Mikel Chamizo

Haurrek irudikatuko hiria gaur estreinatuko da Hamabostaldian

Donostiako Musika Hamabostaldiaren egitarauan ia urtero parte hartzen dute Easo Abesbatzako haurrek. Oraingoan, azken urteetan prestatu duten ‘Hirira’ antzezlana aurkeztuko dute. Gaur arratsaldean izango da, 19.00etan, Victoria Eugenia antzokian.

‘Hirira’ ikuskizuna Easo Abesbatzako haurrek prestatu dute, Gorka Mirandaren zuzendaritza eta koordinaziopean. Zuzendaritza artistiko eta eszenikoaren ardura Mafalda Saloioren eskuetan izan da. (Marta GARCIA)
‘Hirira’ ikuskizuna Easo Abesbatzako haurrek prestatu dute, Gorka Mirandaren zuzendaritza eta koordinaziopean. Zuzendaritza artistiko eta eszenikoaren ardura Mafalda Saloioren eskuetan izan da. (Marta GARCIA)

Paul Hindemithek konpositore alemanak 1930ean ‘Wir bauen eine Stadt’ (Hiri bat eraikitzen ari gara) umeentzako antzezlan musikala sortu zuen, Robert Zeitzen testu batean oinarrituta. Une hartan, inflazioa eta espekulazioa ezegonkortasun sozial eta politikoa eragiten ari ziren Alemanian, eta, ondorioz, eskuin muturra indartu eta guztiok ezagutzen dugun historiaren kapitulu beltzean murgildu zen herrialdea.

Eskuin muturraren ideia arriskutsuen aurka egiteko, Bertolt Brechten kolaboratzailea izan zen Hindemithek gebrauchsmusik edo ‘musika erabilgarriaren’ adibide aparta den obra sortu zuen musikari amateurrentzat, kasu honetan haurrentzat. Helburua lankidetzaren balioa nabarmentzea zen; horren erakusle, elkarrekin zoriontsu bizi ahal izateko hiri bat eraikitzen dute antzezlaneko protagonistek.

Hindemithek argi zituen ideiak eta horren erakusle dira obraren inguruko bere hitzak: «Haurrek praktikatu eta ikas dezaten sortutako lana da, ez dago publiko heldua entretenitzeko sortuta». Hori dela eta, sorkuntza malgua da, eta obraren produkzio bakoitzean parte hartzen duten kantariek eta eszena zuzendariek ekarpen handiak egiten dituzte. Baina ia beti helduak izaten dira erabaki artistikoak hartzen dituztenak.

Easo Abesbatzaren esku hartzeak, baina, urrunago joan nahi izan du, eta, ahal den heinean, helduen gehiegizko kontroletik ihes egiten ahalegindu dira. «Haurrak erdigunean jartzea proiektuaren erroetan dagoen zerbait da», argitu du Marta Garciak, lana euskarara moldatzeaz eta parte hartze tailerrak diseinatzeaz arduratu den filosofo eta musika kritikaria. «Asko galtzen da bestela, gehiegi. Hindemithek berak idatzi zuen obra ez zegoela publiko heldu bati zuzenduta, baizik eta haurren formakuntzari eta gozamenari».

Easo Abesbatzako haurrek opera klasikoetan parte hartu izan dutenean, zenbait mugimendu erakatsi zaizkie, noiz eta zer egin esanez. ‘Hirira’ bezalako proiektu batekin, ordea, antzezten ikasi dute, euren gorputza eta ahotsa hobeto ezagutzen, modo askoz aberasgarriagoan gainera. Mafalda Saloio eszena zuzendariarekin aritu dira lanean, inprobisatzen, mugimenduak arakatzen. «Haur bakoitzari bere mugitzeko modua deskubritzen uzten dio Saiolok, taldean eta kantuan ideiak txertatzen. Horrela sortu dira eszenak, pixkanaka, saiatuz, zuzenduz». Garciaren ustez, «banakotasunak eta komunitatea nola uztartzen dituen ikustea txundigarria da».

Baina haurren parte hartzea ez da horretara mugatu. «Haurrentzat ere bizigarria den hiria eraiki nahi badugu, ezinbestean beraiei galdetu behar diegu zer behar duten, zein desio eta ilusio dituzten, zein beldur», azaldu du Garciak. «Hainbat erabaki euren esku utzi behar ditugu eta, noski, euren baliabideen arabera eskatu behar diegu horien gaineko ardura har dezaten. Haurrak ere hiritar aktiboak diren aldarrikapena dago ideia horren oinarrian; bidelagun izan behar dugu, baina, betiere, biderik inposatu gabe».

Azken helburua hiriari eta hari dagozkion alderdi guztiei buruz hausnartzeko proposamen errealak eratzea zen: alderdi urbanistikoa, soziala, kulturala, zibikoa... jorratzea, haurraren eta gizartearen behar eta jakin-minetatik sortutako ideiei forma bisuala eta diskurtsiboa emateko.

Garciaren ustez, emaitza harrigarria izan da. «Tailerretan oso gauza deigarriak adierazi zituzten haurrek. Adibidez, pandemia aurretik ere oso argi zuten zeintzuk ziren ‘funtsezko’ lanbideak. Naturaren beharra ere oso agerikoa zen: parkeak, mendiak, hondartza, ‘berdea’ asko estimatzen zituzten, eta, aldiz, zarata eta zikinkeria gaitzesten. Baten batek errepideen ordez txirristak ipintzea proposatu zuen!».

Jantzien tailerretan ere sorpresa ugari egon ziren: «Gehienek modu esplizituan eman zuten aditzera ez zela alderik egon behar nesken eta mutilen janzkeran, denek nahi zutena jantzi behar zutela. Eta arropak zertarako balio duen galdetzean, batek ‘txikia geratzen zaigunean gure lehengusuei emateko’ idatzi zuen, beste batek, ‘koloreak kalera ateratzeko’. Marko batean jartzeko erantzunak dira».

Tamalez, arazo kezkagarriak ere azaleratu ziren tailerretan. «Neska oso gazteek (11-12 urtetik gorakoek) jazarpenari eta abusuei lotuta dituzten beldurrak argi ikusi genituen», azaldu du Garciak. «Oso larria da, ezin dugu ez ikusiarena egin. Premiazkoa da gizarteak haurrei galdetzea, euren erantzunen gordintasuna eta gardentasuna kontuan hartzea».

Hindemithen obra zertxobait aldatu da ‘Hirira’ sortzeko bidean. Azpian dauden gaiek badute jarraipena, baina hitzak aldatu egin dira, baita rol klasikoak ere. Eta musika: «Obra puztu egin dugu, nolabait. Pianoa, klarinetea, perkusioa eta biolina izango dira taula gainean: askotariko koloreak, obrara oso ongi egokitzen direnak, eta obra bera marrazten lagundu dutenak. Josu Elberdinek lan handia egin du moldaketekin».