Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Entrevista
Aitor Albizu Intxausti
Bizikasi ekimenaren arduraduna

«Talde kohesioa eta giro ona dira bullying-ari aurre egiteko bitarteko nagusiak»

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bullyingari aurre egiteko abian den Bizikasi ekimenaren arduraduna da Aitor Albizu. «Bizikidetza gehiago, eskola jazarpen gutxiago» udako ikastaroa zuzendu du EHUn. Adierazi duenez, giza eskubideen urraketa honen aurka egitea betebeharra da, eta Bizikasi denontzat da.

Aitor Albizu Intxausti, Bizikasi ekimenaren arduraduna. (Maialen ANDRES / FOKU)
Aitor Albizu Intxausti, Bizikasi ekimenaren arduraduna. (Maialen ANDRES / FOKU)

Johan Galtung soziologoaren arabera, indarkeria sortzen da pertsona batek ezin dituenean bere gaitasunak ahalik eta gehien garatu, faktore eragozleak dituelako. Zer ondorio ditu horrek eskolan?
Eskola jazarpenak ikasleen garapena mugatzen du, baina ez soilik haiena. Denengan du eragina: jazarria den pertsonaren garapen osoan, orain eta etorkizunean, autoestimua urratuta geratzen delako. Erasotzaileak indarkeriaren etekin soziala ikasi du, eta elkarbizitza eredu batera garamatza horrek. Ikusleengan beldurra sortzen du, gerarazten duena, eta etiko-moralki ezin izatea garatu ekartzen du. Irakasleek autoritatea galtzen dute. Ez badiote buru egiten, nahi gabe egoera injustu horren konplize bihurtzea gerta daiteke. Familiak autoinkulpazio gisa bizi du askotan eta mesfidantza garatu ahal du. Sufrikario handia dago, gehien maite duena menderatuta ikusi duelako. Ikastetxean ere eragin izugarria dauka: ez badio aurre egiten, zer-nolako instituzioa da? Dinamika sozial konplexu bat da, zorigaiztokoa, denean dagoena. Enpresetan ere badago berdinen arteko jazarpena. ‘Eskola jazarpena’ terminoak gehienbat adinari egiten dio erreferentzia.

Eta ezin da ziberjazarpenetik bereizi.
Offline eta online bizitzaren mugarik ez dago umeentzat. Eta ezin dugu bizikidetzaz hitz egin ziberbizikidetzaz hitz egin gabe. Hor ere hezi behar dugu, beraz: zer kode ezagutu behar dituzten, zer eragin izan dezakeen Whatsapp edo Facebookez esaten dugun edozerk… 9 urteko neska-mutilen %72k smartphone bat du. 12 urterekin, %98raino igotzen da zenbakia. Maneiatzen jakin behar da, etikoki.

Zer ekarpen egin nahi du Bizikasi ekimenak?
Euskal hezkuntza sisteman lan piloa egin da urteetan bizikidetza eraikitzen eta Bizikasik proiektu horiek ardaztu nahi ditu, eta puri-purian mantendu gaia. Bizikidetza denoi dagokigu eta denon artean eraiki behar dugu, egunero. Harreman sare bat da bizikidetza, non komunikazio prozesuak, sentimenduak, balioak, rolak ematen diren, baita estatusa eta boterea ere. Ulertu, hezi, garatu behar da hor. Eta hori era pautatuan egiteko prestakuntza doitua ematen die Bizikasik ikastetxe eta familiei.

Eskola publiko guztietan Bat taldea eratu duzue.
Bullyingaren Aurkako Taldea esan nahi du; Bizikidetzaren Aldeko Taldea ere bai. Zuzendaria, orientatzailea eta hezkidetzako arduraduna daude barnean, genero ikuspegia oso garrantzitsua delako. Bi zeregin nagusi ditu: ikastetxeetan bizikidetza eraikitzeko proposamenak egitea. Eta, zoritxarrez, jazarpen egoera bat balego, hori ebazteko prozesua lideratzea. Umeren bat jazarria dela sumatzen dugunean inportantea da ikastetxeko komunitate osoak jakitea erreferentzia talde bat badela.

