NAIZ

«Sufrituko» duela jakitun baina «mugarik jarri gabe», erronka berrietarako prest dago Zuazo

Zuazok erronka berriekin hasi du denboraldi-aurrea. Jokalari garrantzitsuak joan zaizkio –Ainhoa Hernandez, Maddi Aalla eta June Loidi kasu– eta taldea egokitzapen lanetan da oraindik ere. Joseba Rodriguez "Haito" entrenatzaileak zein Esti Velasco kapitainak onartu dute «sufritu» egingo dutela. 

2021-2022 denboraldirako Zuazok osatu duen taldea. (@CBMZUAZO)
2021-2022 denboraldirako Zuazok osatu duen taldea. (@CBMZUAZO)

«Sufritu egingo dugu baina ez dugu mugarik jarri nahi». Halaxe mintzatu da ostegun honetan Joseba Rodriguez "Haito", Zuazoko entrenatzailea. Hiru jokalari garrantzitsuk utzi dute taldea udara honetan: Ainhoa Hernandez Errumaniako ligara joan da, Bucaresteko Dinamon jokatzera; eta Maddi Aalla eta June Loidik Bera Berarekin sinatu dute. 

Hori horrela, entrenatzaileak uste du oraindik ere taldea «egiteko» dagoela, azken bi urteetan gertatu ez bezala, «kasik hasieratik hasten gara». Nolanahi ere, egin dituzten bost fitxaketak «gogoz» iritsi direla sentitu du basauriarrak eta nabarmendu du kirol hau «talde kirola» denez, garrantzitsuena talde bezala ondo jokatzea izango dela. 

Lehen lerrorako Estitxu Berasategi eta Paula Garcia fitxatu ditu; piboterako, Izei Permach –10 astez kantxatik at egon beharko da pasa den asteburuan min hartu ostean–; atea zaintzeko Meriem Ezbida eta hegalerako, Garoa Sarrionandia-Ibarra

«Talde moduan sendotzea lortzen badugu, ezustekoren bat emateko gai izango gara», adierazi du. Hori bai, kontziente da aurten gauzak zail egongo direla, lau taldek galduko baitute maila hurrengo urtean 12 taldeko txapelketa bat osatu asmoz. «Konplikatua izango da baina tira, talde asko egongo gara borrokan eta beraz, interesgarria izango da», azpimarratu du. 

Alba Sanchez eta Maddi Bengoetxea bezalako jokalariek lau urte hauetan emandako aurrerapausoak nabarmendu ditu eta uste du giltzarria «beraiengan sinestea izango dela. Konfiantza behar dute. Nik beraiengan sinesten dut eta jendeak ere berdina egitea gustatuko litzaidake». 

«Helburu finkorik gabe»

Bi jokalari horiez gain, harrobiko Esti Velasco ere protagonista bilakatu da duela lau urte "Haito" Zuazora iritsi zenetik. Kapitaina da bera eta honek ere nabarmendu du ez dutela «mugarik» jarri nahi: «Erabaki dugu helburu finkorik gabe hastea, presio gabe jokatu ahal izateko, halaxe moldaten baikara ondoen». 

Bestalde, Lasesarren eginiko prentsa agerraldi honetan, Aingeru Astorkiza presidenteak ere hartu du hitza eta adierazi du oraindik ere klubaren egoera «konplikatua» dela, baina jada hasi direla argi pixka bat ikusten. 

«Asko sufrituko dugu, ez dauzkagu sobera baliabiderik baina uste dut talde bateratua osatu dugula. Fitxaketek kalitate puntu bat ere badaukate», esan du.