Azken urteetan Eurocupeko final-zortzirenetaraino iritsi da Lointek Gernika Bizkaia, baina aurten kostako zaio horraino iristea ere. Ostegun eguerdian Munichen egin den zozketan, multzorik gogorrena egokitu zaio talde bizkaitarrari; H multzoa, alegia.
Hasteko, La Roche Vendee talde frantsesa eta Vortus Bolonia italiarra. Horrez gain, irailaren 23an Carolo Basket frantsesa eta Piestanske Cajki txekiarraren arteko aurre-kanporaketa irabazten duenak osatuko du aipatu H multzoa. Multzoen fasea urriaren 14an hasiko da eta aurreneko norgheiagoka Virtus Boloniaren kantxan jokatuko dute bizkaitarrek.
«Zorte gutxi izan dugu zozketan», onartu du Mario Lopez, Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzaileak. «Talderik onenak eta zailenak pilatzen dituen multzoa egokitu zaigu itxura baten eta lastima da halako zorte txarra izatea, behingoagatik serie-buru izatea tokatu ondoren», deitoratu du entrenatzaile gernikarrak.
Aurkari oso ezagunak
Lointek Gernika Bizkaiak badaki La Roche Vendeeren aurka jokatzea eta irabaztea zer den, joan den urtarrilean Valentzian jokatu zen «burbuilan» bizkaitarrek 82-67 irabazi zuten, kankopo jaurtiketan sekulako erakustaldia eman ostean. Berriz, deskuidoan Carolo Basket sailkatuko balitz H multzoan jokatzera –bera baita talde txekiarraren aurkako kanporaketa irabazteko faboritoa–, gogoratu behar da talde honi ere irabazi egin ziola Gernikak joan den urtarrilean: 50-57, Nadia Colhadoren partida ikaragarriari esker, batez ere.
Bizkaitarrek egin duten moduan, talde hauek ere izen dezente aldatu dituzte joan den denboralditik hona. Iaztik Heriaud eta Ornella Bankole mantentzen ditu eta besteak beste Ziomara Morrison lako jokalari batekin indartu da talde frantsesa. Valentzian ez zuen itxura onegirik erakutsi, baina aintzat hartu behar da covid-19a dela-eta Estatu frantseseko taldeak oso partida gutxi jokatuta iritsi zirela joan den urtarrileko burbuilara.
Virtus Bolonia, aldiz, aurrenekoz neurtuko da gernikarren aurka. Italiarrek, hala gizonetan nola emakumeetan, sekulako diru inbertsioa egin dute eta Cecilia Zandalasini izarra berreskuratu dute dirutza mordoa ordainduta. Horrez gain, Ivana Dojkic, Brianna Turner eta Mysha Hines-Allen aintzat hartzekoak dira; estatubatuar biak WNBAn ari dira jokatzen uneotan, Zandalasinirekin batera, eta H multzoko aurreneko postua eramateko faborito garbiak izango dira, izenei so eginez gero behintzat.
Badaezpada, Carolo Basket taldeari buruz esan behar Miyem edo Turner erreferenteak galdu baditu ere, Marica Gajicekin indartu dutela beren taldea.
«Aurkariak oso zailak dira eta partida bakoitza irabazteko lanak izango ditugu. Baina lehiakor izateko itxaropenarekin ekingo diogu lehiaketa honi. Bestalde, oso garrantzitsua izango da Malostera jendea joan ahal izatea, etxeko partidak ateratzeko lagungarri izango zaigulako», onartu du bere aldetik Mario Lopezek.