Bizikasiren hirugarren ekarpena erreminta ugari eskaintzea da, jazarpena detektatzeko. Bizikasi.euskadi.eus webgunean daude. Ikastetxeek musu truk jaso dezakete gaztetxoekin gelan lantzeko material ona.

Aipatu nahi dudan laugarren elementua ikasleen ahalduntzea da, euren partaidetza ezinbestekoa baita jazarpena ager ez dadin. Eurak dira protagonistak eta eurak izan litezke jokabide erasotzaileak baimentzen ez dituztenak eta bizikidetza eraikitzen dutenak.

EHUko ikastaroan esperientzia zehatzak landu dituzue.
Otxandioko ikastetxeak ikasleen partaidetza bultzatzen du asanbladen bidez. Ikasleek ikastetxeko egoeraren diagnostikoa eginez proposamenak luzatzen dizkiote hezkuntza komunitateari. Elkarbizitza zirkuluetan, bestalde, konpon litezkeen eremuak identifikatu eta eztabaiden bidez konpromisoak hartzen dituzte.

Ikasleen partaidetza zenbat eta nabarmenagoa izan, jazarpen gutxiago dago. Partaidetza horizontala, eraginkorra. Irungo Toki Alain, ‘zibermanager’ sistema martxan dute. Honen bidez, ikasle helduagoek gazteagoei erakusten diete ziberespazioan eta sare sozialetan segurtasuna eta pribatutasuna zaintzen. Berdinen arteko irakaskuntzak izugarrizko ahalmena du pedagogikoki: sareak osatzen dira, afektiboak eta intelektualak. Bizikidetza proiektu batek honakoa eduki behar du beti jomugan: ikastetxearekiko zenbat eta lotura sentimendu handiagoa eratu, hobeto. Denok izateko kolektibo sozial eta intelektual baten parte. Sistema desberdinetan eragiten dugu: gelatik ikastetxera pasatzen gara, eta handik herrira.

Aro digitalean jaiotakoek sareetan ibiltzeko tresnak berez lortzen dituztela dirudi.
Falazia bat da hori. Ikasi egin behar da. Eta prozesu hori berdinen artean egiteak balio handia du, nagusiok ez gaudelako jai horretara gonbidatuta. Gazteek ziberbizitza negatiboaren zantzuak identifikatu eta jakinaraz ditzakete. Mito asko dago jazarpenari buruz eta umiltasunez desikasi behar dugu. 1970eko hamarkadan hasi zen honetaz ikertzen, nahiz eta jazarpena historikoa den: sexu jazarpena, matxista… patroi bera dute denek: menderatze posizio batetik abusatzea, etekina lortzeko.

Zeintzuk dira profilak?
Guk arrisku aldagaiez hitz egiten dugu: identifikatuta baditugu, babes aldagaiak jarri ahal ditugulako. Profilari erreparatzen badiogu, eman dezake ez dagoela zereginik eta ez da hala. Ekitateari erantzutea da. Justiziatik harago doa ekitatea. Bakoitzaren abiapuntua begiratu behar duzu: horren arabera, batek 8 beharko ditu eta besteak 2. Arrisku aldagaiak era askotakoak daude: gehiegizko mendekotasun modeloetan hezi izana, gehiegizko herabetasuna izatea… Ume batzuengan ikusten baditugu, konpetentzia horiek garatuko ditugu bereziki eurekin. Ikuspuntua inposatzeko beharra duten haurrak ikusten baditugu, hori landuko dugu.

Familiako giroarekin lotutako arriskuak ere badira: gehiegizko babesa, kontrol gutxiegi, garapen etiko-moral eskasak… Aldi bateko egoerekin lotuak izan daitezke. Izan ere, pertsonak ez gara, izaten ari gara, eta inguruak izugarri eragiten digu.

