Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Bera Beraren erritmoak agindu du Euskal Koparen finalean (32-26)

Bera Bera izan da Eukal Kopako garaile larunbat honetan Orion jokatu den finalean. Zuazok hasiera batean ondo estutu duen arren, donostiarrak finago aritu dira ate aurrean eta atsedenaldiko 20-13 markagailuak kasik erabakita utzi du norgehiagoka. 300 ikusle inguru gerturatu dira Karela kiroldegira. 

Bera Berako eta Zuazoko kapitainak txapeldun eta txapeldunordearen garaikurrekin. (@CBMZUAZO)
Bera Berako eta Zuazoko kapitainak txapeldun eta txapeldunordearen garaikurrekin. (@CBMZUAZO)

Erritmo handiko norgehiagoka jaso du Orioko Karela kiroldegiak. Euskal Kopako garaikurra eskuratzeko gogor aritu dira Bera Bera zein Zuazo baina azkenean donostiarren kalitatea agerian geratu da eta kopak Donostiara bidaiatu du, amaierako emaitza 32-26 izan dela. 

Bigarren zatiaren amaiera aldean zerbait dotoretu du markagailua talde bizkaitarrak, bederatzi goleko aldea ere izan baitute gipuzkoarrek. Partidan oso ondo sartu dira bi taldeak, erritmo bizian eta hala, Bera Berak bere terrenora eraman du norgehiagoka. 

Defentsa ona egitea kosta egin zaio Imanol Alvarezen taldeari eta Zuazok erraz bilatu ditu hutsuneak, gero ate aurrean fin aritzea falta izan bazaio ere. Hain justu Bera Bera falta izan ez zaiona. Cavo zein Ainhoa Etxeberriaren golekin abantaila lortu dute eta Esther Arrojeria ere gol arloan parte-hartzen hasi da. 

Zuazoren aldetik, nabarmentzekoa izan da iritsi berri den Paula Garciaren ekarpena. Berak mugitu du taldea eta bere bizitasunarekin bizirik mantendu du taldea. Hala ere, gutxika gutxika igarri da oraindik ere denboraldi-aurrean daudela bi taldeak eta galdutako zenbait baloi saihestu zitezkeen. Behin txapelketa hasita horrelako akats gutxiago egingo dituzte, ziur. 

Agerian geratu da baita ere, Imanol Alvarezen taldea osatuago eta handiagoa dela. Aldaketak eginagatik ere, maila berdina mantendu dute donostiarrek eta horrek, azken batean, Zuazo mendean hartzeko balio izan die. Adibide legez, Cavok bost gol egin ditu eta bera ordezkatu duen O'Mullonyk beste lau. Ez da egon golegile nabaririk, baina kasik jokalari guztiek egin dute gola.

Zuazo, aldiz, jada baja batzuekin iristen zen partida honetara –Maddi Bengoetxea, Izei Permach eta Naia Puigbo– eta Ana Arozamenaren lesioa ere pairatu behar izan du. Isabel Fernandez-Agusti, berez hegaleko jokalaria dena, aritu da gehienbat pibote gisara, Arozamenarekin indarrak banatuz, azken honek mina hartu duen arte. 

Bigarren zatiaren hasieran ere hobeto aritu da Bera Bera eta hala, atsedenaldian zazpi goleko aldea zena, hamarrera ere handitu du (27-17). Nolanahi ere, borrokarako grina erakutsi dute bizkaitarrek eta bukaeran, 3-6ko partzialarekin –Mada Fernandez-Agusti nabarmendu da golegile gisara eta atean, hiru merituzko gelditurekin, Meriem Ezbida– eta azkenean, 32-26ko markagailuarekin bukatu da erritmo aldetik bizia izan den norgehiagoka interesgarria.