«Sayonara Tokio; bonjour Paris». Hala agurtu dituzte Olinpiar Jokoak Tokioko estadio olinpikoan batu diren kirolari, entrenatzaile eta ordezkari orok. Hiriburu frantsesa jada gogotsu dago hurrengo hitzordu olinpikoa jasotzeko eta hala erakutsi dute Parisen, Eiffel Dorrearen inguruan batu diren ehundaka pertsonek.
Yuriko Koike Tokioko gobernadoreak gaur eman dio bandera olinpikoa Thomas Bach Nazioarteko Batzorde Olinpikoko presidenteari, eta honek Anne Hidalgo Parisko alkateari eman dio, igande honetan Tokioko Estadio Olinpikoan egindako ekitaldian.
Keinu sinboliko honen ondoren, Frantziako Orkestra Nazionalak eta hainbat musikarik interpretatutako "Marseillesa" ereserkia jo dute Louvre Museoa edo Frantziako estadioa bezalako toki esanguratsuetan. Irudi hauek Tokioko estadio olinpikoan proiektatu dira.
Frantziako ereserkiaren zati bat saxofoiarekin ere interpretatu du Thomas Pesquet astronautak Nazioarteko Espazio estaziotik. Lurraren ikuspegi ikusgarri batzuekin batera, Orsay Museoaren eta Garaipen Arkuaren aireko planoak jarri dituzte, Parisko beste monumentu batzuen artean.
Tokiok zuzenean konektatu du Parisekin. Eiffel Dorrearen aurrean zeuden kamerek jendetza bat erakutsi dute hurrengo Olinpiar Jokoetarako atzerako kontaketa ospatzen, frantziar armadaren hegaldi unitate akrobatikoak zeruan bandera nazionala marraztu duen bitartean.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak itxi du bideo-konexioa «plus vite, plus haut, plus fort, ensemble» (azkarragoa, altuagoa, indartsuagoa, elkarrekin) mezuarekin, Eiffel Dorreko azken solairutik.
Gainera, eraikin ikonikotik bandera olinpiko erraldoi bat altxatzea aurreikusita zegoen, baina plan hori bertan behera geratu da azken orduan, Frantziako hiriburuko baldintza meteorologikoen ondorioz, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
«Oparirik preziatuena: itxaropena»
Thomas Bach Nazioarteko Batzorde Olinpikoko presidenteak eskerrak eman dizkie Tokio 2020 Olinpiar Jokoetan parte hartu duten atletei, pandemiagatik munduak bizi duen «garai zailetan»munduari «oparirik preziatuena, itxaropena» eman diotela iritzita.
«Kirolaren botere bateratzailearekin inspiratu gaituzue, eta are nabarmenagoa izan da pandemia garaian. Une zail hauetan oparirik preziatuena eman diozue munduari: itxaropena», esan du Thomas Bachek itxiera ekitaldian.
Jokoetako bi asteetan «kirola erdigunera» itzuli dela azpimarratu du NOBko presidenteak. «Milaka milioi pertsona emozioz elkartuta, alaitasun eta inspirazio uneak partekatuz. Horrek itxaropena ematen digu, etorkizunean fedea ematen digu», gaineratu du.
Bachen ustez, Tokio 2020 «itxaropenaren, elkartasunaren eta bakearen jokoak» bezala gogoratuko dute, eta bere esker ona adierazi die antolatzaile japoniarrei.
«Japoniak eszenatokia prestatu zuen zuek distiratzeko. Zuek, japoniarrok, harro egon behar duzue lortu duzuenarekin. Esan beharra daukat, eskerrik asko Tokio, eskerrik asko Japonia», adierazi du Bachek, Yoshihide Suga lehen ministroa eta Yuriko Koike Tokioko gobernadorea aipatuz.
«Gure esker ona Batzorde Antolatzaileari. Inork ez zuen, inoiz, atzeratuak izan ziren Olinpiar Jokorik antolatu. Eskerrik asko Seiko Hashimoto presidenteari eta Batzorde Antolatzaileko kideen prestutasunari», nabarmendu du Bachek. Esker hitza luzatu dizkie baita ere batzorde nazionalei eta federazioei, baita bazkide komertzialei ere. «Elkarrekin egin dugu», gaineratu du.
«Orain olinpiar bidaia gogorrenaren amaiera markatu behar dut. Hogeita hamabigarren Olinpiar Jokoak bukatutzat ematen ditut», esan du NOBko presidenteak, eta munduko gazteak hurrengo hitzordu olinpikora deituz amaitu du hitzaldia.