Iñaki GURRUTXAGA
Entrevista

«‘Ezin dena’ 2020ko Madeleine da; ez da denboran hain barreiatutakoa»

Madeleine laukote donostiarrak disko berria kaleratu berri du uztailean. DabaDaban bi egunetan aurkeztu ostean, hurrengo emanaldiaren zain lasai itxaron beharko dute orain haien zaleek, ez baitituzte kontzertu asko ematen.

Madelein taldeko kideak. (Ibon GOIKOETXEA)
Madelein taldeko kideak. (Ibon GOIKOETXEA)

Jon Iñaki Benito Urteaga, Itzal Uranga Ugarte, Jagoba Salvador Zaldua eta Gartxot Unsain Letonak osatzen dute Madeleine taldea; edo hobeto esanda, Beni, Jago, Itzal eta Gartx dira. «Nik bere garaian amarekin izandako elkarrizketa batean, errieta egin zidan, amak ahanzturan geratzen direla-eta, eta abizenak esatekotan, hobe biak esatea», aipatu digu Gartxotek.

“Ezin dena” diskoa irekitzeko “Nola ekin” kantua jarri dute madeleinedarrek, eta horixe galdetu diogu Gartxot Unsain taldekideari: Nola ekin 2020an disko bat grabatzeari? «Gu ez dakit ohiko taldea garen edo ez, ohikoa diskoen garapen prozesuaren iraupenen denborak errespetatzerakoan diot, bi urte edo izaten delako normalean disko batekin pasatzen den denbora, baina guk ez dugu gehiegi jotzen, beste askorekin alderatuta, eta naturalki suertatu da ‘Su hura’ diskoaren zikloa bukatu eta kantu berriak sortu direla urte honetarako. Aurreko diskoarekin hiruzpalau urte eman genituen sortzen, hainbat kontu tarteko, eta hau esan daiteke 2020ko Madeleine dela, ez dela denboran hain barreiatutako diskoa. Eñaut Gaztañagaren etxera joan ginen eta astebetean grabatu, beste astebetez nahastu eta urtarrilerako diskoa bageneukan, baina egoeragatik hozkailuan eduki dugu orain arte gordeta», azaldu du Madeleineko kideak.

Diskoak argi asko du; doinuek itxaropenera eramaten gaituzte. «Pandemiak gauza negatiboak azaleratu dituela esan izan da, baina aurretik ere ikusten nituen nik. Psikologikoki, nire ustez, ez da pandemiaren eraginpean egindako diskoa. Melodia alaiak izan daitezke; letrak, berriz, akaso ez. Hori aurretik ere egiten genuen. Diskoan jaso ditugun sentsazio guztiak pandemiatik kanpora dagoen pertsona batek ere bizi izan ditzake, baina hori nire ikuspegia da; Itzalek akaso beste zerbait esan dezake. Eta alaiak gara, kolorezaleak gara, baina zalantzak ere izaten ditugu eta horiei ere abesten diegu, eta kobazulotik aterata abestea gustatzen zaigu», esan du Gartxotek.

«Zahartzen ari gara», esaten du “Ohiko bizi bat” abestiak eta «bai, noski zahartzen ari garela», esan digu Gartxotek. Post-rockaren bidea alboan utzi zuten eta oraindik ere estilo hori jorratzen dutela esaten diete. «Hamar urte dira post-rocka egiteari utzi geniola, baina hiltzen garen arte oraindik ere norbaitek izango du tentazioa hori egiten dugula esateko. Egia da kantu honetan riff garbi bat badagoela estilo horretara eraman gaitzakeena, baina besterik gabe. Musika paisajistikoagoa zen garai batean sortzen genuena, mantsoagoa, ideia berari bueltak ematen zizkiona eta kantu hau hiru minutu eta erdiko single rockero bat bezala ikusten dut, melodia eta goxotasun guztiarekin. Baina listo, gu kopiatzen saiatu ginen Isis edota God Is An Astronaut hor ditu post-rocka entzun nahi duenak», esan digu barrez Madeleine taldeko abeslari eta gitarra-jotzaileak. Gartxotek berak zakurraren mozorroa jantzita egin duen guztiak abesteko garaian eragin diola esan diogu: «Esperimentazio hori guztia lagungarria da amaigabea den ikaste prozesu honetarako. Zakurrarekin eta beste proiektuetan lortutako gaitasunak edota taldekideek dituzten gaitasunak nola ez ditut ba txertatutako nire kantatzeko moduan? Eta Itzalek ere sekulako aurrerapausoa eman du bere ahotsaren edertasun eta berezitasunaz jabetzen eta horri garrantzia ematen».

