Euskal presoei ezartzen zaien aparteko politikak hondartzak bete ditu

Etxeratek deituta, 17 hondartzatan presoen aldeko mobilizazioak izan ziren atzo. Parte hartu zutenek gogoratu zutenez, zenbait hurbilketa egon badira ere, urruneko espetxeetan dauden edota aske egon beharko liratekeen euskal presoak ere badaude. Oraindik ere, salbuespenezko tratua jasotzen dute.

Atzo Laidan ateratako argazkia. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Atzo Laidan ateratako argazkia. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Presoak Euskal Herriratzea eskatzeko ikurrez beteriko hareatzek utzitako irudiak udari lotuta daude aspaldidanik gurean. Izan ere, hainbat arlotan normalizazioaren bidean urratsak egiten ari diren bitartean, bada hamarkadetan desagertu ez den  errealitate bat ere: «euskal presoei aplikatzen zaien aparteko erregimena, heriotzaraino hel daitekeen ezohiko trataera», atzo Laidan salatu zutenez.

Errealitate horrek ehunka lagun eraman zituen atzo 17 hondartzatan deitutako mobilizazioetara, presoen egoera salatu eta askotan isilarazten edo itxuragabetzen diren egoerak herritarren begien aurrean jartzeko beharrak bultzatuta.

“Salbuespenezko politikari stop! Etxera” lelopean, Bizkaiko herri ezberdinetatik heldutako lagunak bildu ziren Laidan. Bizkaiko hareatzara bertaratu ziren herritarren artean hausnarketa bat nagusitu zen: azken hilabeteotan hainbat preso hurbildu dituzte Euskal Herriko espetxeetara, eta batzuek pentsa dezakete, agian, afera konpontzen ari dela, Andaluziako kartzeletarainoko bisitak, adibidez, desagertu direlako, baina badira oraindik urruneko kartzeletan dauden euskal presoak, eta are mingarriago dena, espetxean jarraitzen dute legedia aplikatuta kalean egon beharko luketen euskal herritar askok, salatu zutenez. Kontxa arratiarrak kasu horietan jarri zuen fokua, preso gaixoen eta zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenen egoera gogoratuz.



Gizarteari berri ematea

Tarteka haize hotzeko boladak izan zituen goiz batean, hondartzak ez ziren ohiko abuztuko igande batean bezain beteta atzokoan, baina familien eta kirolarien artean igaro zen kontzentrazioa, paisaia ederrari begira. Informazio eskuorriak banatzen zituzten bitartean, mobilizatzera eraman zituzten bi arrazoi nagusi errepikatu zituzten parte hartzaileek: oraindik desaktibatu ez den eskubideen urraketa salatzeko beharra eta «gizarteari eta bisitariei» horren berri ematekoa. Komentatu zutenez, luzaroan urrunketaren kontrako mezuak izan du garrantzia. Orain, berriz, izan diren hurbiltzeekin, zerbait konpontzen ari den sentsazioa izan dezakete askok, baina espetxeetako egoera ez da aldatu.

Gaineratu zutenez, mobilizazioen bidez presioa egin eta jendeari azaldu behar zaio aske edo baimenekin egon beharko luketen askok kartzelan jarraitzen dutela. Beste errealitate asko oso presente dauden bitartean gutxitan hitz egiten da horretaz komunikabideetan askoren ustez, eta presoek eta euren familiek sufritzen duten egungo egoera ez dator bat hainbestetan goraipatzen den normalizazioarekin, Mikel igorreztarrak aipatu zuenez.

Etxeratetik nabarmendu zutenez, «hiru hamarkada baino gehiago behar izan dira presoen urruntze sistematiko eta orokortuari amaiera emateko, eta, beste horrenbeste, presoei erregimen arrunta itzultzeko». Senideen esanetan, oraingoz ez da gobernuen borondaterik ikusten «iraganeko inertziak alboratu» eta euskal presoek askatasuna berreskuratzea eragozten duten «ad hoc neurriei» amaiera emateko.

Gogorarazi zutenez, mobilizazioen atzean dagoen errealitatearen argazkiak erakusten du oraindik ere Euskal Herriko periferiako espetxeetan dauden 147 euskal herritar daudela, Hego Euskal Herriko kartzeletan hutsik dauden moduluak dauden arren. Horrez gain, oraindik preso jarraitzen dute gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hemeretzi euskal herritar daude, baita 70 urtetik gorako bederatzi preso ere. Joseba Arregiren kasua aipatu zuten adibide gisa: 75 urte ditu eta 30 urte daramatza espetxean. Jon Parot eta Jakes Esnalen espetxealdi luzeak ere aipatu zituzten.   

Ohiko legedia aplikatuta, gradu aldaketak, erredentzioak eta baimenak eskura izango lituzkete euskal presoek, baina fiskaltzaren eta zenbait zaintzako epaileren oztopoak aurkitzen dituzte. Horrez gain, egun Estatu espainolean dauden 50 preso baino gehiagori Estatu frantsesean egindako kondenaren denbora zenbatu ez zaiela ekarri zuten gogora.