NAIZ

Munarrizek dominagatik borrokatuko du

Waterpoloko Espainiako selekzioak AEB garaitu du (8-12) eta Olinpiar Jokoetako finalerdiak jokatuko ditu. Beste behin, Alberto Munarriz taldeko giltzarria izan da bi golekin. Serbiak Italia hartu du mendean eta Espainiako selekzioaren aurkaria izango da ostiraleko finalerdietan. 

Munarriz, argazkiaren eskuin aldean. (Angela WEISS / AFP)
Munarriz, argazkiaren eskuin aldean. (Angela WEISS / AFP)

«Denbora asko itxaroten egon garen neurketa zen gaurkoa eta beti dago presio hori, urduritasun hori», adierazi du Alberto Munarrizek final-laurdenetako lehia bukatu bezain pronto. Waterpoloko Espainiako selekzioak AEBri irabazi dio (8-12) eta beraz, ostiralean jokatu diren finalerdietan izango da, Serbiaren aurka –Italiari irabazi dio– indarrak neurtuz. 

Alberto Munarriz nafarra, beste behin, giltzarria izan da garaipenean, bi gol garrantzitsu lortuz, biak penaltiz. Gogoan hartu behar da Espainiako selekzioak ez duela neurketarik galdu multzoen fasean eta talde indartsuenetariko bat dela erakutsi duela. Gainera, Olinpiar Jokoetako finalerdietara iritsi da 21 urte beranduago.  

Aurreko neurketetan erakutsitako defentsako sendotasuna aurkitzea kosta egin zaio David Martinek gidatutako taldeari. Horren ondotik, markagailuan atzetik hasi du (4-3) bigarren partziala baina atsedenaldira 6 goleko berdinketarekin iristea lortu du. 

Atsedenaldiko tartearen ostean, bere maila onena berreskuratu du Espainiako selekzioak nahiz eta Alex Wolf atezainak ez dion baimendu alde handirik ateratzea. Ez behintzat hirugarren laurdenean. Aldeak handitzen hasi da AEBtako selekzioak huts egite tuntun bat egin ondotik. Kaleratua zegoen jokalaria behar baino lehenago sartu da jokoan eta Alberto Munarrizek ez du hutsik egin penalti jaurtiketan, 6-8ko markagailua ezarriz. 

Amaierarako lau minutu falta ziren Roger Tahullek, jaurtiketa eder batekin, hiru goleko aldea ezarri duenean, jada partida erabakita utziz. Alberto Munarrizek markagailua biribiltzen lagundu du 8-11ko gola eginaz eta Francisco Fernandezek egin du neurketako azken gola. 

Italia eta Serbiaren arteko lehiaren irabazlearen aurka lehiatuko da Espainiako selekzioa, Munarriz giltzarri duela, finalerdietan. Ostiralean jokatuko da, Euskal Herriko 12:50etan.