“Ezin dena” zuzenean defendatzeko erraza ez den zerbait dela aitortu digu; «zorionez, ez gara puristak eta ez gara obsesionatzen perfekzioarekin. Dagoeneko sekuentzia batzuk botatzen ditugu kontzertuetan, zailtasun handia izango genukeelako bestela geruza guztiak ongi defendatzeko, garenak garelako, lau taldekide. Egia da estudioko sentsazio soniko hori ez dugula entzungo kaskoetatik, baina gitarra jo eta abesterakoan sortzen den energia hori lortzen dugu. Hartara, bada disko hau, akaso, zuzenean gitarra eta ahotsak egikaritzeko zailtasun gehien dituena, konplikatuegia izan gabe jakina», aitortu du Gartxotek. Disko honetan hiru abesti Itzalen «bihotzetik eta burutik» sortu direla esan digu Unsainek eta beste hiru «Jagobaren laguntzarekin, etxe berean bizi ginenean» Gartxotek berak idatziak dira.

«Ohiko bizi bat zer den kuestionamendu hori badut etengabe, eta hori nik idatzia da; ez dut zama Madeleineko gainerako kideen gainean jarri nahi. Batzuetan sentitzen dut munduan nik bakarrik ikusten ditudala gauzak desberdin eta jendea ez dela ohartzen gauza batzuez, eta beste batzuetan alderantziz, ni bakarrik naizela munduan gertatzen denaz ohartzen ez dena. Hor, inguruari begira, ohikoak diren nahi eta anbizio horiekin bat ez egitearen sentsazioa izaten dut eta zahartzen ari gara. Gazteagotan dena ziren sentsazio naifak eta ondoriorik ez zuten gogoetak eta erabakiak, baina konturatzen zara denbora aurrera doala eta norberak bizitzan hartzen dituen hautuek pisu handiagoa dutela errealitatean 20 urterekin baino. Hortaz, diru, ume, habia, opor, laukote horri, aulki horri, kantatu diot, badirudielako oreka emozionala horrek ematen duela 30 urterekin: diruak, etxeak, umeak eta gauza horietatik ihes egiteko oporrek. Eta deigarria egiten zait, ez nago aulki hori puskatu nahian, baina oso urrun topatzen naiz hortik eta sentsazio batzuk sortzen ditu nire baitarako. Prekaritatea onartzea, kontzertu bat eman eta denak bost inporta izatea… Hori guztia ez dakit benetan bizirik sentitzearen zati den edota axolagabekeria handi bat. Horregatik diot ‘nahiko nizuke ohiko bizitza bat eman’ aulki horretan eserita dagoenari esaten diot, baina nik, ez dakit zer den», azaldu du Gartxotek.

AHTaren kritika metaforikoa

“Nahieran” kantuak sumendiak zulatzearen metafora bat erabiltzen du eta bideak laburtzeari buruz ere hitz egiten du: «AHTaren kontu hau guztia aipatzeko gogoa sentitzen nuen, baina ez modu zuzenean. ‘Abiadura handiko herren’ horrekin gure bizitzaren erritmoaz ere ari naiz, ‘erraien bailaran’ esatean erraiak eta errailak lotu eta ‘sumendiak zulatzen’, bada, mendiak eta gure barruak zulatzen ditugula esan nahi nuen. Hortaz, gaur egungo gizartearen abiadura eta AHTari buruz egindako gogoeta bateratu ditut. ‘Iristea bada xede’, hau da, bidea ahazten badugu eta dena bada helburua, ez dugu ezer sentitzen, zertan ari gara? Izenburuak ere egiten dio aipamena gaur egungo gizarteari; izan ere, dena daukagu nahieran, baina ez dakigu zer eta nola nahi dugun», egin du gogoeta Gartxotek.

“Bestalde eza” kantan, hitzen joskerak ere maitemindu gaitu, «eta ez da oso argia izan behar harreman afektibo baten bukaeraz ari naizela jabetzeko, baina ez da desamodioari idatzitako ezer. Barne uda prozesu latz bat izan daitekeela esaten dut bertan, negu bilakatzen dena eta udaberri bat atera behar dela hortik aldarrikatu nahi dut, ikasketa prozesu moduan ulertuta; hala ere, hori bilatzen ari zaren bitartean ez duzu negu hori sentitu nahi eta udazkena ere nahi duzu, hasierako uda hura sentitzeko berriz ere. Urtaroekin halako hitz-joko bat egin dut eta, akaso, jendeak gauza asko ez ditu ulertu, eta gustatzen zait, oso pertsonalak direlako: zergatik ate bat lehen eta orain bi dira? Zergatik daude galtzerdi batzuk? Eta katu bat? Baina tira, hori nire bizipenen baitan gorde nahi dudan zerbait da. Kantu epikoena, akaso, hau izango da, sabaia jotzen duena, eta oso harro gaude. Etxean sortu nuen eta dena bateria elektronikoekin eta horrela aurkeztu nien, eta uste nuen ez zutela onartuko, eta emaitza entzunda, Madeleienen ohikotasunetik ihes egiten badu ere, nire ideia hori taldeak bere egin du eta oso pozik gaude emaitzarekin», nabarmendu du donostiarrak.

