Mikel Chamizo

Mikel Laboaren ‘Lekeitioak’ berriro entzun, eta gero sortu

Donostiako Tabakalera Zentroak Mikel Laboaren ‘Lekeitioen’ inguruko erakusketa jarri zuen martxan maiatzean. Abesti horiek oraindik duten eragina azpimarratzeko, ikuspuntu artistiko desberdinetatik aztertzen dituzten bost saio prestatu dituzte. 

Uztailaren 15ean, Marie Cosnay idazle eta testu zaharren itzultzaileak Laboaren ‘Baga biga higa’ lekeitioaren inguruko hainbat hausnarketa egin zituen Tabakalerako zinema-aretoan. (TABAKALERA)
Uztailaren 15ean, Marie Cosnay idazle eta testu zaharren itzultzaileak Laboaren ‘Baga biga higa’ lekeitioaren inguruko hainbat hausnarketa egin zituen Tabakalerako zinema-aretoan. (TABAKALERA)

Mikel Laboak oso gertuko jarraipena egin zion Euskal Herriko musika garaikideari. Berak ere izan zuen garai esperimentala eta, gainera, musika aurreratuetako musikariekin harreman estua zuen. Ohikoa zen mota honetako kontzertuetan Laboa aurkitzea 2008an heriotza iritsi baino hilabete gutxi batzuk lehenago arte.

Mundu horretan zituen adiskideak alde batera utzita, Laboaren obrak, euskal kantautoreen artean bakarra bilakatu zuen berezitasun bat dauka: esperimentaziorako joera nabarmena, zeina batzuetan guztiz aske utzi izan zuen, batez ere ‘Lekeitioak’ deituriko hamar sorkuntzetan. Horiek, bere memoria eta subkontzientea arakatzeari esker jaio ziren, hiru hamarkadatan zehar, 1968 eta 1998 artean.

Hamar kanta horietan –bederatzi, egia esatera, lehenengoa galdu egin baita–, Laboak euskararen ezaugarri fonetiko eta poetikoak esploratu zituen.  ​ ​

Umeen eta burutik egindakoen soinua

‘Lekeitioak’ izena Bizkaiko Lekeitio herriaren izenetik dator, noski. Han, Gordata auzoko baserri batean, Laboa familia gorderik egon zen 1936ko gerra lehertu zenean.

Laboa bi urteko haur bat besterik ez zen, baina haren memorian hamar hilabete horietako oroitzapenak zizelkaturik gorde ziren: Andoni anaiaren heriotza, alemaniar bonba-hegazkinak Gernikarako bidean pasatzen 1937ko apirilaren 26an, baita baserriko bizimodu gogorraren gomuta ere, nahiz eta, bestalde, jolasak eta alaitasuna ez ziren falta.

Helduaroan, oroitzapen horiek memoriara itzuli zitzaizkion, Lekeitio inguruko euskararen sonoritate bereziarekin, baina hizkuntza mitiko moduko batean eraldaturik; izan ere, gerraondoko politika errepresiboen ondorioz, Laboak euskara galdu zuen haurtzaroan, eta 1950eko hamarkadaren bukaera arte ez zuen berreskuratu.

‘Lekeitioak’ bizipen haietan sakonki sustraiturik daude, eta, Bernardo Atxagaren ustez, «umeen edo burutik egindakoen adierazpen moduen» esplorazioa lirateke –Laboaren kasuan, hizkuntzara aplikatuta–.

Obra horietan euskara esploratzen duenean, kantautoreak hautatzen duen bidea hitzen esanahia alde batera uztea da, hizkuntzak berea duen sonoritatean arreta jarriz; hots, intonazioak berezkoa duen adierazkortasunean eta horrek hiztunaren ahotsean sortzen duen ahots-pikorean.

Hain zuzen ere, zenbait ‘Lekeitio’ alegiazko hizkuntza batean kantatzen ditu, hala dirudien arren euskara ez dena, edo, gehienez jota, euskararen hitzak erabili arren zentzurik gabe ordenatzen dituena, sortzen diren konbinazio fonetikoek izan dezaketen zentzua gorabehera.

Sinplea eta obsesiboa izan ohi den gitarra-akonpainamendu baten gainean, Laboak, halaber, oihuak, onomatopeiak, soinu guturalak eta beste zenbait ahots-baliabide erabiltzen ditu.

Garai berean, zenbait kantari esperimental –Meredith Monk eta Laurie Anderson– eta konpositore horren pareko lana egiten ari ziren; Laboak John Cageren obrarekin kontaktua izan zuen 1972an, Iruñeko Topaketetan. 

Dena dela, ‘Lekeitioak’, euren originaltasunagatik, euskal musikaren historiara pasatu dira.

Musika Hamabostaldiak Mikel Laboari 1999an egin zion omenaldian (Donostiako Orfeoiarekin Anoetan ‘Baga Biga’-ren bertsio famatua egin eta bi urte geroago), esplizituki aitortu zuen kantautoreak musika akademikoaren gain gauzatutako eragina.

Laboaren omenaldian, Euskal Herriko musika garaikidearen zirkuituan oso aktiboak diren zenbait musikarik parte hartu zuten, hala nola Josetxo Silguero saxofonistak eta Pascal Gaigne konpositoreak.

