Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Hainbat ispilu pusketetan egin dute berriz topo Joan Mari Torrealdairekin

Senide, lagun, lankide eta musikak omendu dute Joan Mari Torrealdai euskaltzalea bere heriotzaren urteurrenean. Harekin bizitakoaz eta harengandik ikasitakoak jardun dute Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean, adiorik ez esateko.

Mikel Arrizabalagak kontatu du, minez, tristuraz, nola sasoirik sasoi, berak eta bere lagun Joan Mari Torrealdaik maite zituzten parajeetan ibiliaz ez duela, azkenengo urtean, bere adiskidea inondik ikusi. Udaberrian, Aiako harrietako tontorrean, «ez haut ikusi». Uda beroan, Bardeako basamortuaren tolesturetan, «ez haut ikusi». Udazkenean, Iratiko basoan, «ez haut ikusi». Eta negu gordinean, elurtutako Aralarren amildegietan, «ez haut ikusi».

Larunbatean izango da urtebete Joan Mari Torrealdai euskal kulturaren intelektuala zendu zela, Jakin Fundazioko lehendakari zela, Elkar Fundazioko patronatuko kide zela eta beste hainbat kultur-aterpe ezagutuak eta jantziak zituela, sartzen zen lekuan arrastoa utziz, Egunkarian kasu; haren sortzaile izanda, haren itxiera bortitzean atxilotua gero. Ostiralean ekitaldia egin dute hainbat lagunen artean Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean berau omentzeko.

Oroitzapenak eta aitortzak, hunkigarri eta bizi-biziak, agertu dira Torrealdairen omenezko ekitaldian, bera hil eta urtebetera. Mikel Urdangarin musikariak ekarri du lehenengo anekdota plazara. Oroitu du nola 2019an Durangoko Azokan berarengana hurbildu eta, barrez baina serio, txantxetan edo ez, bere hiletan kantatzeko eskatu ziola Torrealdaik. Urdangarinek baietz. Gitarra hartu eta ‘Agian Irailean’ kanta eskaini dio euskaltzaleari, beldurrak gainditzeari buruzko kantua, Torrealdaik bere bizitzan zehar «beldurrari hortzak erakutsi» baitzizkion.

Torrealdairen semearekin, Manex Torrealdai trikitilariarekin, ‘Munduari begiratzeko’ abestu du geroago. Eta beranduago, ekitaldia ixteko, Manex Torrealdaik bere aitak kuttun zituen bi kantu jo ditu Kattalin Zubizarretarekin batera, ‘Aleluya’ eta ‘Mendian gora haritzak’. Andoni Egaña eta Oihana Iguaran ere aritu dira bertsotan. Kulturaz bilduta eman diote, beraz, agurra Joan Mari Torrealdairi.

Paulo Agirrezabaltzategik ere hartu du hitza, EKBko (Euskal Kulturaren Batzarreak) lehendakari izandakoa eta Torrealdairen lagun. «Urte betea joan duk, Joan Mari, hi gure artetik joan hintzenetik. Ordutik hona, eta gaur goizean bertan, hire ibilbidea ikusteko, hire ikasbidea ikasteko eta, batez ere, hire ekinbideak ikusteko aukera izan diagu: ikus, ikas, ekin», esan du.

Ikasitakoak

«Hutsune handiari begira, ezin genuen sinetsi erabat pertsona bakarra zinenik. Ispilu apurtu bat bezala gogoratu zintugun ondoren, bakoitza bere puskarekin». Lorea Agirre Jakineko zuzendariak irakurri du Iñigo Astizek Torrealdai gogoan orain urtebete idatzi zuen poema, argitaratu gabekoa.

Agirre, bestalde, Torrealdaik utzitako ispilu horiei begira jarri da eta hark erakutsitakoen edo berarengandik ikasitakoak bildu ditu zerrenda ia amaigabe batean. Esandako batzuk aipa daitezke: «Bilatzaile izaten, berriro hasten. Engaiatzen, taldean jarduten. Jakin izaten eta izaten jakiten. Bizitzari herrigintzatik zentzua ematen. Herria, hizkuntza, kultura, txirikordatzen. Beti egiteari begira teorizatzen. Beti galdetzen. Beti konkretuan galdetzen. Egiturak sortzen, sendotzen eta iraunarazten. Euskara egungo auzietara egokitzen».

Alabak, Garazi Torrealdaik, hartu du ekitaldiko azken hitzartzearen ardura. Adiorik ez esatekoa. «Joan zinenetik eman dugun urrats bakoitzean ondoan somatu zaitugu», nabarmendu du. Eta aitarengantik jaso dituzten bi irakaspen garrantzitsuenak plazaratu ditu: batetik, «ezina, ekinez egina» leloa. Eta bi: «Ipotxa bat zinela zenion, baina erraldoi baten gainean doan ipotxa. Zu, guretzat, beti izan zara eta izango zara erraldoiaren lana egin eta guztia euskararen herria eskaini zion ipotxa».

Zaldiarena

Mikel Arrizabalagak ez zuen amore eman. Joan Mari Torrealdai adiskidearen presentziaren bila segitu zuen, eta Urbiako larreetara itzuli zen. «1954an, Foruatik, hire jaioterritik atera, 12 urterekin Arantzazuko seminariora sartu eta horrenbeste maitatu zenuen leku eder honetara». Han ikusi zuen zaldi bat. Zaldi bat bakarrik. «Hi ote?». Gogoratu du Euskal Herriko lurretan libre ibiliko zen zaldi batean berharagitzea nahiko zuela Torrealdaik. «Itzuli haiz. Itzuli haiz eta ikusi haut».