NAIZ

Kabuletik kanpo, emakume afganiarren egoera are kezkagarriagoa da

20 urteko gerraren hondamendiaren ondoren, Kabul hiriburutik urrun bizi diren afganiarrek atzerriko tropak joan osteko lasaitasunaren eta talibanen erregimenaren pean gerta daitekeenaren beldurraren artean bizi dira. Egoera benetan kezkagarria bertako emakumeena.

Errefuxiatu afganiarrak Iranera iritsi nahian. (Mohammad JAVADZADEH/AFP)
Errefuxiatu afganiarrak Iranera iritsi nahian. (Mohammad JAVADZADEH/AFP)

Talibanen garaipenak eta Gobernuaren indarren errenditze masiboak nolabaiteko arnasa ekarri zien Afganistango herritarrei, gerra luzeak milaka hildako eta milioika pertsona etxerik gabe utzi baitzituen 2001etik.

«Jendea pozik dago. Ez da ustelkeria gehiagorik izango, eta agian ez da bonbardaketa gehiagorik izango», azaldu dio AFP agentziari Helmand probintzian dagoen Lashkar Gah hiriko kazetari batek.

Emakumeen etorkizunari dagokionean, premiazko galderak daude orain mahai gainean: lan egiterik izango ote duten, hezkuntza maila guztietan jaso ahal izango duten edo zer nolako harremanak eduki ahal izango dituzten.

Talibanek eragin txikiagoa izan ohi duten Kunduz hiriko eskola-zuzendari batek AFPri esan dio taldeak adin guztietako neskatoak hezteko aukera eman duela, baina segregazio hertsia mantenduz.

Gaineratu duenez, emakumeek neskatoei irakastea baino ez dago baimenduta: «Emakume irakasleak eskolara joan daitezke lanera, baina ezin dute gizonekin batera lanik egin». Beste agindu bat da ez dela musika edo kanturik onartzen.

Hala ere, bisitatu dituen ospitale eta merkatuetan emakumeak bakarrik -gizonezkoen «laguntzarik» gabe- ikusi ahal izan ditu. Bertako talibanei galdetu die, baina ez diote argitu neurriok «goitik» datozen edo tokian tokiko aginduak ote diren.

Egin dituzten lehen adierazpen publikoetan, talibanek behin eta berriz agindu dute 1990eko hamarkadan ezarritako erregimen basatia ez dela itzuliko eta gauzak beste era batera eginen dituztela. Ildo horretan, emakumeen eskubideetan lortutako aurrerapausoak errespetatzeko konpromisoa ere adierazi dute, baina soilik lege islamiarraren interpretazio zorrotzaren arabera.

Talibanen jarrera hori eszeptizismoz ikusten da, eta, horregatik, adituek galdetzen dute ea epe motzeko apustua den nazioarteko errekonozimendua lortu eta laguntzak jasotzen jarraitu ahal izateko.

Burka beldurragatik erabiltzen

Lashkar Gah-n atzerriko GKE batentzat lan egiten duen emakume batek dio etxean geratzeko esan ziotela talibanen mezuak eta asmoak argiagoak izan arte: «Ez nago pozik dirua behar dudalako». 

Talibanek oraindik ez dute gobernurik osatu, eta horrek ezberdintasunak eragiten ditu lurralde okupatu berrietan duten agintea ezartzeko moduan.

Lashkar Gah Unibertsitateko langile bat, bere lankide asko aste honetan lanera joaten ari zirela esan zuena, funtzionario talibanekin bildu zen datorren seihileko ikasketa planari buruz galdetu ziotenean. «Berria zen haientzat. Baserritarrak baino ez dira», esan dio AFPri WhatsApp bidez.

Hiriko emakume batzuek, beldurrak bultzaturik, burka erabiltzen hasi dira berriro, gorputz eta aurpegi guztia estaltzen duena, begietan ere oihalezko sareta bat daukana. Hegoaldean ohikoa da jantzi hori, kontserbadoreagoa delako.

Nolanahi ere, aurrez bizarra hazten uzten ez zuten gizonak atxilotzen zituzten talibanek orain ez omen diete trabarik jartzen bizarginarengana jotzen dutenei.

Irango mugatik 150 kilometrora dagoen eta persiar kulturaren eragina daukan Herat hiri kosmopolitan gizon eta emakumeek elkarrekin ibiltzen ziren pasieran gauetan. Hau dagoeneko ez da posible.

Kandaharren, Afganistango bigarren hiririk handienean (talibanen lehen erregimenaren hiriburua ere izan zen), modako kafe baten jabeak irekita mantendu du lokala. «Orain arte, talibanek ez dute inolako arazorik sortu», esan du, baina aitortzen du dagoeneko ez dela bertara bezerorik joaten.