NAIZ

Xarnegu eskualdean ikastola berria izanen dutela ospatzeko besta, irailaren 11n, Bardozen

Seaskaren laguntzarekin guraso talde batek Xarnegu eskualdean ikastola sortzeko sustaturiko egitasmoak aurrera jarraitzen du. Irailaren 11n kurtso hasiera ospatuko dute Bardozeko plazan.

Bardozen Seaskaren 38. ikastola sortuko da guraso talde baten bultzadapean. (Guillaume FAUVEAU)
Bardozen Seaskaren 38. ikastola sortuko da guraso talde baten bultzadapean. (Guillaume FAUVEAU)

Xarnegu eskualdeko haurrek herritik kanpora joan behar zuten orain arte ikasketak euskaraz egiteko. Baina orain aukera izanen dute herrian bertan. Izan ere, ikasturte berriarekin batera ikastola izanen dute Bardozen.

Azken urteotan egindako lanak eman duen emaitza ospatzeko besta antolatu dute, irailaren 11n, Lapurdi ipar-ekialdeko herrian.

Oroitzearren, badira zonbait urte guraso talde baten bultzadapean Xarnegu eskualdean ikastola sortzeko egitasmoa martxan jarri zela.

Seaskaren laguntza jaso zuen taldeak Herriko Etxearen onespena lortu zuen iaz bere ametsa egikaritzeko. Behin proiektua errailetan jarrita bai Bardozen bai inguruko herrietan ikastola sustatzeko lagun berriak xerkatzeko ahaleginak bizkortuko zituzten gurasoek.

Geroztik sostengu berriak heldu dira. Hala nola, haurrak txikiegiak baditu ere egitasmoa babesteko urratsa eman zuen Amaia Labordek. Ama honek Kazeta.eus hedabideari azaldu zionez «Bardozek ikastola bat behar du. Ez bada egiten, Beskoitzera joanen gara eta hori pena bat da».

Hedabide berean Maider Behotegi Bardozeko auzapezak oroitarazi zuenez herrian eskola publikoak garatu duen sail elebidunak arrakasta polita bildu du azkeneko urteetan.

«Eskola berri bat irekitzen denean, beti izan daitezke arrangurak beste eskolekin, baina badakigu familia batzuek beren haurrak ikastolan eskolatzen dituztela, beraz eskaintza gehigarri bat izanen da», azpimarratu zuen alkateak.

Hutsune bat betetzera etorriko da Xarnegu ikastola, baita Seaskaren sarean ere.

«Gure helburua da Iparraldeko haur guztiei ikastola baten aukera eskaintzea. Egia da Xarnegu eskualdean ez dugula ikastolarik eta hango haurrek kilometroak egin behar dituztela gertuen duten Beskoitzeko ikastolara joateko. Aukera baldin bada, eskaintza egin behar da», azaldu zuen, horren harira, Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak.

«Boga» kanpaina martxan

Pandemiak hala agindurik bigarren urtez Senperen Herri Urrats ospatzeko aukerarik ez bazen egon ere, 30 ikastolek hitzorduak antolatu zituzten iragan maiatzaren 9an.

`Boga´ goiburu hartu zuen kanpainaren bidez eskuraturiko dirua Seaskaren bosgarren kolegioa eraikitzeko erabiliko da.

Ekimen horrekin ikasturte berrian Xarnegu eskualdean bere ateak irekiko dituen ikastolari babesa eskaini zion Seaskako komunitateak.

Ipar Euskal Herriko 38. ikastola izanen da, eta bertako zuzendari Stephanie Chabayk orduan azaldu zuenez, «momentuz hiru urteko haurren lau familia dira, lauak Bardozekoak, eta emeki-emeki handituko den ikastola da».

Irailaren 11n, erran bezala, Xarnegu ikastolaren sartzea ospatzeko egitaraua osatu dute Bardozeko herriko plazan.

Hala, arratsaldeko 17.00etan `Herrialde urdina´ txotxongilo ikusgarria izanen da zineman. 18.00etan, Uhaldean taldearen laguntzaz eskuz pilota partidak antolatu dituzte eta horren ondotik aperitifa eta animazioak. 20.30etik goiti dantzaren unea izanen da, Arberoa txarangak animaturik.