NAIZ

Euskal kirolari bat gehiago Olinpiar Jokoetan: Xabi Lopez-Arostegik Tokiora bidaiatuko du

Xabier Lopez-Arostegi saskibaloi jokalariak Tokiora bidaiatuko du eta 31 izango dira Olinpiar Jokoetan parte hartuko duten euskal kirolariak. Hasiera batean, Espainiako selekzioaren hautatzaile Sergio Scariolok azken zerrendatik at utzi zuen baina azkenean Juancho Hernangomez ordezkatuko du. 

Xabier Lopez-Arostegi Scarioloren aginduak entzuten Frantziaren aurkako lagunartekoan. (FEB)
Xabier Lopez-Arostegi Scarioloren aginduak entzuten Frantziaren aurkako lagunartekoan. (FEB)

Azkenean, 31 izango dira Tokioko Olinpiar Jokoetan lehiatuko diren euskal kirolariak. Xabier Lopez-Arostegi saskibaloi jokalariak Japoniara bidaiatuko du Juancho Hernangomez ordezkatzeko.

Hasiera batean, Espainiako hautatzaile Sergio Scariolok azken zerrendatik at utzi zuen jokalari getxoztarra –Valentzian jokatuko du hurrengo denboraldian– baina azken uneko arrazoi batengatik NBAko Minnesota Timberwolves taldean dabilen jokalariaren partez sartuko da deialdi olinpikoan.

«Hegazkin-txartelak prest ditugu, Nazioarteko Batzorte Olinpikoaren eta FIBAren baimena eskuratu bezain laster. Jokalariak bere aurre-akreditazioa dauka, baita beharrezko paper guztiak ere, baimena jasotzea eta Tokiora bidaiatu ahal izatea baino ez da falta», esan du horren harira Espainiako Saskibaloi Federazioko presidente Jorge Garbajosak. Hori bai, ezingo da azken ordura arte jakin hegaleko bizkaitarra Espainiako selekzioaren debuteko partidan jokatzeko moduan egongo den ala ez, –astelehenean, hilaren 26an, 21.00etan, 14.00 Euskal Herrian– Japoniaren aurka.

Jakina da Xabi Lopez-Arostegi, Dario Brizuela donostiarra bezala, Sergio Scarioloren aurreselekzioan egon dela eta Olinpiar Jokoak prestatzen aldera partida guztietan, gutxi bada ere, parte hartu duela. Are gehiago hilaren 8an Juancho Hernangomez Frantziaren aurkako partidan lesionatu ostean.

Alabaina, itxura baten Madrilgo hegalekoa sasoian osatuta zegoen eta senda-agiria eskuan, Tokioraino bidaiatu du. Hala, Las Vegasen Estatu Batuen aurka jokatu ostean, bai Brizuela nola Lopez-Arostegi euskal jokalariak azken zerrendatik kanpo laga zituen Sergio Scariolok.

Tokiora iritsi ostean gertatu da, ordea, ezusteko albistea. Antza Minnesota Timberwolves taldeak ez dio utzi Juancho Hernangomezi saskibaloiko torneoetan parte hartzen.

Zentzu horretan, Jorge Garbajosak prentsaurrekoa eskaini du, zeinetan kexu azaldu den Minnesota Timberwolvesekin, «mediku arrazoiez gaindiko» erabaki bat egon dela salatuz.

«Hilaren 23a da ezetz esaten diguten lehen aldia, eta oso ezezko borobila gainera. Arazoa da uztailaren 8tik 23ra 'aurrera jarraitzen dugu' besterik ez digutela esan», azpimarratu du Garbajosak.

«Aurrez, Minnesotako medikuek Hernangomezen lesioaren bilakaera ona izan dela adierazi ziguten eta Olinpiar Jokoetan parte hartu ote dezakeen galdetuta, baiezko erantzun garbia jaso genuen», amaitu du.

Saskibaloiko Espainiako selekzioarekin Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen azken euskal jokalaria Iker Iturbe hegal-pibot gasteiztarra izan zen, zeinak Atenas 2004ko Olinpiar Jokoetan jokatu ahal izan zuen, baita diploma olinpikoa lortu ere final-laurdenetan Estatu Batuen aurka galdu ostean. Aurrez, Los Angeles 1984ko edizioan, Juanma Lopez Iturriaga bilbotarrak zilarrezko domina irabazi zuen, hark ere Espainiako taldearekin.