Abuztuaren 25etik 29ra herri mugimenduen topaleku izango da Arteako Basoa, Iraultza Txikien Akanpadaren (ITA) bigarren edizioaren aterpe. “Piztuko dugu sua?” galdetuz animatu dituzte antolatzaileek Euskal Herriko luze-zabaleko herri mugimenduetako kideak parte hartzera eta elkarrekin konspiratzera.
2018an Zubietan egin zen ITAren lehenengo edizioa eta hango sugarrekin berpiztu asmo dute gizarte mugimenduen sua, berriz ere, Artean, pandemiak dena zeharkatzen duen arren edo, hobeto esanda, pandemiak dena zeharkatzen duelako, beste hainbat urgentzien artean. Andere Ormazabal, Amaia Mintegi, Pedro Juez eta Mikel Gomez NAIZekin izan dira bost egunetan Arteako Basoan gertatuko denari buruzko pistak emateko.
Kanpaldiaren helburu nagusiak dira Euskal Herriko gizarte mugimenduentzako topaleku izatea eta, topaleku horretan, herrigintzan interesa duen edozeinen artean aliantzarako espazio bilakatzea. «Akanpada irudikatzen dugu bizitza onaren ikuspegia izango duen gune bezala», zehaztu du Ormazabalek.
ITAren antolatzaileek badute eskarmentua bizitza erdigunean jartzeko praktikak garatzen, hala erakutsi zuten Zubietako edizioan. Esperimentu bat izan zen hura, herri mugimenduetako 400 lagunetik gora elkarrekin pentsatzera eta lankidetzan aritzera bultzatu zituena. Aliantzak sendotzea eta denboran luzatzea itu, kanpaldia bi urtetik behin egiteko asmoa zeukaten ITAko lagunek, baina pandemiak urtebete atzeratu du bigarren edizioa.
Andere Ormazabalek dio zaila dela neurtzea ea 2018ko kanpaldi horrek lortu zituen herri mugimenduen arteko aliantzak sortzeko helburua, baina nabaritu dute «lehenengo ediziotik bigarrenerako saltoan eragile berriek erakutsi zutela ekimenarekiko interesa. Maila horretan, saretze minimo bat egon da. Bestalde, borroka desberdinen arteko sinergiei dagokionez, baietz espero dugu, elkar ezagutzeko espazioak eman ziren eta ziur horrek aberastu duela mugimenduen arteko elkarlanerako espazioak».
Aurten Arteako Basoan lur hartuko du akanpadak, proiektu horrek, Amaia Mintegik azaldu bezala, konpartitzen dituelako ITAren balioak: «Basoak Arratia zein Bizkaia mailan azken urte honetan indar handia hartu du espazio horizontala delako, defendatzaileentzako espazioa delako eta migranteen mugimenduen bozgorailua delako: pertsonen gainetik, euren borrokaren leiho. Basoa etxe bizia da, esperientzien trukerako espazioa eta gure akanpadaren hainbat helburu konpartitzen ditu proiektuak».
Aniztasuna berme
Erritmo biziko bost egun biziko dira Artean datorren astean. Gutxi behar da hausnarketa kolektibora batzeko; lo-zakua, kanpina eta musukoa, eta gogo eraldatzaileak: 30 hitzaldi, mahai-inguru edo tailer izango dira guztira, eta 90 hizlari inguruk hartuko dute parte.
Askotariko gaiak jorratuko dituzte eta askotariko eragileak agertuko dira hauen inguruan hitz egitera. Hiru bloke nagusitan banatu dute egitaraua eta bakoitza espazio batean egingo dute. ‘Elkarrekin eraiki’ izango da blokeetako bat, «egun dauden alternatibak edo sortze-bidean daudenak ikusarazteko espazioa», Piter Juezek azaldu duenez, ‘Elkarrekin gogoetatu’ eztabaidarako espazioa eta ‘Elkarrekin borrokatu’, «izaera praktikoagoa» izango duen gunea.
