Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad

‘Egin’en itxiera ez da iragana 23 urte pasa ostean: gertaerak eta sareak lekuko

Sare sozialetan ostegun honetan argi geratu denez, uztailaren 15ak ‘Egin’ eta Egin Irratia itxi zituzten eguna izaten segitzen du euskal hiritar askorentzat, 23 urte pasatu diren arren. Iraganeko kontua ez dela argi geratu da.

‘Egin’eko langileak, itxitako Hernaniko erredakzio nagusiaren alboan. (Andoni CANELLADA)
‘Egin’eko langileak, itxitako Hernaniko erredakzio nagusiaren alboan. (Andoni CANELLADA)

Oraingo NAIZeko harpidedun eta irakurle askotxo orduan ez zen jaioa. Bizi izan genuenontzako eguna betirako gogoan iltzaturik geratu da. Sanferminak bukatu berriak zirela, gaur bezalako egun batean, 1998ko uztailaren 15ean, Baltasar Garzonen aginduz itxi zituen Poliziak ‘Egin’ egunkaria eta Egin-Irratia, bai eta haren arduradunak atxilotu ere. Bidegabeki, gero Entzutegi Gorenak berak onartu zuenez. Ondasuna, gainera, galtzen utzi zuten, epai-administrazioaren utzikeria zela medio.

Iraganeko kontua zela pentsa liteke, pentsatu nahiko genuke agian, baina ez da. Orainaldiarekin oso lotura zuzena du oraindik orduan egindakoak. Hiru seinale: aurten bidegabeki bizkarreratu zaion ‘Egin’eko zorra guztiz kitatzea lortu du GARAk, herri sostenguari esker (hiru milioi guztira); martxoan hil zen Pepe Rei, ‘Egin’en idazteagatik bortizki jazartua izan zen kazetaria, laudorio eta maitasun adierazpen asko jasoaz; eta une honetantxe ‘dena da ETA’ oinarri duen enegarren epaiketa ari da burutzen Auzitegi Nazionalean, 13/13 delakoa.

Sare sozialetan argi gelditu da ostegun honetan, goizean goizetik, ‘Egin’i Aznarren Gobernuaren bultzadaz egindakoa ez dela ahaztu. 1998ko sarekada horren ostean luzatu den errepresio eta espolioaren kate honi errepatu dio batek baino gehiagok.

Jose Maria Aznar orduko Espainiako presidenteak honela aldarrikatu zuen operazioa, Turkiatik: «Ez ginela ausartuko uste al zuen?». Adierazpen askatasunaren aurkako erasoa bere gain hartzeaz gain, harrokeriaz egin zuen PPko ordezkariak. Gaur, ia mende laurdena pasata, itxiera hura Estatu espainolaren demokrazia mailaren adierazle dela nabarmendu dute batzuk:

Hori dena bihurgunez beteriko agertoki batean gertatu dela gogoratu du Eva Aranguren kazetari eta zinegotzi ohiak:

Mezu askotan maitasunez begiratzen zaie ‘Egin’ eta Egin-Irratia. Fermin Muguruzak, esaterako: