NAIZ

ELAren aurrean protesta egin du Bizitza plataformak, guztiak txertatzearen alde egiteagatik

Bizitza plataformak ELAk Bilbon eta Donostian dituen egoitzen aurrean elkarretaratzeak egin ditu, sindikatua herritar guztiak covid-19aren aurkako txertoa jasotzearen alde jarri dela errefusatzeko.

Bizitza plataformaren elkarretaratzea ELAren kontra, covid-19 txertaketa dela eta.
Bizitza plataformaren elkarretaratzea ELAren kontra, covid-19 txertaketa dela eta.

Bizitza plataformak kontzentrazioa egin du ostiral honetan ELAren aurrean, sindikatua herritar guztiak covid-19aren aurkako txertoa jasotzearen alde egin duela errefusatzeko. Elkarretaratzeak ELAk Donostian eta Bilbon dituen egoitzetan izan dira eta «haurrak ez ukitu», «osasuna eta askatasuna» eta «txertaketa borondatezkoa», bezalako leloak oihukatu dituzte.

ELAri eztabaida publiko batean biltzeko erronka luzatu dio Bizitzak. Plataformaren ustez, «gaur egungo lege guztien kontra joateaz gain, oinarrizko eskubideen aurkako jarrera da» berea.

«ZIUetan paziente erdia txertodunak direla ikusten ari garenean, diskurtso ofizial bakarraren alde egitea arriskutsua dela uste dugu. Une honetan prebentzioa printzipioa gailendu behar da eta, beraz, umeak eta gazteaz ez dira inokulatu behar», adierazi du Bizitza plataformak.

ELAk gizarte osoaren eta, bereziki, osasun arloan ahulak diren pertsonekin lan egiten duten langileen txertaketaren egokitasuna defendatu zuen duela hiru egun. «Txertaketa horren derrigortasunak botere publikoek aldatu nahi izan ez duten erregulazio bat eskatzen du. ELA erregulazio horretan aurrera egitearen alde agertu da», adierazi zuen sindikatuak ohar baten bitartez. Posizio hori harriduraz hartu duela esan du Bizitzak.