NAIZ

Gizon bat atxilotu dute Bilbon, arreba lotu eta bortxaz eramaten saiatu ondotik

49 urteko gizonezko bat atxilotu dute ostegun honetan Bilbon, arreba esku eta hanketatik lotu eta autoan indarrez eramaten ahalegintzeagatik. Baita harengana hurbiltzeko epailearen agindua hausteagatik ere. Emakumeak askatu eta ihes egitea lortu zuen.

Eraso matxista bat salatzeko elkarretaratzea egin zuten ekainaren 14an Berrizen. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Eraso matxista bat salatzeko elkarretaratzea egin zuten ekainaren 14an Berrizen. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Gizonezko bat atxilotu dute Bilboko Indautxu auzoan, 49 urtekoa, arrebaren kontrako eraso matxista batengatik. Aurrekariak zituen eta epaileak arrebarengana hurbiltzea eta harekin komunikatzea galarazia zion. Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, agindu hori hautsiz, hankak eta eskuak lotu zizkion atzo emakumeari eta honen autoa gidatuz bortxaz eramaten ahalegindu zen. Ertzainek ostegun honetan atxilotu dute gizona, ostatu hartua zuen hotelean.

Iturri berek azaldu dutenez, asteazken goizeko 10.20ean, emakumeak bere kotxea Indautxuko lur azpiko garaje komunitario batean aparkatu zuenean eraso zion anaiak. Zain zuen eta mehatxu artean hankak eta eskuak lotu zizkion zinta itsasgarri lodi batekin. Jarraian, autoan sartu zuen, bolantean jarri zen eta errepidera atera zen.

Emakumeak askatzea lortu zuen

Behin kanpoan, Perez Galdos kalean, emakumeak askatzea lortu zuen eta kotxetik salto egin zuen, ibilgailua martxan bazegoen ere. Horregatik, min hartu zuen. Orduan, gidariak atzera egin zuen eta irekita zegoen gibeleko atea hautsi zuen zutoin baten kontra jota. Ihesari eman zion erasotzaileak, eta Areilza Doktorearen kalean utzi zuten arrebaren autoa. Giltzak, telefono mugikorra eta dirua lapurtu zizkion bertatik, eta dirua izan ezik gainerako guztia aurkitu zuen Ertzaintzak zaborrontzi publiko batean.

Ertzaintza eta Bilboko Udaltzaingoa gizonaren bila abiatu ziren eta, adierazi dutenez, emakumeari arreta eman zioten hasieratik polizia zerbitzuek. Ostegun goiz honetan lortu dute erasotzailea atxilotzea, hotel batean. Bilboko komisariara eraman dute, eta epaileen esku utziko dute.