Mundu osoko 633 kritikarik aurten sariz betetako uzta lortu duen ekoizpen estatubatuar hau hautatu dute 2020ko uztailaren 1etik aurrera estreinatutako film guztien artetik.
Beste lau finalistak hauek izan dira: lehenik, Thomas Vinterbergen ‘Druk / Another Round’, sari ugari irabazi zituena, besteak beste, Europako film onenaren saria eta Gizonezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra lau protagonistentzat Donostian, eta Nazioarteko Film Onenaren Oscar saria. Bigarrenik, Jasmila Zbanicen ‘Quo Vadis, Aida?’, Veneziako zinema-jaialdiaren aurreko edizioan parte hartu eta Oscarrerako izendatu zena; hirugarrenik, Alexandre Koberidzeren ‘Ras vkhedavt rodesac cas vukurebt? / What Do We See When We Look at the Sky?’, aurreko Berlinalean lehiatu eta Fipresci saria eskuratu zuena; eta laugarrenik, Radu Juderen ‘Babardeală cu bucluc sau porno balamuc / Bad Luck Banging or Loony Porn’, Urrezko Hartza Berlingo 2021eko zinema-jaialdian.
‘Nomadland’ Chloé Zhaoren hirugarren film luzea da., ‘Songs My Brother Taught Me’ (2015) eta ‘The Rider’ (2017) zuzendu ondoren.
Nazioarteko kritikoen sari hau ‘Nomadland’ (Perlak, 2020) filmari egiten zaion azken aintzatespena da; izan ere, Venezian 2020an Urrezko Lehoia irabazi ostean, hainbat golardo bereganatu ditu filmak, besteak beste, film dramatiko onenaren, argazki zuzendaritza onenaren eta zuzendari onenaren Golden Globe sariak, film, zuzendari eta emakumezko aktore protagonista onenen BAFTA sariak eta film onenaren, zuzendari onenaren eta emakumezko aktore protagonista onenaren Oscar sariak.
Sortu zenez gerotik (1999an), zinemagile paregabe ugarik eskuratu dute Fipresci Sari Nagusia, hala nola hauek: Pedro Almodóvar, Michael Haneke, Cristian Mungiu, Jean-Luc Godard, Richard Linklater, Roman Polanski, George Miller, Maren Ade, Aki Kaurismäki, Paul Thomas Anderson eta Alfonso Cuarón.
Saria 69. Donostia Zinemaldiaren inaugurazio-ekitaldian banatuko da. 2020an ez zen eman Covid-19agatiko krisiaren ondorioz jaialdiak eta estreinaldiak ezeztatzearen ondorioz.