Areseko traineruko kide batek covid-19an positibo eman du eta hargatik talde galiziarra ez da Eusko Label Ligako Zarauzko XLIV. Ikurrinean ariko. Hala, nahiz eta bere postuari dagozkion puntuak jasoko dituen talde galiziarrak, Zarauzko estropadan 11 talde izango dira arraunean, ohiko 12ak aritu beharrean. Gogoratu behar da sailkapen nagusian Ares bederatzigarren postuan dagoela, 55 punturekin.
Eusko Label Ligako arautegiak hala agintzen duelako, Areseko kirol lantaldeak berrogeialdia gorde beharko du hurrengo egunetan, eta ikusi egin beharko da abuztuaren 21 eta 22an jokatuko diren Ondarroako eta Hondarribiko banderetan parte hartzeko modurik izango ote duen.
Zigorrik ez Oriori
Bestalde, Traineru Kluben Elkarteko Epaile Bakarrak, bestalde, Donostiarrak Santurtziko Banderan jarritako helegitea bertan behera lagatzea erabaki du.
Santurtziko Banderako akta inpugnatu zuen Kaiarribak, izan ere, akta hartan ez omen ziren agertzen uretan jazotako gertakari guztiak, esaterako uretako epaileak Oriori atera zion bandera urdina.
Bandera hori atera zitzaiolako, Donostiarrak hiru segundoko zigorra eskatzen zuen «mirotzentzat» eta, ondorioz, Santurtziko proban Oriori aurrea hartzea –56 ehunenekoren aldea egon zen bakarrik– eta, bada, sailkapen nagusian puntu bat gehiago.
Dena den, Epaile Bakarraren ebazpenak helegite hori indargabe laga du eta, bada, Santurtziko estropada eta Eusko Label Ligako sailkapena bere horretan geratuko dira.