Herrialde batzuek, Peruk eta Hegoafrikak kasu, covid-19 kasu pila izan dituzte baina txerto gutxi jaso dituzte. Horiekin konparatuta izurriaren eragin txikiagoa (hilkortasunari zein ekonomiari begiratuta) jasan duten herriek hartu dituzte dosi aunitz, azterlanaren egileetako batek, Caroline Wagnerrek, nabarmendu duenez.
«Espero zitekeen bezala, txerto ugari jaso dituzten eskualde aunitzetan kasuak izugarri gutxitu direla ikusi dugu. Txertoak eskas dituzten inguruetan kutsatzeak gertatzen ari dira, ordea», erantsi du bertze autore batek, Chadi Saad-Royk.
Dosiak, txertatze tasak eta immunitatearekin lotutako erantzunak kontuan hartuta irudikatu zuten ikerlariek covid-19 kasuen intzidentzia. Bi inguru hartu zituzten eredu bezala: bat txerto ugari jasotzeko ahalmena zuena eta bertzea horretarako aukera txikia zuena.
Infekzioen larritasuna txikitzeko «hagitz baliagarriak»
Orokorrean, lehenbiziko inguruan txertoak jartzeak positiboak murriztu zituela ohartu ziren. «Txertoak infekzioen larritasuna txikitzeko hagitz baliagarriak direla dirudi, hortaz, osasun publikoari mesede handia egiten diote», azpimarratu du ikerketaren bertze arduradun batek, Michael Minak.
Autoreok aitzinetik egindako lan batean ere oinarritu dira txertoen banaketaren eskema ezberdinen arabera birusak zer bilakaera izan ditzakeen aztertzeko. Beren ereduan, immunitate partziala duten pertsonak behin eta berriro kutsatzeak, positibo izan direlako edo txerto dosi bat jaso dutelako, aldaera berriak garatzea eragin dezake.
«Oro har, modeloek aurreikusten dute txerto gutxi jaso eta kasu ugari dituzten landa guneetan birusa garatzeko aukera handiak egonen direla. Aitzinetik kutsatuak izan diren pertsonak bigarrenez kutsatzen diren egoeretan, txertoen banaketa ezberdinak arazoak sortuko dituela dirudi», ohartarazi du ‘Science’ aldizkarian plazaratutako ikerketa honen egile nagusiak, Bryan Grenfellek.