Pil-pilean dauden eztabaidak edo datozen urteetan mahai gainean egon direnak ekarriko dituzte Basoara. Adibide batzuk emateko, bertan izango da Bilgune Feminista arrazakeriari buruz hausnartzen, hizpide izango dira Next Generation funtsak, espetxeak, ekologismoaren ertz desberdinak, intersekzionalitatea, bertan izango da Askapena Latinoamerikako esperientzia internazionalistei buruzko tailer bat ematen edo Nor taldea antiespezismoari buruzkoak esplikatzen.
Eragileetan eta edukietan, beraz, aniztasuna bermatuta egongo da, Ormazabalek zehaztu bezala, «lurraldea, generoa, adina eta kultura politikoari dagokionez». Baina ITAra batuko diren guztiek badituzte oinarrizko ezaugarri konpartitu batzuk. Funtsean, «beste mundu batean sinesten dugula, alternatiba eraldatzaileak lantzen dituztela», esan du Juezek.
Hitzen eta hizlarien aukeraketa egiteko, ITAren asanblada osatzen duten kideen iritziak bildu dituzte, asanblada gogoeta ezberdinak dituzten herri mugimenduetako lagunek osatzen dutelako. «Interes horiek elkartuz lehenengo galbahea pasatu genuen eta, ondoren, bestelako herri mugimenduetara jo genuen galdetegi baten bitartez zein eztabaida ekarriko zuten galdetuz», azaldu du Juezek.
Dena ez da borroka eta hausnarra izango, ordea. Aisialdiak eta kulturak izango dute tarterik Artean, baita haurrek ere, dagokien protagonismoa hartuta. Musika emanaldiak, bakarrizketak edo bertso-saioak izango dira bezain beste, eta haurren eremua jorratuko duen lantalde bat sortu dute espreski.
Bestalde, aurtengo akanpada ekintza berezi batekin amaituko da, abuztuaren 29an, igandean. Orain hiru urte Zubietako erraustegirako martxa baketsua egin zuten parte-hartzaileek eta Ertzaintzak gogor jo zuen haien aurka. Aurten, eukaliptoen kontrako martxa antolatu dute. Piter Juezek ohartarazi du, umorez: «Espero dugu ahalik eta jende gehiena animatzea eta, ahal dela, poliziarik ez agertzea».
Pandemiaren bueltan
Covid-19aren pandemiak zeharkatu ditu gizartea eta norbanakoen bizitzak Iraultza Txikien Akanpadaren lehenengo ediziotik hona, eta horrek eragina izan du herri mugimenduen lanean eta haien arteko harremanetan, harreman sozialak murriztu eta aldatu direnez gero. Zentzu horretan, «erronka» izango da ITA. «Akanpada herri mugimenduak saretzeko modua delakoan gaude, eta horretan gabiltza», nabarmendu du Mikel Gomezek.
«Pandemiak mobilizazioei eragin die, biltzeko ere arazoak egon dira. Pixkanaka-pixkanaka dinamika hauek guztiak berriro hartzen ari gara eta hau urrats bat gehiago bezala hartzen dugu, nahiz eta arduraz bizi dugun, badakigulako arazoak sortzen dituela», gaineratu du Andere Ormaetxeak.
Antolatzaileek gogorarazi dute aurten, covid-19a dela eta, ezinbestekoa dela aurrez izena ematea kanpaldian parte hartzeko, izan egunero joateko asmoa izanez gero edo ez. ITAren webgunean dago horretarako aukera. Zehaztu dute, halaber, pandemiak utzitako egoerari erantzun aproposa ematen saiatuko direla, eta atentzio berezia jarri dute, baita ere, erasoengan. Erasoen kontrako protokoloa aktibatu dute eta horren inguruko lanketa egiteko saioak ere antolatuko dituzte.