Turismo jasangarria bultzatzeko #TuristaMaitea kanpaina aurkeztu du Lakuak

Kanpainaren helburuak bisitariek eta EAEko turismo erakundeek eguneroko jardunetan erantzukizun sozialak bereganatzea eta ekonomia jasangarritasuna bultzatzea izango dira. Aurtengo edizioan 600 erakunde turistikok hartuko dute parte.

Turista talde bat Donostiako Miramar Jauregiaren aurrean azalpenak entzuten. (Gorka RUBIO/FOKU)
Turista talde bat Donostiako Miramar Jauregiaren aurrean azalpenak entzuten. (Gorka RUBIO/FOKU)

Lakuako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua den Javier Hurtadok #TuristaMaitea kanpaina aurkeztu du asteazken honetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan turismo jasangarria bultzatzea helburu. Bigarren edizio honetan, 600 erakunde turistiko izango dira kanpainaren parte.

Programan parte hartuko duten turismo erakundeek Basquetour erakundeak proposatutako prestakuntza ibilbide bat jarraitu beharko dute. Hortaz gain, informazio saioetara joan beharko dira eta ondoren memoria bat osatu beharko dute. Memoria hori Etika Batzorde batek zuzenduko du, eta, edukiak ondo baldin badaude, erakunde egilea Euskadiko Etika Turistikoaren Erregistroko kidea bihurtuko da.

Etika turistikoaren baloreak honakoak izango lirateke: eguneroko jardunean erantzukizun soziala, ingurumen eta ekonomia jasangarritasuna, turisten eskubideekiko errespetua eta berezitasun, bizimodu, gustu, itxaropen edo sinesmen-aniztasunarekiko errespetua.

Horretarako, erakunde turistikoez gain, bisitariei «eskerrak eman» nahi dizkie programak Euskal Autonomia Erkidegoa helmuga turistiko moduan aukeratzerakoan «konpromiso» batzuk onartzen dituztelako.

Hasi berri den kanpainak hedabide digitaletan, sare sozialetan eta interneteko plataformetan burutuko du komunikazio ekintza. Mezuaren hartzaileak jada hemen dauden turistak eta etortzeke daudenak omen dira. Hori horrela, azken 24 orduetan hogei bideo igo ditu Youtubera Euskadi Turismo erakundeak.

Turismoaren berpiztea

Asteazken goizean Gasteizen egindako kanpaniaren aurkezpenean, Hurtadok EAEko turismoaren egoerari buruzko datu batzuk eman ditu.

Sailburuak Tourbask Turismo Bulegoen Euskal Sarearen bisitak aipatu ditu, eta, honen arabera, aurtengo lehen seihilekoan % 16 hazi dira kontsultak, 2020ko datuekin alderatuta, EAE osoan. Zehatzago, % 28,5 Gipuzkoan, % 9,3 Bizkaian eta % 7,4 Araban.

Aurtengo uztailean 110.000 bisitariren kontsultak artatu dituzte bulegoetan. Pasa den urtean, berriz, 76.000. Poliki-poliki zifra gorantz doan arren, urrun dago oraindik pandemia aurreko garaietatik. Konparaketan, 2019ko uztailean esaterako, 215.000 kontsulta artatu baitzituzten.

Hortaz gain, Hurtadok turismo eta ostalaritzari, guztira, plan ezberdinen artean, 120 milioi eurorainoko diru laguntzak eman zaizkiola azpimarratu du.