NAIZ

Aginagalde eta Gurbindo, Olinpiar Jokoetako finalerdietara Suedia mendean hartu ostean

Gutxigatik, baina eskubaloiko selekzio espainolak Suediari irabazi dio final-laurdenetako partidan (33-34). Aginagaldek zein Gurbindok minutuak jokatu dituzte eta nafarrak mi gol eginda lagundu du garaipenean. Norvegia eta Danimarkaren arteko lehiako irabazlea izango du arerio finalerdietan. 

Julen Aginagalde, Suediaren aurkako final-laurdenean jaurtiketa saiakera bat egiten. (Franck FIFE / AFP)
Julen Aginagalde, Suediaren aurkako final-laurdenean jaurtiketa saiakera bat egiten. (Franck FIFE / AFP)

Gol bategatik irabazi dio eskubaloiko Espainiar selekzioak Suediari (33-34). Final-laurdenetako partida oso estu joan da eta azken minutuetan ezarritako 1-7 partzialarekin markagailua irauli eta garaipen lotu du Jordi Ribera hautatzailearen taldeak. 

Julen Aginagalde eta Eduardo Gurbindok minutuak jokatu dituzte partida garrantzitsu honetan eta nafarrak, gainera, bi gol egin ditu. Nolanahi ere, gol garrantzitsuena Dujshebaev-en izan da, neurketa bukatzeko 40 segundoren faltan, markagailuan bi goleko aldea ezarri duelako eta hala, Hampus Wannen azken golak ez du ezertarako balio izan. 

Atsedenaldira selekzio suediarra joan zen aurretik, bi golengatik (20-18), Jordi Riberaren taldeak defentsan ez zuelako haurkitu aurreko neurketetako sendotasuna eta Suediak oso ondo probestu zituelako jokalari bat gehiagorekin jokatu zituen minutuak. 

Bigarren zatiaren hasieran, aldea are nabarmenagoa izan zen suediarren alde eta partida bukatzeko hamabost minuturen faltan lau goleko ezberdintasunarekin agintzen zuen Eskandinaviako selekzioak (29-25).

Espainia porrotera kondenatuta zirudienean, Gonzalo Perez de Vargas atezainaren figura nabarmendu zen erreskadan lau gelditu eginez. Honek Suedia erabat gelditu zuen eta Espainia erasoan finago ibiltzera lagundu zuen. 1-7ko partziala ezarrita markagailua irauli zuen (30-32) amaierarako bost minuturen faltan eta garaipena erabat lotu zuen Dujshebaev-en golarekin (32-34) 40 segundoren faltan. 

Finalerdietan Norvegia eta Danimarkaren arteko lehiaren irabazlean aurka neurtuko ditu indarrak Aginagalde, Gurbindu eta konpainiaren selekzioak, Jordi Ribera katalanak gidatutakoak.