Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Perfektua

Egunkarian hasi nintzenean, mantso idazten nuen. Hitz bat hiztegian begiratzen hasi eta azkenerako guztia egiaztatu behar izaten nuen. Horrela ez zen erraza aitzinera egitea.

Pediatra batek kontatzen zidan gero eta gehiago ikusten dituela karreran ikasi ez zituen kontuak, osasun mentalarekin zerikusia dutenak, ume zein gurasoengan. 70eko hamarkadan, familia berria sortzen zen dena segurtatua izan gabe. Agian bazuten pisua, baina altzaririk ez, lan finkorik ere ez… Orain, gero eta arruntagoa da pauso hori ematea etxea altzariz betea eta lan ziur antzekoa dugunean. Egoera hain perfektuan (teorian), seme-alaba perfektuak espero ditugu eta, halakorik ez dugunean, kezkak sortzen zaizkigu.

Gehiegizko exijentziak blokeatu egiten du. Oroitzen naiz egin nuen lehenbiziko lanean, gaztetxoa nintzela, mugako kantina batean, nagusia begira-begira egoten zitzaigula jan-edana zerbitzatzen genuen bitartean eta hori ikusten nuenean dena aldrebes egiten nuela.

Egunkarian hasi nintzenean, mantso idazten nuen. Hitz bat hiztegian begiratzen hasi eta azkenerako denarekin egiten nuen zalantza eta guztia egiaztatu behar izaten nuen. Horrela ez zen erraza aitzinera egitea.

Ama izan berri, alta eman eta biharamunean ospitalera itzularazi gintuzten, txikiak pisu pixka bat galdu zuelako. Emaginak bularra emateko ez dakit zenbat jarrera erakutsi, eta gero egiteko eskatu zidan, bere aurrean. Ahal nuena egin nuen. Eseri ere ezin nintzen ongi egin zauri handi samar bat nuelako.

Behin etxean, nire burua oroitzen dut ohe gainean jarrita, emaginak egiten zuena zehatz-mehatz errepikatu nahian. Umearen ahoa titiburua baino goraxeago jarri eta hor lotu, ezpainak gorantz irekiak dituela eta areolaz gain hortik kanpoko bular zati bat ere hartua duela. Haurrak titia hartzen zuen, baina, noski, ez horrela. Ez dakit zenbat aldiz saiatu ginen, azkenean txikia eta biok negarrez. Erabat blokeatu nintzen.

Zer egin nuen? Ahal bezala eginen genuela erabaki nuen eta orduan lasaitu nintzen. Kosta zitzaigun martxa hartzea baina poliki-poliki lortu genuen, gure modura, jarrera perfektuen irudiak bazterrean utzita. Geroztik edozein jarreratan hartzen du; buruz behera, kukuka edo goxo-goxo. Maite ditugu modu guztiak, eta ongi dago, ez delako perfektua.