Ramon Sola

Uruguai eta Ipar Irlanda, polizia eredua eraberritzen

Gerrillari tupamaro izandako Eduardo Bonomik gidatu zuen Uruguaiko polizia eredua eraberritzeko prozesua. Ipar Irlandan prozesu beraren abiapuntua ez zen gobernu aldaketa bat izan, bake akordioa baizik. Hala ere, batean zein bestean aurrera egitea ez da batere erraza izan.

SNPIko kideak, St. Patrick-en ospakizun batean. (WIKIMEDIA)
SNPIko kideak, St. Patrick-en ospakizun batean. (WIKIMEDIA)

Iratzar Fundazioko “Erria” aldizkariak argitaratutako polizia ereduari buruzko hausnarketa ez da Euskal Herriko egoera definitzera mugatu. Eraldaketa nola gauzatu daitekeen ere aztertu nahi izan du, eta horretarako bi kontinente ezberdinetako bi prozesu aztertu ditu: Uruguain Frente Ampliok garatutakoa eta Ipar Irlandan Ostiral Santuko Akordioak abiatutakoa. Ikusten denez, oso bestelakoak dira prozesuok, jatorriz eta izatez, baina ibilbidean antzeko oztopoak topatu dituzte.
Tupamaroen Nazio Askapenerako Mugimenduaren (MNL-Tupamaroak) ordezkariek azaldu dute han egindakoa “Erria”-rentzat. Izan ere, prozesuaren lidergoa gerrillari ohi baten eskuetan utzi zuen Pepe Mujika presidenteak: Eduardo Bonomi «El Bicho» ezizenez ezagunagoa (irudian).

Hamahiru urtez preso izana zen Bonomi, 1972tik 1985era, hain zuzen ere. Kudeatu behar zuena diktadura militarretik zetorren Polizia Nazionala izanda paradoxikoa dirudien arren, aldeko eragina izan zuen aurreko jardun honek: «Polizia eragile batzuek mintzaide egokitzat hartu gintuzten, erakunde armatu baten funtzionamendua jakin eta ulertu genezakeen neurrian, Frente Amplioren beste sektore batzuek baino hobeto behintzat», adierazi dute tupamaroek.

30.000 poliziakide biltzen ditu erakunde horrek eta 60ko hamarkadatik militarren gidaritzapean zegoen, baina are estuago 1973. urtean diktadura formalki ezarri ondoren. Ondorioz, «oposizio politikoa mehatxutzat jotzen zuen», ezkerrekoak nagusiki baina ezkerrekoak ez zirenak ere bai. Hori dela-eta, lehentasunetako bat «poliziaren izaera zibila berreskuratzea izan zen», eta horrekin batera, delituaren errepresio irizpidearen ordez prebentzioarena ezartzea eta barruan hazitako ustelkeria ezabatzen saiatzea.

2010. urtean ekin zioten lan honi. Ezer baino lehenago, Poliziaren funtzionamendua nolakoa zen ikasi behar izan zutela aipatzen dute. Lege Organikoa aldatu zuten gero, 2015ean, «prozesuan Polizia Nazionaleko agintari batzuk inplikatuz, zegokien tokia emanez eta profesional gisa aitortuz. Erabaki politikoa Gobernuarena izan zen», edozein kasutan.

Izendapenetan zein formakuntzan eragin behar izan zuen Bonomik. Lehen urrats gisa, nagusi karguetan poliziakide profesionalak kokatu zituen Barne Ministerioak, aurreko «figura politikoak» alboratuz. Polizia hezkuntzaren sisteman unibertsitatetik zetozen irakasleak txertatu zituzten, egin beharreko aldaketa kulturalak sustatzeko, oinarrizko kontzeptu batzuk errotik aldatu behar zirelako («poliziakideak ez dira aberatsen tresna izan behar, hiritargo osoaren eskubideen bermatzaileak baizik»).