Familia handi baten osaketa

Eñaut Gaztañarengan sekulako konfiantza dutela ere kontatu digu Unsainek eta galdetu diogu ea ekoizpenean lan handia dagoen: «Ez dakit esaten asko, gutxi edota erdizka, baina ez diegu mugarik jartzen inoiz kanpotik egiten dizkiguten ekarpenei, eta hori, gainera, aspalditik ezagutzen duzun lagun batek, anaia ez biologikoak, egiten badizu, bada nola ez. Hortaz, egon daitezkeen efektu, pedal, filtro, sintetizadore guztiak estudioan egin dira eta baita letra batzuk ere. Gainera, gu ez gara oso stories zaleak talde bezala, eta, egun batez, txiste moduko bat egin genuen grabaketa batean Eñaut gitarra jotzen ari zela, esanaz bezala zati zailak berak joko zituela. Hala ere, ez nuke esango estudioan lokaletik eraman genuen ideiatik asko aldatu dugunik».

Diseinua Gatza Factoryko Imanol Sesmak egin die eta azalpenik ez duen horietakoa da. «Istripu polit bat izan da. Gu pozik gaude, nahiz eta gure tentsio indibidual eta kolektiboak ere izaten ditugun. Baina sekulako familiaren parte sentitzen gara, inguruan ditugunek ere, gure musikaz harago, gure lan egiteko moduarekin eta gauzak ulertzeko moduarekin bat egiten dutelako. Hortaz, sekulako altxorra daukagu inguruan. Horietako bat da Imanol Sesma, nire unibertsitate garaiko laguna, orain dela gutxi arte Sofa taldeko bateria-jotzailea zena, orain aita puska eginda dagoena; Zumaiako aita onena da, eta sekulako talentua eta bihotza ditu. Oker ez banago berak esan zigun, ‘aizue, marrazki hau egin dut eta akaso diseinurako balio dezake’ eta gu ere hor galduta genbiltzala, bada dena berak egin du; diseinua eta maketazioa», esan digu Gartxotek.

Uztailean DabaDaban bi kontzertu eman zituzten eta sekulako feedback ona jaso zuten kontzertu haien inguruan. «Horrelako kontzertu bat ez da oholtzan zauden une hori bakarrik. DabaDabako kontzertu horietarako izugarri entseatu behar zen, kurtso bukaeran ginen, bakoitzak bere lanak ditu, etorkizunerako planak, sarrera batzuk agortu eta bigarren kontzertua martxan jarri behar, horren logistika, gonbidapenak, materiala, teknikaria, diru kalkuluak, merchandisinga… Hainbeste gauza daude eta halako urduritasuna sortzen dute. Kontzertuak baino gehiago kezkatzen naute ni halakoek; akaso, adarbakar samarra izango naiz baina… kontzertua nola ez da bada ongi joango, sekulako gogoz bagara gure kantuak aurkezteko? Hori guztia esanda, nik uste oso txukunak izan zirela bi emanaldiak eta hartu genituen erabakiak onak izan zirela. Estanis soinuan eta Gaizka argitan izan ziren eta horrek plus handi bat eman ziola uste dugu. Lokalean bagina bezala aritu ginen, garen laukote zelebrea gara, ez dugu oholtzarako pertsonaiarik sortzen eta ahalik eta ondoen aurkeztu genituen gure hamalau abestiak. Guk ere feedback oso ona jaso dugu; hortaz, gure urduritasun horiek guztiak baretu ziren iritzi horiek jaso ostean».

Dena dela, lasai hartuko dute aurrera begirakoa: «Etorkizunari begira bakoitzak bere gauzak ditu, baina uda ostean joko dugu, oso egoera puntualetan eta maite ditugun tokietan. Talde dinamika batean lau pertsona gaudela ulertu eta lau bizitza daudela ulertu behar duzu; bakoitzak bestearen abiadurak errespetatzen ditugu. Gu ez gara inoiz izango ostiral, larunbat eta igande eta hurrengo asteburuan berriz jotzekoak, baina aukerak etortzen direnean joko dugu bihotzean gordeta ditugun txoko horietan, presarik gabe, guk nahi dugun tokian eta guk nahi dugun moduan». Bitartean, beren etxea gure ere bilakatu dute, eta Bandcampen dago “Ezin dena” entzun eta eskuratzeko moduan.