Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Ilusioa, lana eta futbol ideia berarekin ekingo dio Amorebietak maila berriari

Talde bizkaitarrak Bigarren mailan debuta egingo du bihar Montilivin (19.30) Gironaren aurka. «Partida bakoitza azkena izango balitz bezela jokatu» nahi du Iñigo Vélezek.

Azken lan-saioaren ostean irten da Amorebietako espedizioa Urritxetik. (A.U.)
Azken lan-saioaren ostean irten da Amorebietako espedizioa Urritxetik. (A.U.)

Goizeko 10.30etan irten da Urritxetik Amorebietaren espedizioa. Ilusioa nagusi urdinen artean, klubaren historia luzean lehen aldiz partida bat jokatuko baitute maila profesionalean. Montilivin, hain zuzen ere, egingo dute debuta bihar Gironaren kontra (19.30).

Partida zaila, mailako talde indartsuenetarikoaren kontra. Baina, Iñigo Vélezek esan duen bezela, «Bigarren mailan talde historiko asko daude, talde indartsu asko, zelai garrantzitsu asko…». Argi dago «denboraldi zaila izango dela» bizkaitarrentzat.

Zailtasun horri aurre egiteko, «ilusioa» eta «lana» jarriko dituzte. Baita Bigarren mailara ekarri dituen «ideia berbera. Partida bakoitza azkena izango balitz bezela jokatuko dugu», azpimarratu du beren entrenatzaileak ohi baino beteagoa egon den Urritxeko prentsa-aretoan. Horregatik, Iñigo Vélezek ez du epe luzeko helburuak finkatu nahi, «partida bakoitzan pentsatu baizik. Orain Gironan pentsatzen dugu bakarrik».

Aurredenboraldi on baten oinarriarekin zelairatuko dira urdinak. «Blokea mantendu da eta etorri diren jokalari berriek kontzeptuak oso azkar barneratu dituzte eta taldearen giroan ere oso azkar sartu dira». Eta hor dago arrakastaren beste gako bat, «taldearen barneko giroan, horrek indarra emango digu ere». Kirol mailan «oso sentsazio onak» utzi ditu udak ere. «Taldeak goruntz egin du asteak aurrera joan ahala eta oso ondo amaitu dugu, bai emaitzei baita sentsazioei dagokienez ere».

Horregatik, «oso ilusionatuta» baina «oso lasai» ekingo dio taldeak errona honen lehen kapituloari. «Badakigu Girona oso aurkari zaila dela baina partida irabazteko asmoarekin goaz, gure aldetik dena jarriko dugu lehen hiru puntuak eskuratzeko».

Lau bajekin bidaiatu du Amorebietak. Markel Lozano zigortuta dago eta Zarra, Aldalur eta Iker Bilbao, lesionatuta.