Policía Comunitaria delakoaren sorrerak ere mugarri bat suposatu du, nahiz eta «ezin izan den merezi duen mailan garatu. Herritarrek estimu handiz hartu dute, baita kide kopurua handitzeko eskatu ere, kasu askotan bikain jokatu duelako». Erakunde honek herritarrekin lotura estua du, lehenengo arreta eskaintzen duena da. Horrekin batera, «segurtasun arloan edo herritarren kezken aurrean orientatzaile funtzioa izan beharko lukete, bai eta prebentzio eraginkorra ahalbidetzeko ere».

Arazo batzuk eta balorazio gazigozoa

HHamabost urteko ibilbide hori ez zen guztiz baketsua izan, jakina, baina MNL-Tupamaroek nabarmentzen dutenez, mobilizazio handien aurkako polizia oldartzeak eskasak izan ziren. Bigarren Mailako ikasleen kontrakoa aipatzen dute, zeinean «ezkerreko militanteen kontra –gure kideak zirenak zenbait kasutan– egin zuten [polizia indarrek]. Gehiegikeria batzuk gertatu ziren eta polizia eraldatzearekin lerrokatuta ziren agintari nagusien bitartez kontrolatu zen. Emandako irizpideetatik urruntzen ziren poliziakideak segituan erretiratzen zituzten. Gainera GoPro kamerak jarri genituen, berme gisa, bai herritarrentzako bai poliziakideentzako. Horrekin poliziak egindakoa garbi aztertu ahal izan genuen, baita Gobernuaren eta Poliziaren kontrako salaketa batzuk gezurtatu ere. Teknologiak, oro har, polizia jarduna epaileek eta herritarrek kontrolatzea ahalbidetu du», nabarmendu dute.

«Barras bravas» direlakoak izan dira beste buruhauste bat eraldaketa honetan; indarkeria erabiltzen duten futbolzale elkarteak, hain zuzen ere. Ezkerreko jendea bildu ohi dute, baina gehienetan eskuinekoak diren futbol kluben ordezkariek manipulatuta daudela eta zenbait delitu antolaturako egiturekin lotura dutela ekarri dute gogora tupamaroek. «Hori kontrolatzea asko kostatu zitzaigun –onartu dute–. Neurri batean lortu genuen; batetik, kluben zuzendaritzekin elkarrizketa eta tinkotasuna erabiliz eta, bestetik, beste aldera egiten zuten poliziakideak kontrolatuz».

Mujicarekin (2010-15) zein Tavare Vazquezekin aurretik zein gero (2005-10 eta 2015-20 legealdiak), hiru gobernu ezberdin ahalegindu dira eraldatze prozesu honetan. Trantsizio horren balorazioa gazi-gozoa da. MNL-Tupamaroek autokritika erabiltzen dute, esaterako, Polizian sartzeko prozesuan betikotzen zen jarrera ezin izan zutela apurtu aitortuz: «‘Polizia familiatik’ datoz gehienak oraindik ere, etxetik kultura polizial zaharraren balio eta usteak ekartzen dituztenak alegia, eta egin beharreko aldaketa kulturala oztopatzen du horrek».

Barne arazoak ere ez dituzte ezkutatu tupamaroek: «Aldaketa prozesu honek ez zuen inoiz ezkerraren barruan erabateko atxikimendurik izan. Desadostasunak asko eta etengabeak izan dira. Gure erakundearentzat, Barne Ministerioan politikoki lan egiteak kontraesanak ekarri zituen».

Irakaspen gisa, hauxe: «Erakunde politikoan eta kudeaketan dauden lagunen artean lotura eta iritzi trukaketa behar-beharrezkoa da. Dibortzioa gertatzen da bestela, hausturak eta akatsak, maila pertsonalean hasi baina azkenean erakunde politikora pasatzen direnak. Etorkizunari begira asko da eztabaidatu, zuzendu eta ikasi beharrekoa».

Ipar Irlanda; bi komunitateen polizia helburu

IIpar Irlandan abiatutako eraldaketari dagokionez, Iratzar Fundazioko kide den Elena Belokik aztertu du prozesua “Erria”-ren monografiko honetan. «Kontrol demokratikoa» eta «komunitatea» ardatz izan dituela laburbildu du.

