NAIZ

Hernani Errugbi Taldeak eraso sexisten aurkako protokoloa ezarri du

Hernani Errugbi Taldeak eraso sexisten aurkako protokoloa onartu eta ezarri du. «Printzipioen deklarazioaren» aurrerapen bat aurkeztu dute ostegun honetan, protokoloaren nondik norakoak apur bat laburtu asmoz. Ekimenaren kudeaketa bermatuko duen lantaldea osatzeko jende bila dabiltza. 

Hernani Errugbi Elkarteko lehen taldearen neurketako irudia. (@HERNANIRUGBY)
Hernani Errugbi Elkarteko lehen taldearen neurketako irudia. (@HERNANIRUGBY)

«Hernani Club Rugby Elkartea osatzen dugun pertsonok, irmoki aitortzen dugu gure erakundean ez dugula sexu-jazarpen eta gehiegikeriarik onartuko», adierazi du klub hernaniarrak. Horregatik, hain zuzen, edozein sexu-jazarpen edo gehiegikeriaren aurrean erantzun tinko bat emate aldera, eraso sexisten aurkako protokoloa onartu eta ezartzea erabaki dute. 

Ostegun honetan aurreratu duten bezala, «emakume eta gizonen berdintasunaren gaineko araudian oinarrituta, eta kirolariek zein langile eta laguntzaile guztiek sexu-jazarpen eta gehikeriaz libre dagoen kirol-eremu batez disfrutatzeko duten eskubidea kontuan hartuta», konpremezu zehatz batzuk hartu dituzte. 

Nolanahi ere, gehitu dute, ekimen honekin aurrera egiteko nahitaezkoa dela protokoloa bermatzea eta hala, hau kudeatuko duen talde baten sorreran lanean daudela. Hala, oraindik ere osatzeko lanetan daudenez, bertan parte hartu nahi duen orori animatzen diote klubarekin kontaktuan jarri eta proiektu honetan elkarlanean hastea. 

Protokolo hau Hernaniko Udalaren laguntzarekin osatu dute eta Hernani Club Rugby Elkarte osatzen duten guztiek errespetatu beharko dute, «elkartea osatzen duten eremu guztietan». 

Nondik norakoak

Nazioarteko Olinpiar Batzordearen arabera, aipatutako giza eskubideak besterenezinak dira. Kirolean ematen diren sexu-jazarpen eta abusuari buruz idatzitako Kontsentsuzko Aitorpenaren bidez kirola eremu seguru eta osasungarriagoan bihurtu nahi dute, eta, aldi berean, kirolarien osasuna eta babesa hobetu nahi da. 

Eta, hain zuzen ere, hori hartu du oinarritzat Hernaniko Errugbi Elkarteak, «emakume eta gizonen berdintasunaren gaineko araudian oinarrituta, eta kirolariek zein langile eta laguntzaile guztiek sexu-jazarpen eta gehikeriaz libre dagoen kirol-eremu batez disfrutatzeko duten eskubidea bermatzeko». 

Hala, beraien jarduera eremuan ematen diren sexu-jazarpen eta abusuen prebentziorako metodo bat ezarriko du protokoloak, zeina elkarte osatzen duten pertsona orori ezagutaraziko zaion. 

Klubarekin erlazioa duten pertsona, enpresa, erakunde eta instituzio guztiek auzi honetan beraien konpromisoa ezagutu dezaten ziurtatu nahi dute, honekin, kirolari zein langileen kontrako sexu-jazarpena eta abusua errotik kentzeko eta prebenitzeko neurriak har dezaten. 

Sexu jazarpena edo gehiegikeria bat ahalik eta azkarren antzeman eta ondotik, eraginkortasun handienarekin, baliabide guztiak jartzea bermatu nahi dute, beti ere «jazarpena jaso duten pertsonak eta salatu dituzten hirugarren pertsonak babesteko neurriak hartuta»  

Era berean, hauek errotik kentzeko prebentzio lanetan ere zentratu nahi dute eta azken finean «ongizatea eta osasun egokia edukitzeko Hernani Club Rugby Elkarteako kirolari, langile, zuzendari, mediku, fisioterapeuta, teknikari, epaile eta gainontzekoek burutzen dituzten kirol- jarduerak praktika egokietan oinarrituta garatzen saiatzeko konpromisoa hartzen» duela ziurtatu du elkarteak.