Bidasoa-Irungo jokalari eta entrenatzaileei amaitu zaizkie oporrak eta gaur bertan hasi dira eurentzat irailaren 11an hasiko den denboraldi berria ahalik eta hobekien prestatzen. Ez da erraza azken bi urteetako mailari eustea baina ilusio eta exijentzia maila berarekin ekin diote erronkari. Joko Olinpikoetan den Julen Aginagalde, taldera hurrengo egunetan batuko den Daniel Garcia eta Espainiako jubenilen selekzioan ari diren Gorka Nieto eta Julen Mujikaren hutsuneekin egin dute Jacobo Cuetarenek denboraldiko lehen entrenamendua Artalekun.
Lehen saio bikoitz horri ekin aurretik, Jacobo Cuetara entrenatzaileak onartu du taldea «denboraldiari ekiteko gogo handiarekin» dagoela eta oraintxe ideia argi bat dutela buruan, «liga hasiera on bat egin ahal izateko ahalik eta hobekien prestatzea». Anaitasuna izango da, Artalekun jokatuko den derbian, bidasoatarren lehen aurkaria hemendik sei astera.
«Taldearen zati handi batek denbora asko daramagu elkarrekin entrenatzen eta horrek oinarri sendo bat ematen digu alde batetik entrenatzen eta lehiatzen hasteko eta bestetik jokalari berriak ahalik eta hobekien egokitzen joateko», azaldu du entrenatzaileak.
Cuetara «oso gustura» agertu da fitxatu dituzten lau jokalariekin, Adrian Fernandez, Ander Ugarte, Victor Rodriguez –hirurak Valladolidetik– eta Dani Garcia –Gudalajara– «gure jokatzeko erara oso ondo egokitu daitezkeela uste dudalako, gure izaera eta jokatzeko erarekin bat datoz eta».
Harrobiko 8 gazterekin
Era berean, entrenatzaileak onartu du gazteei aukera asko emango dizkiela, «gero eta gehiago eta maila altuagokoak ditugulako. Sasoi honetan entrenatu eta lehiatzeko jokalari kopuru handi bat izatea oso egokia da».
Momentuz, zortzi dira Jacobo Cuetararen aginduetara arituko diren harrobiko jokalariak. Martin Santano (Gasteiz, 2002), Tao Gey-Emparan (Urruña, 2003), Julen Urruzola (Elgoibar, 2002), Eneko Furundarena (Usurbil, 2003), Xabier Barreto (Irun, 2003), Raúl Olalla (Irun, 2001), Mikel Galan (Mutiloa, 2000) eta Asier Iribar (Zumaia, 2003).
Entrenamenduetako martxa arindu eta lehiaketa erritmoan sartzeko lagunarteko partidak datorren asteburuan hasiko dira, Toulouse HB-ren aurka. Lehen partida Hondarribian, abuztuak 13 eta hurrengoa egun bat geroago Orion.