Kasu honetan sustraiak 1998ko bake akordioetan dira. Horietan bi instituzio erreformatzeko beharra nabarmentzen zen bereziki: polizia eta justizia. Gogoan hartu behar da 1921ean Irlanda zatiturik geratu zenean Iparraldean RUC (Ulsterreko Errege Polizia) sortu zela eta geroztik «britainiar burujabetza eta boterearen adierazle iraunkorra izan dela, britainiarrentzako funtsezko estatu agentzia». Datu esanguratsu bat emateagatik, 1969tik 1998ra bitartean polizia horren kidegoaren %92 komunitate unionistetakoa zen. Kolore bakarreko polizia, beraz, beltza ala txuria zen gizarte baterako.

Erreformarako Batzorde Independentea delakoak (Chris Patten politikari kontserbadore britainiarra buru, irudian) «polizia desmilitarizatzea eta gorputz hau komunitatearen zerbitzura jartzea gomendatzen zuen». Horretarako, besteak beste, polizia bi komunitateetako kideek osatu beharko lukete («hamar urtez 50/50 irizpideari segituz») eta erakunde publikoen aurrean erantzule izan behar zuen. Uniformeak, intsigniak, ekipamenduak eta izena bera aldatu behar izan ziren: RUC zaharra PSNI bihurtu zen (Police Service of Northern Ireland).

Horretarako, besteak beste, polizia bi komunitateetako kideek osatu beharko lukete («hamar urtez 50/50 irizpideari segituz») eta erakunde publikoen aurrean erantzule izan behar zuen. Uniformeak, intsigniak, ekipamenduak eta izena bera aldatu behar izan ziren: RUC zaharra PSNI bihurtu zen (Police Service of Northern Ireland).

Oso zehatza izan zen prozesuaren definizioa, 175 gomendio bilduz eta horiek inplementatzeko batzorde bat sortuz. Hau desegin zenean, zazpi urte geroago, gomendioen %82 beteak ziren. Beste era batera esanda, «Pattenen taldeak proposaturiko gomendio oro ez zen inplementatu eta poliziak nahi baino botere gehiago bildu du gehiegizko profesionaltasunak komunitatearen inplikazioa ekidin duelako», ondorioztatu du Elena Belokik.

Izan ere, eraberritze prozesua hiru arlotan artikulatzen zen: «Poliziaren gaineko kontrol demokratikoa», «polizia zerbitzuaren profesionaltasuna» eta «komunitatean oinarritua izatea». Lehenari dagokionez, ararteko bat sortu zen, poliziaren aurkako salaketak aztertzeko arduraduna dena. Bigarrenik, polizia profesionalizatzen joan da. Eta hirugarren atalean, «komunitatearen eta poliziaren arteko elkarrizketa areagotu da, poliziarekin harremana egiten duten batzordeak sortuz».

Txanponaren beste aldean, «begi bistakoak izan ziren RUCeko polizia kargu batzuk baztertzeko erresistentziak» eta oro har «antolakuntza aldatzeko adore falta». Eta horrekin batera, agerian geratu da «iraganak oraindik pisatzen duela eta errepublikarren komunitatearen kontrako gerra zikinaren eta Estatu mailako kolisioak egindako hildakoen hainbat dosier itxita edo ikertzeko mantentzeak ez duela konfiantzarik sortzen lagundu» (irudian, RUCek eragindako sarraskietako bat, 1972ko Bloody Sunday-a, Derryn).

Pattenek PSNIn planteatutako oreka ez da guztiz lortu, bestalde, prozesua abiatu zenetik hona aldaketa nabaria egon den arren: 2001. urtean poliziakideen %8 baino ez ziren errepublikanoak eta 2011. urtean, aldiz, %30era iritsi ziren. «Gaur egun, baina, beste taldeen inklusibitatea ere eskatzen du errepublikar komunitateak: gutxiengoak eta emakumeak»; hauxe hurrengo erronka.