
Ehunka lagun bildu ditu larunbat honetan Sortuk Donostian eginiko mobilizazioak. Arreta eragin du, jendez gainezka zegoelako Gipuzkoako hiriburuan abuztuko egun honetan, nahiz aurtengoan Aste Nagusiaren hasierarik ez den izan.
«Burujabetzak», pluralean, aldarrikatu ditu ezker abertzaleko alderdiak ekimen honekin. Bulebarretik abiatutako mobilizazioan, pandemia, klima aldaketa, aberastasunaren banaketa eta beste zenbait aferari heldu dio. Independentzia eta sozialismoarekin batera feminismoaren edota euskararen alde egin du.
«Hamaika dira borroka eremuak –nabarmendu du Sortuk hitzartzean–. Argi dugu erronka honek borroka ikuspegia zailtzen duela, errazagoa baita etsai bakar eta handiaren aurka borrokatzea. Hori ere egin beharrekoa da, zalantzarik gabe, baina joko zelai askoz ere konplexuagoa dugu. Laburtuz, egungo eredu kapitalista heteropatriarkarra borrokatzen jarraitu behar dugu, bizitzaren aurka doan eredu bat delako. Gutxiengoaren pribilegioak gehiengoaren eskubideen gainean eraikitzen dituelako, desorekak eta sufrimendua dakartzalako, mundua, eta harekin gu, kolapsora garamatzalako. Eta horren pare, burujabetza eremuak berreskuratzen joan behar dugu, bestelako eredua eraikitzen joan behar dugu eta eremu horretan irabazten dugun zentimetro oro ahalegin guztiekin defendatu».
«Bizitza versus kapitala» dikotomiari erreparatu dio Sortuk: «Egungo eredua gizakion eta planetaren biziraupenaren aurka doa zuzen-zuzen. Eta eredu hori, kontrakorik sinestarazi nahi diguten arren, ez da urruneko eredu aldagaitz bat».
Donostia adibide
«Donostian bertan garatzen ari diren hiri ereduak egunerokoan agerian uzten digun errealitate bat da. Hiria bizitzeko baino negoziorako esplotatzen dute, bidean erortzen dena erortzen dela ere. Gure bizitzen gaineko erabakiak lapurtu nahi dizkigute; jaio, hezi eta hazi garen auzo eta herrietan bizitzea pribilegio bat dela sinestarazi nahi digute; gure gorputz edo gozamena okerra dela ikusarazi nahi digute; lan prekarioak betidanik eta betiko direla, ‘dagoena da’... Betiko leloaren betiko leloa –ondorioztatu du–. Elizak, banketxeek, funts putreek, holding turistiko-inmobiliarioek, hainbat instituziok gure erabakitzeko gaitasunaren, gure burujabetzen jabe egin nahi dute, horrela soilik manten baititzakete euren botere eta pribilegioak», erantsi du Sortuk.
Horren aurrean burujabetzak berreskuratzea ezinbestekoa dela nabarmendu dute manifestariek: «Herritar askez osaturiko Euskal Herri aske eta askatzailea eraikitzeko ezinbesteko ikusten dugulako gure buru, gorputz eta erabakien jabe egitea. Ez gara hutsetik hasten, ordea», ekarri dute gogora.
Zehatzago, «gaur egun hamaika dira eraikitzen eta indarrean dauden proiektuak eta beraietan parte hartzera deitzen zaituztegu: energia multinazionalen aurrean Goiener, Iener; komunikazio esparruan Izarkom; elikadura alorrean bertako produktuak saltzen dituzten azoka edo saskien banaketa sareak; banketxe harraparien eredua kontrajarriz Koop 57; eta ekonomia sozial eraldatzaileak bultzatzen dituen tankerako proiektu kooperatiboak nahiz bestelako proiektu autogestionatu, komunitario edo kolektiboak», zerrendatu du Sortuk.
«Uste dugu dena dugula egiteko eta aldi berean asko egin dugula jada. Beraz, lanean eta borrokan jarraitzeko deia luzatzen dugu. Donostiatik Euskal Herrira burujabetzak berreskura ditzagun», amaitu du mezuak.

Así eran los 318 muertos a manos policiales o ultras en la alabada «Transición española»

La alcaldesa de Castejón, de UPN, prohíbe usar el carbunclo pomelado tras vincularlo con ETA

Polígono de Tiro de Bardenas, «medioambientalmente sostenible» según el Ejército español

El portavoz del PNV en Getxo abre una crisis tras acusar al personal de una pérdida millonaria
