Osasun pasea, kafe bat hartzera joateko baldintza
Estatu frantsesean bihartik aurrera osasun pasea beharko da ostalaritzan, ospitaleetan eta ibilbide luzeko garraiobideetan sartzeko ere. Horren ondorioz, farmazien atean testak egiteko ilara luzeak sortu dira eta ostalaritzan bezeroen kopurua txikitu da.
Ipar Euskal Herriko ostalaritzan ohiko erritmoa aldatu da. Terrazan eseri edo ostatu barrura sartu baino lehen, bezeroa zerbitzariarengana hurbildu behar da orain, papera edo telefonoa aurretik duela, osasun pasea duela adierazten duen QR kodea erakusteko. Tabernariak bere telefonoa atera eta kodea irakurri ondoren soilik sar daiteke bezeroa.
Kode hori lortzeko era ezberdinak daude: bi txertoak jasotzea, covid-19a azken sei hilabeteetan pasatu izana edo azken 72 orduetan egindako test negatiboa aurkeztea. Testak PCRak izan daitezke, baita antigenoena ere. Azken hori da pasea lortzeko era erraz eta azkarrena, farmazietan doan egiten baitute. Hori dela-eta, aurreko baldintzak betetzen ez dituztenak azken horretara jotzen ari dira, eta horrek ilara luzeak sorrarazi ditu hainbat farmaziatan.
Turista kopuru handia
Egoera bereziki zaila da turisten kopuru handiaren ondorioz. Farmazietan argi dute hain ilara luzeak izatea horren ondorio dela. Azkaineko farmazian hitzordurik gabe egiten dute testa, eta Dominique Esparceil arduradunak garai honetan esfortzu berezia egiten ari direla azaldu du: «Ez dugu nahi jendea kanpoan ilara egiten luzaz egotea; hori dela-eta, goizean eta eguerdian, irekitzeko ordua baino lehen ere hasten gara testak egiten. Zernahi gisaz, beste aste bat gehiagoz izanen da hainbeste jende».
Urruñako Leclerck merkataritza zentroan ere hitzordurik gabe egiten dituzte antigeno probak, eta bertan ilarak luzeagoak dira; orduak itxaron behar izaten dira, eta zenbait momentutan 100 pertsona inguru egoten dira kalean txandaren zain. Batzuetan bezeroekin tentsio uneak izaten direla azaldu dute bertako langileek: «Zain egoteaz aspertuta egoten dira, eta batzuek gure kontra egiten dute beren haserrea ateratzeko». Egunero egiten dituzten testen kopuru zehatza esateko eskubiderik ez badute ere, argiki adierazi dute: «Anitz».
Asko dira ere taberna eta jatetxeetan dabiltzan pertsonak, eta osasun pasearen ondorioz toki batzuetan bezeroen kopuruak behera egin badu ere, oraindik ez da nabariegia; aldiz, turisten kopuruak behera egiten duenean, egoera bestelakoa izango dela aurreikusten dute ostalariek.
Tokiz toki egoera ezberdina da, hala ere. Hendaiako hondartzaren ondoan dagoen Hegoa tabernan oso agerikoa izan da pasearen eragina. Egun batetik bestera 70 zerbitzu gutxiago eman zituztela baieztatu du Thierry Bollati jabeak. Beste jaitsiera orokorrago bat ere badela gaineratu du: poliziek Bidasoa zeharkatzeko ezarritako kontrolek sortzen dituzten ilara luzeek normalean Gipuzkoatik heldu ohi diren bezeroak uxatu dituztela azaldu du.
Aldiz, Azkaineko La Terrasseko jabeak ez du jaitsierarik nabaritu. Udan soilik irekitzen duen jatetxeak duen bezero motarengatik izan daitekeela gaineratu du: «Hemen adineko jende anitz ibiltzen da, eta denak osasun pasearekin etortzen dira, adin tarte horretan gehienak txertatuta daude-eta».
