutela «marka bakar» eta «prestigiodun» gisa garatzeko, atzerriko publikora «hobeto iristeko».

«Bestalde, gertuko bisitariei batez besteko egonaldia luzatzea ahalbidetuko lukeen turismogune komuna eskaintzea du helburu. Horretarako, eskaintza anitzagoa jasotzen du, ahaidetutako bi hirien arteko kultura, gizarte eta ekonomia arloko truke eta mugimenduari balioa emanda», nabarmendu du.

Donostiako zinegotziak gaineratu du ‘Bi hiri, gune bakarra’ turismogune «txiki edo ertainak» bilatzen dituzten bidaiariei zuzenduko zaiela, «kirol esperientziak, ongizatea, gastronomia edo premium zerbitzua nahi duten horiei».

Azpimarratu du, halaber, Donostia eta Biarritzek elkartzen dituzten ezaugarri komun ugari dituztela, «gozatzeko erraza den bizimodua, euskal kultura eta hizkuntza, kasurako»: «Glamour-ean sartuta dauden eta honako hauen guztien erakusgarri argiak diren bi hiri dira: Belle Epoque garaia, goi mailako gastronomia, kostaldea eta surfa, erosotasuna eta distantzia laburrak. Gainera, hiri bakoitzaren nortasuna finkatzen duten eta elkar osatzen dituzten ezberdintasunak ere badituzte».

Richard Tardits-ek esan du, bere aldetik, etorkizunean bi hiriek garatu nahi duten elkarlanaren lehen pausoa dela honakoa, eta honen bidez turismogune bakar batean bilakatzen direla, hiriak «munduko turismoguneen mapan kokatuz».

Autobus zerbitzua

Hiri bat bestearekin lotuko duen autobus zerbitzua, bestalde, asteazken, ostiral eta igandeetan egongo da eskuragarri, uztailaren 14tik abuztuaren 31ra.

Joan-etorriko bidaiak 10 euroko kostua izango du (5 euro 16 urtetik beherakoentzat) eta sarrerak www.sansebastianbiarritz.com helbidean edo bi hirietako turismo bulegoetan egongo dira eskuragarri.