Beste arrisku batzuk daude oso inportanteak: bakartze sozialarekin eta esklusioarekin zerikusia dutenak. Bazterketa jazarpenaren prediktore izan daiteke. Gure ume taldea nola dagoen erreparatu behar dugu. Talde kohesioa eta eskolako giro ona dira jazarpenari aurre egiteko bitarteko nagusiak: komunikazio ez bortitza, tratu ona eta zaintzaren pedagogia. Baditugu ume batzuk begirune berezia behar dutenak: desgaitasun intelektuala dutenak eta gaitasun handiko ikasleak kasu. Berdinen arteko jazarpena bereziki krudela da LGTBIQ kolektiboarekin, eta arrazakeria ere presente dago. Hezkuntza komunitatearen, familien eta udalaren erantzukizun partekatua behar da.

«Ikastetxeek musu truk jaso dezakete gelan ikasleekin lantzeko material ona, Bizikasi.euskadi.euswebgunean»

Eskola jazarpen kasuetarako protokolo bat landua duzue, 2019an gaurkotua.
Behin susmoa edukita, automatikoki abiatzen da. Estandarizatutako esku-hartze bat da, mugarriz mugarri garatzen dena, epe eta bitarteko jakin batzuekin eta zenbait erabakirekin. Komunikazio segurua gakoa da; konfidentzialtasuna, diskrezioa, alde guztien konpromiso handi bat ongi ebazteko. Pairatzen ari den umeak berehala uzteko sufritzeari. Eta jokabide erasotzailea dutenen portaera hori deuseztatzeko. Protokoloa derrigorrezkoa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dauden unibertsitatez kanpoko 700 ikastetxeentzat, publiko nahiz pribatu.

Umeen kontua dela pentsatu izan da.
Eskola jazarpena ezin da onartu: giza eskubideen urraketa nabarmena da, osasun publikoko auzia. Orain sentsibilizazioari esker begirada aldatu da, baina orain arte umeen kontua dela, beti gertatu dela eta halako astakeriak esan izan dira.

Emakumeenganako indarkeriari aurre egiteko emandako pausoak eman behar dira eskola jazarpenean ere. Askotan erabiltzen dut paralelismoa zertaz ari garen ohartzeko. Umeez ari garenean badirudi ez direla gauza inportanteak, baina kontrakoa da: bizi osorako baldintzatzaileak dira.

«Berdinen artean ematen den ikaskuntzak balio oso esanguratsua du. Nagusiok ez gaude jai horretara gonbidatuta»

Haurrek ez dituzte adinak ematen dituen baliabideak.
Eta eskura jarri behar dizkiegu. Gizarte on bat eraiki etikoki, balio sozial eta moral argiekin. Pertsonak emozio zaku bat gara eta emozioen hezkuntza gakoa da zer gertatzen zaigun ulertzeko: zergatik nago haserre? Ez badakit, indarkeriaz bideratu ahal dut eta pertsona jazarri bat izango da. Emozioak identifikatu, kokatu, eta ongi bideratu behar dira.

Zein tresna eta estrategia daude eredu errestauratzaile bat bultzatzeko?
Pitzatutako harremanak berreraiki behar dira, asertibitatea landuz, autoestimua, solidaritatea… Errestaurazio zirkuluetan, gertatu zaigunaz hitz egin, eta talde kohesioan urratsak egin daitezke berriro. Denbora eta konpromisoa behar dira. Baina erabat posible da. Aldagai batzuk gure kontroletik at daude, baina hezkuntzak bere balio eraldatzaileari ekiten dionean, arrakasta jasangarria lortuko dugu. Ez gara ‘superlagunak’ izango, baina errespetuz jokatuko dugu, ikasteko eremua segurua izan dadin. Emozioen lanketarako material berri batzuk sortzen ari gara, 3D teknologiaren bidez denok bizitzeko zer gertatzen den jazarpen edo bazterketa egoera batean gaudenean. Urratsak egiteko emozioak behar ditugu, eta emozio asko daude osagai moral bat dutenak eta pertsona on bat izaten laguntzen dutenak. Euskal Herrian gizarte zintzo eta aske bat eraikitzea guri dagokigu.