Handik hurbil dagoen Alboan tabernan, oraingoz aldaketa nabaria ez dela adierazi du Haize Bolinaga jabeak: «Nolaz hainbeste jende dagoen, ez dugu igarri, baina hurrengo astean beharbada aldatuko da». Lehen aste honetan polizia ez da isunik jartzen ari, nahiz eta kontrol “pedagogikoak” egiten hasi den, Hendaiako Hegoan, besteak beste.
Egoera berri honetara egokitzen ari direla baieztatu du Bolinagak: «Pixka bat galduta gabiltza; zer egin behar den, jendeari nola esan, probatzen ari gara. Batzuk etortzen dira eta segituan erakusten dizute pasea, eta beste batzuk galdetzera etortzen dira. Gu geure burua behartzen gabiltza, eta astelehenetik gu ere zorrotz jarri beharko gara».
Teknikoki zailtasunik ez dutela izan azaldu du Hendaiako jatetxeko jabeak, langile bakoitzari aplikazioa telefonoan ezarrita aski izan dela. Baina, zer egin behar duten, edo protokoloa zein den azaltzen duen informazio ofizialik ez dutela jaso esan du Alboaneko beste jabea den Elorri Manterolak, eta kezka agertu du: «Zer egin behar dugu egunero etortzen diren bezeroekin? Aldiro eskatu behar diegu?».
«Uste dut osasun paseak ezin duela luzaz iraun, bestela bereizketa egongo da txertatua den eta ez den jendearen artean», baieztatu du Bollatik. Pasearen printzipioarekin ados ez daudenak ere badira, Azkaineko Plazan ostatuko jabea den Maider Laduche, esaterako. Bere kontrakotasuna frantsesez eta euskaraz argiki adierazten duen txanoa buruan duela zerbitzatzen ditu bezeroak: «Ni ez naiz flika [polizia], ostalaria naiz».
Ez da ez pasearen kontra dagoen bakarra, horren efektibitatea zalantzan jartzen dutenak eta horrek ekartzen duen eskubide askatasunen murrizketa salatzen dutenak ez dira gutxi, eta mobilizazioak egiten ari dira. Azken asteotan Baionan, Donibane Lohizunen, Hendaian eta Donibane Garazin egin dituzte hamarnaka pertsona bildu dituzten ekintzak. Atzo, piknika egin zuten Lapurdiko hiriburuko herriko etxearen aitzinean.
Merkataritza gunea handiak
Aste honetan ari da bereziki hitz egiten osasun paseari buruz, baina lehenagotik ere beharrezkoa zen kultur eta kirol emanaldi eta aretoetan sartzeko, eta laster, 20.000 m2 baino gehiago daukaten merkataritza guneetan sartzeko ere beharrezkoa izango da. Intzidentzia tasa 200etik gorakoa den tokietan izanen da hori, eta egoera honetan dago Ipar Euskal Herria azken asteotan. Bi dira tamaina hori gainditzen duten guneak: BAB2 Angelun eta Ametzondo Hiriburun. Gobernuaren informazioaren ondotik horren konfirmaziorik ez da oraindik izan bertako ordezkaritzatik, baina astelehen goizean prentsaurrekoa emanen dute prefekturan epidemia gelditzeko neurrien indartzeari buruz, eta horien artean murrizketa hori iragarriko dela aurreikus daiteke.
Ospitaletan sartzeko ere beharrezkoa da pasea, baina azken aste honetan mintzagai izan badira, ez da horregatik izan Ipar Euskal Herrian dagoen egoera larriagatik baizik. Pandemiaren hasieratik beste tokietako pazienteak hartu izan dituen Baionako zentroak lehen aldiz beste tokietara igorri behar izan dituelako aste honetan, bi Pauera eta bat Akizera, ZIUa saturatu ez zedin. Plan zuria ere abian eman behar izan du, eta zenbait langilek ezin izan dituzte oporrak hartu.