Urte batzuk geroago, 2007an, Elkarrek Mikel Laboaren bilduma-disko bat argitaratu zuen, ‘Lekeitioak’ izenekoa, Ramon Lazkano konpositoreak idatziriko egitarauaren gaineko ohar batzuk zekartzana; horietan, Lazkanok hau aitortzen zuen: «Mikel Laboaren sorkuntza artistikoa iparra izan da euskarak basitzen gaituela edo basitu gaituela sentitzen dugunontzat, gure aroak planteatu dizkigun zalantzez eta itaunez betetako bideetan».  ​

Eragina

«Lekeitioetan oinarriturik, Laboak eskatzen digu euskal musikaren egoera berri bati aurre egin diezaiogula», idatzi zuen Lazkanok. «Bere ekimen artistikoarekin, Laboak bultzatu egin du euskal hizkuntza eta kulturaren askotariko gaitasuna erabiltzeko gure jarrera».

Laboak euskal konpositoreengan izan duen eraginaren beste froga bat Euskal Herriko Unibertsitatearen Mikel Laboa katedraren eskutik etorri zen: 2013an sortu eta gero, ‘Laboari Oihartzun’ izeneko proiektua bultzatu zuen, eta, horri esker, bi urteren buruan, zenbait musikagile garaikideren hamabi pieza, ganberakoak eta sinfonikoak, estreinatu zituzten Euskadiko Orkestrak, Ensemble Kuraiak eta beste talde klasiko batzuek.

Lan haien bidez, kantautorearen obrarekiko beren ikuspegia adierazi zuten musikagileok, eta kasu batzuetan benetan harrigarriak izan ziren emaitzak. ​

​Besteek sortzeko lan-tresnak

Hilaren amaierara arte, ikusgai dago Tabakalerak Laboaren ‘Lekeitioen’ inguruan prestatu duen erakusketa. Baina Oier Etxeberriak, erakusketaren komisarioak, ohartarazi digu proiektuaren xedea «Lekeitioa lan-tresna bihurtzea» zela, «baina ez bereziki Laboari buruzko interpretazio bat egiteko eremua sortzea».

Hala, ‘Komunikazio-inkomunikazio’ erakusketak artxibo eta dokumentu historikoak aurkezten dizkigu, baita obra historiko eta garaikideak ere, Tabakalerak sustatutako beste ekoizpen berri batzuekin batera.

Lanak zazpi ataletan banatuta aurkezten dira, eta soinu-erregistroa, erregistro bisuala eta testu-erregistroa gainjartzen diren paisaia bat osatzen dute.

Baina kontestualizazio bat beharrezkoa denez, noski, ‘Zinema belarrietara –Non dago Lekeitio?’ izeneko bost zuzeneko saioekin handitu dute erakusketa. «Pentsatu genuen ‘Lekeitioak’ entzutea garrantzitsua izango zela; bereziki, kolektiboki entzun ahal izatea. Eta horretarako, Tabakalerako zinema lekurik aproposena dela erabaki genuen, entzumena kondizio onenetan egiteko».

Dena dela, abuztu osoan zehar egingo diren saio hauek ez dira bakarrik entzunaldietara mugatuko. «Lekeitioen iraupenagatik, hamar minutu eskas, pentsatu genuen hainbat artista eta pentsalari gonbidatzea haien inguruan zeozer egiteko. Batzuek ekarpen diskurtsiboa egingo dute, beste batzuek joko artistikoak proposatuko dituzte ‘Lekeitioen’ inguruan».

Saio horietako gonbidatuak Garazi Navas, Pedro G. Romero, Marie Cosnay, Mohamed Boujlal eta Garbiñe Ortega dira, profil oso desberdineko musikariak, zinemagileak, idazleak, pentsalariak... Itxaro Borda, Maialen Lujanbio eta Xabier Erkiziak osatutako taldeak aukeratu ditu, haiek izan baitira erakusketaren inguruko programa publikoaren arduradunak.

Garazi Navasen emankizuna izan zen lehenengo, joan den uztailaren 1ean. Akordeoilari gazteak Laboaren ‘Orreagaren’ joan-etorri historikoak xehatu zituen eta “Lekeitio” honentzako espresuki sortutako preludio eta postludio bana interpretatu zituen bere instrumentuan. «Izugarria izan zen», gogoratu du Etxeberriak, Navasen solaskidea oholtza gainean.

Marie Cosnay idazle eta itzultzaileak jarraitu zion uztailaren 15ean. Testu zaharretan espezializatu da Cosnay, eta Etxeberriak eta bere taldekoek susmatu zuten «bigarren ‘Lekeitioan’ (‘Baga biga higa’) bazegoela irakurketa posible bat, antzinako kulturen eta sorginkeriaren ildotik». Abuztuaren 5ean, Mohamed Boujlal-en txanda iritsi zen. Boujlalek frantsesa erakusten die etorkinei Baionan, eta bere lautarekin “Itsasoa eta lehorra” lekeitioaren inguruko gogoetak egin zituen, «izaera mediterraneo batetik».

Oraindik ere beste bi saio egingo dira erakusketan, abuztuaren 29an ateak itxi baino lehen, eta biak doakoak dira. Bihar Pedro G. Romero flamenkologoa bederatzigarren lekeitioari buruz (“Mugak”) ariko da. «Laboak flamenkoa maite zuen eta ezaugarri flamenkoak zituen gitarra bat erabiltzen zuen», dio Etxeberriak. Azkenik, abuztuaren 27an, Garbiñe Ortega zinemagileak erakusketari izena ematen dion lekeitioa aztertuko du, “Komunikazio-Inkomunikazio”, irudi eta soinuaren arteko erlaziotik abiatuta.